Espainiako Asobal liga munduko eskubaloi ligarik onena dela diote. Mundu mailako jokalaririk onenek jokatzen dute bertan eta Europa mailako txapelketetan bertako taldeak dira jaun eta jabe. Elgoibarrek ere badu ordezkaritza txiki bat liga indartsu eta lehiakor honetan. Eibarko J.D Arraten jokatzen du Unai Arrietak. Oso gazte hasi zen eskubaloian jolasten eta bost urte daramatza liga honetan. Asobal ligan jokatzen duzu, munduko ligarik onenean. Espero al zenuen horren urrun iristea? Ez, jubenil mailan fitxatu ninduen Bidasoak eta gauzak naturaltasunez gertatu dira ordutik, ez da bat–bateko kontua izan. Bidasoan lagun asko dituzu eta beraien aurka jolastu izan duzu. Lagunak kalean eta etsaiak pistan? Pistatik kanpo ondo konpontzen gara denok, baino pista barruan ez dago lagunik eta eman behar bada eman egiten da. Pentsa, talde barruan ere egurra egoten da entrenamenduetan. Konpetentzia izugarria da eta ez dago bromarik. Taldekideon arteko tratua zuzena da baina pista barruan lehia eta haserre handiak egoten dira. Jokalari bati postua kenduz gero, onera edo txarrera baina postua berreskuratzen saiatuko da. JDArrate Asobal taldea. Zuk pertsonalki, nola hasi zenuen denboraldia? Nahiko izorratuta. Aurre denboraldian oso ondo nenbilen, baina lesioak bata bestearen atzetik heldu zaizkit: txorkatila lehenengo eta bizkarra ondoren. Partidu batzuk ezin izan nituen jolastu baina iritsi ziren aukerak azkenean. Nolakoa da jokalari profesional baten aste normal bat? Aste barruko entrenamenduez gain asteburuetan partiduak egoten dira. Kilometro eta ordu asko pasatzen ditugu autobusean. Galduz gero, tentsio handia egoten da itzuleretan, batez ere, hanka sartzeren bat egin badugu. Muturtuta joaten gara, bakoitza bere eserlekuan eserita eta mugitu gabe. Nola igaro zenuen zure lehen denboraldia Asobal ligan? Zer aldaketa igarri zenituen? Partidurik jokatzeko aukera izan ez arren, entrenamenduetan igarri nuen erritmo biziagoa eta gogorragoa dela. Partiduak irabazteko ondo jokatu, daukazun dena eman eta 60 minututan kontzentrazioa mantentzea ezinbestekoa da. Fisikoki ere igartzen da aldea, bi metroko oztopoak baititugu aurrez aurre. Ze gomendio eman al diozu Asobal ligan hasi den berri bati? Ez naiz inor aholkuak emateko, baina kategoria honetan jokatzeko maila badauka, aukerak pazientziarekin edukiko dituela esango nioke. Zer da hegaleko postuak duen gauza zailena? Baloi gutxi iristen zaizkigula partiduan eta iristen direnak sartu egin behar dira. Eskubaloian ondo jokatzen denean hegaletara baloiak iristen dira, baina talde gutxik jokatzen dute ondo hegalekoekin. Hain zuzen, sailkapeneko lehen postuetan daudenek erabiltzen dituzte gehien hegalak eta horrek zerbait esan nahi du. Bizi al daiteke eskubaloitik? Bai, ni bizi naiz behintzat. Ondo pagatuta dago, askok edozein langilek baino soldata hobea daukate, baina aldeak daude. Hegalekook adibidez, gutxien kobratzen dugu. 17–18 urterekin nire soldatatxoa neukan eta bizi nintekeen, justu bazen ere. Galdar ekipora joan nintzanetik bizitzeko behar dudan dirua irabazten dut. Ezin da futbolarekin alderatu baina urte batzuetan ondo bizitzeko aukera ematen du. Orain Arraten jokatzen duzu, baina hona iritsi aurretik jokatu al duzu beste ekiporen batean? Elgoibarren hasi nintzen eskubaloian eta gero, jubenil mailan Eibarrera joan nintzen. C.D. Bidasoan eta Kanarietako Kadagoa Galdarren jardun ostean, berriz itzuli nintzen C.D. Bidasoara, eta orain Arraten ari naiz. LABUR–LABUR Gazteok pasiboak al zarete? Guztiz pasiboak. Zein hiru pibotetan oinarritu nahiko zenuke zure bizitzan? Zintzotasuna, apaltasuna eta errespetua. Musikari edo musika talderen bat? Gutxi landuta daukat gustu musikala. Festa egiteko herri bat? Edozein, umorea eta gogoa badago. Bertute bat? Pertseberantzia Akats bat? Pertseberantzia obsesio bihurtzen denean. Nor bidaliko zenuke bi minutuz kalera? Euskaldunon ulermena oztopatzen duen edonor. Eta nork merezi du txartel gorria? Espainiar nazionalismo zapaltzaileak Nola erasotzen diezu neskei? Ez dut aukerarik izaten. Defentsarik onena erasoa omen da, ados? Kontraerasoa Eta mutil batek maite zaituela esanez gero,nola defendituko zinateke? Gauzak naturaltasunez argitzen saiatuko nintzateke; saiatu gutxienez. Zerk ematen dizu lotsa? Nire buruari jarritako helburuak bete ez izanak. Esadazu aldageletako sekretu bat. Publikoarekiko gordetzen ditugun itxura desagertzen dira aldageletan. Biluzik geratzen gara. Bost segundo falta dira partidu amaitzeko. Baloia pasatu ala golera jaurti? Golera jaurtitzeko aukera izatea gustatuko litzaidake. Miresten duzun jokalari bat? Rafael Guijosa edo Pascal Hens Aurkari moduan baino zure taldean edukitzea hobe den jokalari bat? Asko daude, Didier Dinar, Ciudad Realeko frantziarra esaterako. Ligako jokalaririk zikinena? Mordoa daude, baina jokalari onek ez daukate zertan zikinak izan behar. Atezain gaindiezina? David Barrufet. Bera aurrean dagoenean ez da atea ikusten. Baina gure ekipoko atezaina, Malumbres ere oso ona da. Unai Arrieta Aizpurua (Elgoibar, 1981) Urtarrilaren 14an jaio zen Unai Arrieta Elgoibarren. Eskubaloia maite du eta hainbat taldetan jokatu ostean, gaur egun Eibarko Arrate taldean dihardu, Asobal ligan jokatzen duelarik. Gogor lan eginda iritsi da dagoen tokira, eta aukerak iritsi bitartean pazientzia edukitzea ezinbestekoa dela deritzo.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.