442 Zenbakia 2008-05-30 / 2008-06-06
Industrializazioa Euskal Herrian XIX. mendean burutu zen Bizkaia eta Gipuzkoan. Geroago, XX. mendean, Arabara, Nafarroara eta Lapurdira heldu zen. Bergarako Algodonera lantegia.
Bergara 1846an igo zen industrializazio gurdira Algodonera San Antonioren eskutik; aurreko tradizioa, artisau erakoa, lantegietako makineriak ordezkatu zuen. Ekimen hau hiru lagunek burutu zuten: Baionako bi anaiek eta Huescako batek.
Enpresaren helburua ehun gogor eta iraunkorra ekoiztea zen, laneko arropa josteko erabiliko zena, hots, mahoia. Ehun mota hau, Txinan asmatua izan arren, Algodonerak eman zuen ezagutzera gure lurraldean. Jatorriz kanela kolorekoa baldin bada ere, Azul de Bergara deituriko urdin bereziarekin zabaldu zen munduan zehar. Hori lortzeko, kotoia, indigo tindatua eta inguruetako urak erabili ziren. Algodonera historian zehar
Lehen Mundu Gerran (1914–1918) Espainia neutral gelditzeak onurak ekarri zion Algodonerari, gatazkan zebiltzan nazioek honantz bideratu zituztelako beraien ehun eskariak.
Gerra Zibilean, Francoren tropek Bergara 1936ko irailean hartu zuten. Algodonera, orduan, laneko arropen ordez, militarren jantzi kakiak ekoiztera pasatu zen. Enpresa Burgoseko Intendentzia Orokorrarentzat hornikuntza iturri garrantzitsu bilakatu zen, eta gerrak iraun zuen hiru urteetan, langileek etenik gabe egin zuten lan. 1914. urte inguruko argazkia.
Algodonera denima (ehun bakeroa) ekoizten hasi zen 1970ean. Ordura arte, Bergaran lanerako eta ejertzitorako arropen ehuna egiten zen, baina handik aurrera moda mundukoa zen oihal bat ere ekoizten hasi ziren. Merkatu zabala zuen aurrean; bere bezero garrantzitsuenetako bat Levi’s Strauss enpresa izan zen, hornitzaile bakartzat zuena.
Beranduago, 1974an, TAVESA (Tintes y Acabados de Vergara S.A) sortu zen herriko hiru enpresa handienak elkartu zirenean: Narvaiza, Lasagabaster eta Algodonera. Bakeroak tindatzeak prozesu berezia eta inbertsio handia eskatzen zituen. Horregatik, bakarka egin beharrean, denek bat eginda aurrera egitea erabaki zuten.
TAVESA parte hartu ez zuten enpresen amaiera izan zen 80ko hamarkada. Enpresaren sorreran partaide izandako lantegietatik Algodonera gelditu zen partizipazio osoarekin. TAVESA taldea deseginik, egungo TAVEX taldea sortu zuten 1989an eta enpresak bere ekoizpen gaitasuna Valentziako bi lantegi erosita handitu zuen. Urtebetera, Marokon eraiki zuen beste lantegi bat eta 2002an, Mexikoko enpresa batekin elkartu zen. Inbertsio handiak eginez eta beste ekoizle batzuekin elkartuz, munduko bakero ehunaren ekoizle handienetakoa bihurtu zen.
Hala ere, Bergara laneko arropen monopolioa izatetik eta bakeroen ekoizpenean pisu handia edukitzetik, gaur egunean metro bakar bat ere ez ekoiztera pasatu da.