437 Zenbakia 2008-04-25 / 2008-05-02

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Nerea Sanz. (Txistularia): Ezin daiteke txistulari moduan jardun ondo bizitzeko

SANZ, Maite

Gasteizko Olabide Ikastola (Batxilergoko 1. maila)

Gaur egun, txistua gero eta gehiago entzuten da; izan ere, Euskal Herriko folklorearen instrumenturik garrantzitsuena da trikitixarekin batera. Normalean danbolinarekin jotzen da, baita txistuko familiako beste instrumentuekin (silbotea?) ere. Instrumentu hau jai gehienetan ez ezik, orkestretan ere ikus dezakegu, Ansorena txistulari ospetsuarenean, adibidez. Baina txistulari baten bizitza nolakoa den hobeto ezagutzeko, 18 urteko txistulari gazte bat elkarrizketatu dugu. Nerea, zergatik aukeratu zenuen txistua jotzea? Betidanik nahi nuen musika ikastea eta ikastolan irakasten zuten instrumentu bakarra txistua zen, beraz lengoaia musikalarekin batera hori ikasten hasi nintzen. Hasieran pixka bat aspertu nintzen poxpolinarekin (txistu txiki bat) hasi bainintzen, baina hurrengo urtean txistuarekin hasi eta oso ondo pasatzen nuenez, geroztik hau jotzen dut. Nolakoa izan da zure ibilbidea kontserbatoriora heldu arte? Esan dudan bezala zazpi urterekin ikastolan hasi nintzen eta han bi urte igaro nituen. Gero, Madre Vedrunako musika eskolara joan nintzen, baina bertan oso denbora gutxi ematen nuenez eta gainera garestia zenez, Musika-etxera joan nintzen. Hala ere, hemen ere oso denbora gutxi ematen zen, beraz, Madre Vedrunara itzuli nintzen. Baina nire benetako helburua kontserbatorioan sartzea zenez, probetara aurkeztu nintzen eta hartu egin ninduten. Ordutik hiru urte pasa dira eta maila ertaineko 3. kurtsoan nago. Eta orain unibertsitatearekin... pentsatzen al duzu jarraitzea? Bai. Nire helburua maila ertaina bukatzea da, baina nahiko zaila iruditzen zait. Hala ere, saiatuko naiz eta ikusiko banu ezingo nukeela bi gauzak batera egin, bat utziko nuke. Asko ikasi behar al da txistulari ona izateko ? Bai, txistulari bezala bizi nahi baldin baduzu asko ikasi behar da. Baina ikastolarekin, kontserbatorioarekin eta gero ikasteko behar dituzun orduekin ez dago denbora askorik. Nik ordu eta erdi bat da kontserbatorioan ondo joateko atera ahal dudan denbora. Nonbaiten jotzen al duzu dirua lortzeko? Iaz Gasteizko jaietan jo nuen koadrila batetan nire lagun batekin eta nire ahizparekin eta gure asmoa errepikatzea da, oso ondo pasatzen baita. Baina noski, dohainik da. Bestalde, kontserbatorioan entzunaldiak daude eta han jotzen dugu txistulari guztiok. Baina dirua irabazi nahi baldin baduzu, lan egitea da hoberena: ezkontza, jaunartze eta bataioetan, esaterako. Bizi al daiteke txistulari lanetik? Egia esanda, ez. Ez dago lan nahikorik eta ez dute asko ordaintzen, horregatik jende askok du beste lan bat ondo bizi ahal izateko. Eta zuk bizi nahiko zenuke txistulari moduan ? Esan dizudan guztiagatik, ez; gehiago afizio bat bezala dut, baina ondo egon liteke diru pixka bat irabazteko, eta jakina, Gasteizko jaietan jotzeko etab. Nerea Sanz (Gasteiz, 1990) Nerea Sanz zazpi urterekin hasi zen Gasteizko Olabide ikastolan txistua jotzen, eta hainbat tokitan aritu eta gero, 14 urterekin Jesus Guridi kontserbatorioan sartu zen bere ikasketak serioago egiteko asmoz, eta orain arte bertan dihardu.