443 Zenbakia 2008-06-06 / 2008-06-13
Arabako Errioxaraino bidaiatu beharko dugu ekainaren 15ean aurtengo Araba Euskaraz festarekin bat egiteko. Euskaltzale anitzek emango diote babesa Bastidako Ikastolari. Egia esan, ez da lehenengo aldia herri honek Arabako ikastolen aldeko jaia hartzen duela, Bastidak esperientzia dauka horretan eta. Hirugarren aldiz egingo diote ongi etorria egun bereziari. Ibilbidea ikusteko, sakatu argazkia.
Egitaraua ere prest daukate antolatzaileek. Hiru gune atonduko dituzte ekaineko hirugarren iganderako. Non eta San Gines parkean, Tolo?o mendiaren magalean egingo dute topo milaka lagunek. Toki aproposa igande pasa egin eta euskara eta ikastolari laguntzatxoa emateko.
Hala, Musika guneko ekimenei 11:30etan emango diete hasiera. Sarkor, Governors, Txapelpunk eta Etsaiak taldeen txanda izango da eta 18:30ak inguru gune horretako ekintzek amaiera izango dute. Musika bizia maite dutenek, aurreneko gune honetan hitzordua egin dezakete zalantzarik gabe; ordubete inguru iraungo duten ikuskizunez gozatzeko parada.
Ibilbidean aurrera eginez, bigarren gunera iritsiko gara eta bertan, barietate ugarirekin egingo dugu tupust. Egunean zehar, globo aerostatikoa, puzgarriak, pintxo ugari eta nola ez, lur horiek eskaintzen duten mahatsetik ateratako ardoaz gozatzeko aukera mundiala bertaratzen diren ororen eskura. Ziur asko direla okasio hori baliatuko dutela aurrera jarraitu aurretik!
Azken gunean berriz, umeentzako erakargarri izango diren hamaika kontu topatuko ditugu, haiengan pentsatutako ekimenak egongo baitira. Egun osoan zehar tailerrak, animazioa, artisauak eta beste hainbat aktibitatetan parte hartu ahalko dute etxeko gaztetxoenek. Gainera, pailazoak, bertsolariak eta amaitzeko, Tapia eta Leturiarekin dantzaldia.
Arabako Ikastolen alde batu eta giro paregabean behar–beharrezkoa duten laguntza eskaintzeko aukera ederra ekainaren 15ekoa. Naturan, lagunartean, euskaran murgilduta... Animatu eta gerturatu Bastidara!
Egitaraua ikusteko, sakatu hemen.