440 Zenbakia 2008-05-16 / 2008-05-23

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Aimara Arostegi Uriagereka. (Andra Mari Ikastolako zuzendaria): Animatu Ibilaldira, animatu euskararen motorrera etortzen!

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Ez. Izenean ez dago akatsik; Aimara da bere izena, m–rekin. Peru eta Bolibiako tribua da Aimara, Evo Morales ere, bertako kidea da. Baina Aimara Bizkaiko Gamiz–Fika herrian sortutakoa da eta Bermeon bizi da. Ama bermeotarra du, koadrila ere bertakoa, eta bihotza ere bermeotarra duela aitortzen du. Beraz, nondik datorkio izen hori? Ama originala dut! Horratx erantzuna. Nola iritsi da Gamiz–Fikako neska bat Zornotzako ikastolako zuzendari izatera?

Ikasketak amaituta hainbat tokitan lan egin nuen eta 2006an jakin nuen Durangoko Ibaizabal ikastolan lanpostu bat eskaintzen zutela. Nik administrari lan bat zela uste nuen, eta nire harridurarako zuzendari ordezkapena egiteko zen! Hori martxoan izan zen eta urte hartako udan Andra Mari ikastolako zuzendaria bazihoan eta niri eskaini zidaten kargua...

Aldaketa handia.

Bai! Mundu finantzarioan sartuta egotetik, ikastolako zuzendari izatera igaro nintzen konturatu gabe. Hala ere, ikastola bai, baina enpresa baten funtzionamendua ere badauka.

Eta zer moduz?

Egia esan, oso gustura, oso lan polita baita. Gainera, ikastolan haurtzaindegia daukagu eta egun makal bat edukitzen badut, hara egiten dut ihes txikitxoengana. (barre)

Ibilaldia zurekin iritsi zen Andra Marira...

Halaxe da. Lanean sartzeaz bat egokitu zitzaigun ardura hori! Urte eta erdi gabiltza prestaketa lanetan, eta maiatzaren 25ean gailurrera iritsiko gara.

Gailurrean, eguraldiari begira egongo zara ziurrenik.

Noski! Izan ere txarra egiten badu galera ekonomikoak izango ditugu, bai. Baina batez ere, urte eta erdi dena prestatzen ibili ondoren lan guztia pikutara joango litzateke. Hala ere, ona egingo duenaren konfiantza daukat, tokatzen da! (barre)

Geroz eta gutxiago geratzen zaizue emaitzak ikusteko.

Bai, orain zoramena da. Edozergatik zerbait aldatu behar bada, beste modu batera hartzen dira gauzak; nerbio gehiago dago, ez dakizu denbora emango duen aldatu beharrekoa moldatzeko. Maiatzaren 25a iristeko izugarrizko gogoarekin gaude.

Ibilaldiarekin batutako dirua zertarako erabiliko duzue?

Bigarren lerro bat ireki nahi dugu ikastolan, eta horri bultzada emateko baliatuko da dirua. Ikastola hazten ari da eta urtero gela bat gehiago daukagunez, beharrezkoa da bigarren lerroa irekitzea. Ez bakarrik datozenentzako, baita bertan ikasten ari direnentzako ere.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Zornotzan?

Nik herri honetako errealitatea ez dut ezagutzen. Ikastolan berriz, txikienek euskara erabiltzen dute, lehen berba euskaraz egiten dute. Baina nagusienek uste dute gaztelaniaz hitz egiteak “heldutasun” puntu bat ematen diela, eta askotxo erabiltzen dute. Eta hori aldatzen saiatzen gara, baina ez zigortuz edota debekatuz, baizik eta gazteei pentsaraziz zergatik erabiltzen duten gaztelania euskararen ordez. Kontzientzia bat sortzea, azken batean.

Eta zer moduz etorkinekin?

Gu ez gara horretarako lagin onena, gutxi jasotzen ditugulako. Hala ere, ikusi dudana da Hegoamerikako etorkinek zailtasun handiagoa dutela euskara ikasteko orduan japoniarrek, txinatarrek edota errusiarrek baino.

Gaiz aldatuta. Amore bi eta...

Herriari eta inguruari hemen gaudela gogorarazi nahi genion. Herriaren izenarekin jokatzea baino probokazio hoberik ez zitzaigun otu. Gainera, askok uste dute Amorebieta izena gaztelaniazkoa dela, eta Zornotza euskarazkoa. Eta ez da horrela! Jendeak beti du zeresana izen horren inguruan eta baita guk ere. Ikastola beraren amoreak, umeak eta hezkuntza dira. Baina gainera, hortik aurrera, asko: euskara, herria, Etxano... Eta gainera, Ibilaldia ikastolarena izango da, baina baita herriarena ere.

Aurtengo kantuan aurpegi ezagun ugari agertzen zaizkigu.

Hala da. Mikel Urdangarin bertako ikasle ohia eta osaba da, Nuuk–At taldeko abeslaria ere ikasle ohia, eta Xabier Amurizak letrak egin ditu. Bestelako estiloan ikustea arraroa egiten da. Baina bideoaren grabaketa ikusgarria izan zen, umeak autografo eske...

Zer nabarmenduko zenuke Ibilalditik?

Nik egitaraua baino, nahiago dut nabarmentzea jaso dugun laguntza handia. Mugitu den jende kopuruak eman dit atentzioa. Batzuk ikastolakoak, beste batzuk zerikusirik ez dutenak... Jendearen borondate onaz harrituta nago. Ikaragarria da, eta deigarria iruditzen zait. Zoriondu nahiko nuke gure koordinatzailea, Oihana Zubero, izugarrizko lana egiten ari baita. Baina noski, baita beste guztiak ere, hunkitu egiten bainaiz jasotzen ari garen laguntza ikusita!

Nola ikusten duzu Ibilaldiaren etorkizuna?

Ezinbestekoa da, baina ez soilik ekonomiari begiratuta, hori ez baitut ardatz nagusi kontsideratzen. Gaur egun euskaltzaleon artean ospatzeko jai bat dela iruditzen zait, giro egoki baten, naturan, askotariko ekintzekin eta adin eta kolore guztiontzako jendeari zuzenduta. Gainera, uste dut topikoetatik irten eta horrelako jai batekin ghetto bat garela esan beharrean, jende guztiari zuzenduta gaudela esaten dugula.

Gaur egungo kezka: gazteak eta alkohola.

Bai. Oso zainduta daukagun zerbait da, asko arduratzen baikaitu. Alkohol gabeko gunea egongo da, alkoholemia frogak egingo dira, eta gune bakoitzean prestatutako pertsonak, gazteekin hitz egiteko. Ez dut uste debekua bidea denik, hitz egin behar da.

Gonbidatu itzazu Euskonews Gaztearen irakurleak Ibilaldira.

Logoan bihotz bat agertzen da, eta bihotza motor garrantzitsua da, hori barik ez dagoelako bizitzerik. Amore bi eta, Zornotza. Azken batean motor bat dela esan nezake, Gasteiz, Bilbo eta Donostiatik gertu dago. Beraz, animatu Ibilaldira, animatu euskararen motorrera etortzen! Aimara Arostegi Uriagereka (Gamiz–Fika) Gamiz–Fika herrian sortua. Ikastolan ikasita, eta unibertsitatea amaituta, kontabilitate irakasle lanetan hasi zen akademia batetan. Ondoren arlo finantzarioan murgildu zen eta lan eskaintza bati erantzunda. Durangoko ikastola bateko zuzendari postua eskuratu zuen. Hortik Zornotzako Andra Marira, eta bertan dihardu gaur egun, zuzendari lanetan.