435 Zenbakia 2008-04-11 / 2008-04-18
Egunon Eskolunbe, eta eskerrik asko gurekin egoteagatik. Galdera batzuk egiten hasiko gara, ados?
Egunon zuei ere, bai, ongi da, nahi duzuenean hasi zaitezkete.
Hor doa lehenengoa. Zenbat urterekin hasi zinen atletismoa egiten?
Hamar urte nituenean hasi nintzen eta orain 14 ditut, beraz, ez daramat horrenbeste denbora. Elkarrizketagileak Eskolunberekin.
Txapelketetan parte hartu aurretik, nola prestatzen zara?
Ez dut ezer berezirik egiten, baina gutxienez hiru ordu lehenago gosaldu edo jan behar dut. Txapelketa aurretik berotu egiten dugu proba baino hiru ordu laurden lehenago.
Txapelketetan arropa edo zapata berezirik erabiltzen dituzu?
Berotzeko kiroleko zapatila arruntak erabiltzen ditut, baina lehiaketetan hiltzedun zapatilak janzten ditut.
Oso urduri jartzen al zara txapelketen aurretik?
Txapelketa garrantzitsu bat bada bai, baina arrunta bada askoz gutxiago. Hala ere, pixka bat bai, asko kontzentratu behar naiz, bestela zer edo zer txarto egiteko arriskua daukat eta.
Noizbait hartu al duzu minik korrika egiten?
Korrika egiten ez, baina hesiak pasatzen bai. Orkatila bihurritu eta ia–ia apurtu egin nuen.
Zein izan zen irabazi zenuen lehenengo txapelketa?
Txikia nintzenez korrika egiten genuen bakarrik. Herriarteko txapelketetan aritzen nintzen, eta lehenengo garaipena Portugaleten izan zen, aurreneko postuan geratu nintzen.
Atletismoaren barruan zein probatan hartzen duzu parte?
Proba guztietan parte hartzen dut, baina hobekien egiten ditudanak abiadura probak, fondo erdikoak, luzera eta altuera jauziak dira. Abiaduran, 300 m–tan 44.53 segundo, altuera jauzian 1.45 metro eta luzera jauzian 4.59 metro egiten ditut; horiek dira nire markarik onenak.
Baina 300 metroko proba ez da ofiziala, ez?
Ez. Ni kadete mailakoa naizenez probak ezberdinak dira, baina datorren urtean jubenil kategoriara pasatzean proba ofizialak egingo ditut.
Txapelketa bat irabazterakoan zerbait ematen al dizute?
Domina bat ematen dizute irabazterakoan, baina eman didaten saririk onena Espainiako txapelketara joatea izan da.
Atletismoa egiten jarraituko al duzu?
Baietz espero dut, baina jarraitzeko ikastolako lanak eguneraturik eraman beharko ditut, gehiago entrenatu behar izango dudalako.
Eskerrik asko Eskolunbe, bukatu dugu. Espero dugu txapelketan zorte ona edukitzea eta ea irabazten duzun!
Eskerrik asko zuei ere! Eskolunbe Puente (Santurtzi, 1993) DBH ikasten ari da Astileku ikastolan, eta afizio bezala kirola eta trikitxa ditu. Hamar urterekin hasi zen atletismoa egiten Santurtziko taldean. Gaur egun Ezkerraldea taldean dihardu eta Euskal Herriko Txapelduna da 300 metroko frogan.