436 Zenbakia 2008-04-18 / 2008-04-25

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Sèrge Blanco. (Kirolari ohia eta promotorea): Entrepuentes proiektuak biztanle gehiago ekarriko dizkio Hendaiari eta honek izen gehiago emango dio hiriari

MANTEROLA, Mikel

Baionako Bernat Etxepare Lizeoa (Batxilergoko 1. maila)

Zubieta Hendaian. Proiektu honen ideia ez dakigu noizkoa den baina lehen zurrumurruak 2004.urtean entzun ziren. Paper eta formulario guziak betetzerako, 2006an ginen. Obrak duela gutxi hasi ziren. Higiezin proiektu honen ideia Vicente Del Bosque Real Madrileko entrenatzaile ohiak eta Sèrge Blanco Hendaiako talasoterapiaren jabeak ukan zuten. Eraikuntza honetan, 35 saltegi eta 400 apartamentu eraikiak izango dira. Hiri erdian izango den berrikuntza honekin, Hendaiako biztanle kopuruak 15.000tik 17.000 ingurura joango dela pentsatzen dute. Etxebizitza hauen jabeen %90a Donostiako jendea da eta beste %10a ordea ez da oso urrutikoa, Gipuzkoako beste herri batzuetatik datozenak baitira, Irun, Hondarribia, Errenteria... Sèrge Blanco proiektu honen egilearekin mintzatu gara eta hau atera da elkarrizketa honetatik: Proiektu honen helburua zein da? Proiektu hau Del Bosquerekin eramaten dudan inbertsio bat da, honen helburuak Hendaiaren handitzea da alde batetik, eta bestetik, hiri honen erdigunea edo zentroa gehiago garatzea. Honela hendaiarrek egoteko toki bat ukanen dute eta jateko, edateko eta gauzak erosteko. Horrez gain, biztanle gehiago ekarriko dizkio Hendaiari eta honek izen gehiago emango dio hiri honi. Zartadura batzuk atera dira, zer gertatuko da etxe horiekin? Horiek zurrumurruak besterik ez dira. Ez da inongo pitzadurarik, gure proiektuko arkitektoek jada ondoko etxebizitzak aztertuak baitituzte. Segur egoten ahal zarete proiektu honen aurrera eramateak ez duela inongo arriskurik, bestela ez zitzaigun burutik pasako ere hau egitea. Proiektu honen ideia bitxi hori nondik atera da? Ideia hau duela aspaldi genuen, baina ez genekien egingarria zenez eta gobernuaren baimena ukan dugularik harrituak gelditu gara. Gure arkitektoa Frantziako onenetakoa da eta ideia berritzaile hau proposatu genionean segituan etorri zen. Proiektu soziala, ala inbertsio ekonomikoa? Bietatik zerbait badela aitortu behar dut. Hau gazteentzat zuzenki egina izan da beren beharrak betetzeko gauzak erosi, lagunekin hitzordua egiteko edo han egongo diren aktibitatetariko edozein praktikatzeko. Gainera, errentagarritasuna duen proiektu bat da eta, ondorioz, irabaziak ukaitea espero dugu. Eta honela bukatu zen elkarrizketa. S?rge Blanco utzirik jendearen iritzia eta proiektu honetan dauden zulo beltzak aztertzera hurbildu gara. Hendaiarrekin hitz eginez konturatzen gara 10etik 9 pertsona eraikuntza honen aurka daudela eta batek bakarrik ez du iritzi finkorik baina ez du ezta baiezkoa ematen. Bestalde, Hegoaldetik Hendaiara bizitzera etorri direnek diotena, 10 pertsonatik 8k proiektua gauza on bat bezala ikusten dutela eta bik ez dutela baieztatzen. Desadostasun honen jatorria duela aspaldi Hendaian gertatzen den fenomeno bat da, hendaiarrok “hegoaldekoen inbasioa” bezala deitzen duguna. Hau frogatzeko Diario Vasco egunkariko artikulu baten sintesia egin dezakegu. Hasteko, erran behar da Hendaian Hegoaldeko jende aunitz badela, gehienak Donostiakoak nahiz eta Errenteria, Irun eta Oiartzunetik ere jende asko heldu den. Gutxi gorabehera, Hendaian 3.000 hegoaldetar daude eta hau biziki agerian da haurrak ikastolan ikustearekin bakarrik, denek gazteleraz egiten baitute. 15.000 biztanletatik 3.000 Hegoaldekoak ( hauen %90a Donostiakoa izanki); Zubietan etxebizitza guztiak, kasik, Hegoaldeko jendeak erosi ditu. Kalkulatua izan da obrak bukatuko direnerako Hendaian hiru pertsonatik bat hegoaldekoa izango dela. Hegoaldekoen migrazio honen arrazoietako bat etxebizitzen prezioa da, horregatik Donostiako jende asko dator hango etxebizitzen prezioak %40 handiagoak direlako. Adibidez, Donostian 50 metro karratuko apartamentu bat lortzeko ordaintzen den diru kopuruarekin, Hendaian bi pisuko etxe bat eros daiteke, eta Biriatura joanez gero, bi pisuko etxe bat eros dezakegu igerileku batekin diru kopuru berberarentzat. Beste arrazoietako bat, Hendaiak duen lasaitasuna dela diote; hau da, Hendaiako hondartza, azoka... dira erakargarria iruditzen zaiena Hendaiara etortzeko. Hondartzak ere asko erakartzen ditu gazteak, baina ez lasaitasunagatik, baizik eta Hendaian famatuak diren olatuengatik haien artean “Vantrax” edo “Belharra”. Bestalde Hendaiako animazioek ere erakartzen dituzte, udan nahiz neguan festa aunitz daudelako: “Txipiroi gaua”, “Piperrada festa”, “Euskal besta” eta beste hainbat. Azkenik, Hendaia biziki ongi prestatua da badirelako gazteleraz baita euskaraz ikasketak egiteko aukera asko. Honek migratzaileak laguntzen ditu, baina ez du batere beren integrazioa segurtatzen eta ez dute hendaiarrekin batera bizitza sozial bat eraikitzen. Ondoriozta genezake “inbasio” honen zergatiak ikusi ondoren, badirela faktore anitz Hegoaldeko jendea etortzeko; hala nola, etxebizitzaren prezioa, merkatua , hondartza, olatuak edo bestak. Horrez gain, biziki ongi prestatua dela ikasketen segitzeko eta gazteleraz bizitzeko; arazo bakarra da bukaeran ghettoetan egoten direla eta aparte bizi direla, beraz, horretarako bada zertarako etorri Hendaiara? Argi dagoena da, Zubietan proiektuak Hendaiako biztanleria taupez emendatuko duela eta horrek ekarriko duen jende olatuak herria guztiz aldatuko duela. Sèrge Blanco (Venezuela, 1958) Caracas hirian sortu zen baina gaztetatik bizi izan da Europan. Donibane Lohitzunen hasi zen errugbian 1974an eta ondoren Biarritz Olympiquera pasatu zen. Gaur egun, Hendaiako Zubieta (Entrepuentes) proiektua aurrera eramaten dihardu, enpresari gisa.