Euskonews Gaztea
Gaiak: Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldea
ALDABALDETREKU, Ane ALDALUR, Malen ANDONEGI, Aitziber
Mutrikuko Institutuko Prentsa tailerreko ikasleak (DBH 4. maila)
Gure Ametsa dantza taldea orain dela 43 urte sortu zen Mutrikun eta ordutik musu truk aritzen dira lan eta lan. Zehazki, 1965eko irailean herriko neska–mutilek Isasi mendira eginiko irteera batean hitz egin zuten lehenengo aldiz dantza talde bat sortzeko nahiaren inguruan. Taldearen izena, taldekideen artean aukeratua izan zen, eta ederki laburbiltzen du momentu hartako jendearen nahia: Gure Ametsa deitu zioten.
Hilabete batzuk beranduago, 1966ko urtarrilaren 5ean aurkeztu zioten taldea herriari. Beranduxeago, martxoan, dantza erakustaldia egin zuten Ederrena zineman, eta hurrengo saioa maiatzean izan zen frontoian. Ordutik makina bat dantza erakustaldi eta euskal jaietan aritu dira, bai herrian eta baita kanpoan ere. Taldearen eboluzioa
Dantza taldeak eboluzio naturala izan zuen, herritar batzuek ardurak laga ahala, beste batzuek hartu izan dute erreleboa, eta txikitatik ikasitakoa besteei pasatzen lanean aritu dira urteak joan eta urteak etorri .
Urteak aurrera joan ahala, Bizkaiko dantza egitetik, Gipuzkoakoak gehitzera pasatu ziren. Mutrikukoak ziren dantzak ere berreskuratu zituzten, jorrai eta sorgin dantzak, esaterako. Harrez gero, arduradunek hainbat ikastaro ere egin dituzte, eta dantza berriak herriratu.
Materialak, ordea, berdinak dira. Ondo zaindutakoa dela esan beharrik ez dago. Garai batean 150 gaztetik gora osatzen zuten taldea. Gaur egun, berriz, 50 dira, baina taldeari eutsi egin diote, haien gogoari eta taldeen ardura hartu duten herriko 13 nesken lanari esker. Ikastaroak
Orain dela hilabete ingurutik nesken taldeko nagusienek herriko txikienei dantzak erakusten dizkiete. Bestalde, arduradunak, nesken taldeko batzuen laguntzaz, herritarrei euskal dantzak erakusten ari dira, herrian euskal dantzen kultura susper dadin. Hala nola, arin–arina, fandangoa, herri dantza, larrain dantza, txulalai, txapeti, zazpi jauzi... ari dira ikasten.
Burutazio hau Lekeitioko dantza taldetik hartu zuten. Izan ere, bertakoek, Mutrikuko nesken taldea gonbidatu zuten dantza ikastarokoekin batera Lekeitioko kaleak euskal dantzaz betetzera. Euskal dantzak
Hamaika urte inguruko haurrak beste herri batzuetara joaten dira euskal jaietara eta bertan Euskal Herriko beste talde batzuekin batu eta elkarrekin herri desberdinetako dantzak elkartrukatzen dituzte. Adibidez, Oñati, Erandio–Goikoa, Portugalete, Azpeitia, Azkoitia... Bestalde, beste herrietakoak ere etortzen dira Mutrikura; esaterako, lehen aipatutakoak eta baita Ondarroa, Markina eta Durangokoak ere.
Euskal jaietan, dantza desberdinak erakustea helburu dutelarik, dantza–talde guztiak leku batean batzen dira. Goizean dantza taldeak banatu eta herriko txoko guztiak alaitzea da beraien helburua. Eguerdian, guztiak elkartu eta herritarren etxeetara edo elkarteetara joaten dira bazkaltzera; hori dela eta, herritarrei asko eskertzen diegu beraien laguntza. Arratsaldeetan, 5ak aldera, berriro elkartu eta Alardean talde bakoitzak bere herrietako dantzak aurkezten ditu.
Esan nahi dizuegu, euskal dantzak galtzeko arriskuan daudela eta hauek suspertzeko aukera izanik, Euskal Herriaren kulturaren zati garrantzitsu hau indartzeko ahaleginak egiteko eskatzen dizuegu. Euskal Herriak egiten ez badu, beste inork egingo ez duelako.