441 Zenbakia 2008-05-23 / 2008-05-30
Momentu honetan kable enpresa (ECN cablegroup) baten funtsezko materialak erosten ditut: aluminioa, altzairua...
Noiz hasi zinen lan horretan?
1972an. Urte bat geroago zerbitzu militarra egitera joan nintzen Saharara. Bueltatzerakoan mundu osoan egiten ziren kable erosketetan sartu nintzen lanean.
Amestutako lana al da?
Bai. Halere, aitak irakasle ikasketak egitea nahi zuen, baina ezetz esan nion. Ondoren, administraritzan lan egitea proposatu zidan eta berriro ere ezetz esan nion. Orduan merkataritza ikasi nuen eta orain nagoen enpresan erosketen sailean lanean hasi nintzen. Baina ingelesa eta frantsesa jakiteak salmenten sailean sartzen lagundu zidan.
Lehen esandakoari lotuta, zenbat hizkuntzatan mintzatzen zara?
Frantsesez eta ingelesez. Italieraz eta portugaleraz nahiko ondo moldatzen naiz baita ere.
Kableen salmentetan ez bazina egongo, zein lan edukitzea gustatuko litzaizuke?
Nire aita aberatsa izatea eta nik lanik ez egitea nahiko nuke. Hala, daukadan hobby bat jorratuko nuke: pailazoa izatea, hain zuzen ere.
Pailazo lanak egin dituzu noizbait?
Bai, Chetti anaiekin (Txema Blasco eta Tito Aldamarekin). Ni Aurpegi–zuri izeneko clown–a nintzen, pailazo argia, hain zuzen. Uste dut nahiko ondo egiten nuela eta gainera, primeran pasatzen nuen.
Harira joanez, zure lana dela eta asko bidaiatzen duzu, ezta?
Bai, bidaia ugari egiten ditut.
Zein izan da egondako azken lurraldea?
Amerikako Estatu Batuetan Little Rocken izan naiz, Arkansas estatuan, Clintonen jaioterrian.
Gogoratzen al duzu egindako lehen bidaia?
Lehenengoa Marokora, Casablancara izan zen. Autoen osagaiak saltzera joan nintzen, talde diferentzialetan nengoen garai hartan.
Eta zein izan da bisitatutako herrialdeetatik gutxien gustatu zaizuna?
Nigeria. Lurraldean dagoen babes gabezia eta pobrezia larriagatik. Ez zitzaidan ezer txarrik gertatu, baina gauean ezin nintzen kalera irten, toki seguruetan egon behar nuen...
Eta gehien?
Praga, Jordania eta Paris, batez ere. Edertasuna darie, gauza izugarriak daude ikusteko bertan.
Munduko zein txoko gomendatuko zenidake bidai bat egiteko?
Jordania eta Txina dira toki egokiak nire iritziz.
Eta aurkitutako jendeari buruz zer? Zeintzuk iruditu zaizkizu kaxkarrenak?
Musulmanak orokorrean. Uste dut europarrok beraien aberastasunak kenduko dizkiegula uste dutela, ez dira fidatzen.
Eta jatorrenak?
Txinatarrak, errusiarrak, ingelesak eta mexikarrak. Halere, txinatarrekin kontu handiz ibili behar da. “Txinatar bat bazina bezala engainatzen zaituzte” esaten denean alderantziz da, haiek zu engainatu nahi zaituzte.
Iruzur egin al dizute noizbait?
Ez, baina askotan saiatu dira.
Zenbat denbora egiten duzu leku bakoitzean?
Hilabete batetik egun bakar bateraino. Zoritxarrez, gutxitan ikusten dut bisitatutako lekua, baina asteburu baterako gelditzen baldin banaiz zorte pixka batekin hiria bisitatu dezaket.
Zer moduz daramazu familia–lana harremana?
Orain 55 urte betetzeko ditudala, oso gaizki.
Nora joatea gustatuko litzaizuke eta ez zara oraindik joan?
Australiara, baina oso zaila da, nahiko urrun baitago.
Norbaitekin joaten zara zure bidaietan?
Batzuetan bakarrik noa, baina AEB egin berri dudan bidaian, esaterako,tekniko batekin joan nintzen.
Konta iezaguzu bizitako esperientziaren bat.
Tunezen nengoela, zokoan sartu nintzen ni neu bakarrik kale batzuk ikusteko asmotan. Bat–batean gizon bat agertu zen alfonbrak egiten zituen kooperatiba niri erakusteko nahian. Ibiltzen hasi eta une batean nire inguruko guztiak tuneztarrak ziren eta beldur pixka bat sartu zitzaidan gorputzean. Ia ordu bat kostatu zitzaidan handik ateratzea. Hainbat kale, labirinto modukoak...sekulako zokoa zen hura!
Bukatzeko, gustatzen zaizu zure lana?
Bai, baina zahartzerakoan ditudan zaletasunak jorratu nahi ditut: marrazketa eta pailazoa izatea, eta ondorioz ez dut bidaiatzeko grinarik izango.
Eskerrik asko zure denbora eta arretagatik.
Ez horregatik.
Gizon harrigarri honek Anton Rico du izena eta nire osaba izateaz harro nago. Berriz eskerrak eman nahi dizkiot elkarrizketa onartzeagatik. Anton Rico (Gasteiz) Berrogeita hamabost urte ditu elkarrizketatuak, eta urteak daramatza kable enpresa batentzako materialak erosten. Hala ere, hori ez da bere ametsetako lanbidea. Arabar honek pailazo izatea nahiko lukeela baieztatzen du zalantza izpirik gabe. Gaztetan, clown izan zen, eta benetan gustuko zuen.