438 Zenbakia 2008-05-02 / 2008-05-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hogeita bosgarrenez... Herri Urrats!

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Mende laurdena, bide erdia. Lelo berezi hau aukeratu dute data esanguratsu baterako. Izan ere, maiatzaren 11n egingo dena 25. Herri Urrats festa izango da, eta antolatzaileek, milaka euskaltzalek urteroko legez Iparraldeko ikastolei babesa ematea espero dute. Seaska da Herri Urratsen antolatzailea.

Gaur egun gutxi gorabehera 2.000 ikasle ari dira euskara ikasten Iparraldeko 20 ikastola, 3 kolegio eta lizeo bakarrean. Eta noski, horiek mantentzeko diru–laguntza beharrezkoa dute. Izan ere, nahiz eta aurrera egin, beti dago zer hobetu eraikuntzei dagokienez. Eta horregatik antolatzen du Seaskak (aipatutako ikastetxeak batzen dituen elkartea) Herri Urrats. Senpereko lakua

Urte guzti hauetan zehar elkargune berbera izan dute euskaltzaleek maiatzeko bigarren igandean: Senpereko lakua. Hala, aparteko eszenatoki hau euskaltzaleek bertan bizitako hamaika abenturen testigu izan da: direla kontzertuak, maitasun istorioak, lehenengo mozkorraldiak, hanketan sortutako babak...

Ikastolen aldeko urteko lehenengo festa handia izanda, jende aunitz animatzen da Senpereko aintziraren inguruan ibilalditxo bat egin, zerbait jan eta gainera, askotariko ikuskizunez gozatzera. Baina noski, halako ekimen batetara joatean, argi daukagu ikastolez gain, euskarari ere laguntzen ziola; horretarako ere balio du, bai, Herri Urratsek. Herri Urratseko aurreko edizio bat.

Beste lurraldeetako festetan ez bezala, Herri Urrats beti egiten da toki berdinean. Zergatik? Arrazoi bat baino gehiago daude horren atzean. Hasteko, antolatzaileentzako askozaz ere errazagoa da prestakuntza lan guztiak egiteko toki finko bat edukitzea. Gainera, Senpereko Herriko Etxearen babes osoa dutenez, arazorik ez da izaten. Bestalde, antolatzaileen esanetan, horrelako festa bat egiteko behar den diruari dagokionez ere, gastu ugari murrizten dituzte.

Baina ez dute beti erraztasunak izan Senperen. Izan ere, hasiera hasieran ez zeukaten ez elektrizitaterik, ez urik, ez bide egokirik... Baina zorionez, gainditu dituzte traba gehienak, eta urterik urtera zerbitzu hobeekin egin dezakegu topo Herri Urrats festan. Esate baterako, aurten gurasoei laguntzeko asmoz, Haurren Xokoa izeneko tokia egokitu dute. Bertan fardel edo pixoihalak aldatzeko eta janaria berotzeko aukera eta beste hainbat zerbitzurekin egingo dute gurasoek, hain zuzen ere.

Zailtasunak zailtasun, beti egin dute aurrera Herri Urrats antolatzen diharduten lagunek eta hala erakusten du iazko edizioak. Astebete lehenago emandako uholdeek zalantzan jarri zuten festaren ospakizuna. Baina ordulariaren kontra lan eginez, aurrera atera zuten jaialdia, eta ahal zen neurrian behintzat, gustura geratu ziren.

Maiatzaren 11n eguraldi ona egiteko esperantza daukate. Zorte on!