434 Zenbakia 2008-04-04 / 2008-04-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteon emantzipazioa

FERNANDEZ, Haizea GARRANZO, Iratxe OLANO, Nerea ORGAZ, Ander SALGADO, Unai

Bilboko Begoñazpi ikastola



Gaur egungo gazteok independentzia bilatzen dogu, gazteriaren gehiengoak gurasoenetik joan nahi dau, etxe propioa bilatzen dau, baina hau lortzea ez da batere erraza izaten. Lehen jendea oso arin joaten zan etxetik, baina kasu gehienetan ez ziran bakarrik joaten, ezkondu ostean egiten eben alde etxetik eta familia sortzen eben askotan 25 urte euki baino lehen.

Gaur egun, ostera, 25 urterekin ikasketak amaitu barri doguz eta lan bila egoten da jende gehiena, beraz, geure izango dan etxea erostearena oraindik urrun geratzen jaku.

Gure gizartea asko aldatu da azken urteotan, eta gazteon lehentasunak ere bai; orain askoz beranduago joaten gara etxetik, bai, baina askoz beranduago hasten gara lanean, askoz ere beranduago amaitzen doguz ikasketak...e.a.

Gainera gaur egun etxetik joatea oso gauza konplexua da, etxebizitzak oso garestiak diralako, eta gazteek daukiezan soldata baxuekin, ia ezinezkoa da etxetik bakarrik joatea.

Etxetik joaterakoan irtenbide bakarra ez da etxe bat erostea, alokairuko pisuak era badagoz. Dana dala, gazte gehienek euren pisua erostea nahiago dabe, pisua alokatzea normalean bigarren aukera izaten da. Azken batean, hilero diru kopuru bat ordainduko dabe eta nahiz eta pila bat hilabetez ordaintzen egon, inoiz ez da eurena izango.

Emantzipatuta dagozenetatik, neskak mutilak baino gehiago dira, eta gehienak ezkongabeak.

Gazteek arazo honen aurrean daben jarrera gurasoen araberakoa ere bada, era askotako jarrerak dagozalako. Alde batetik, seme–alabei oso lotuta dagozan gurasoak dagoz; honeek seme–alabak etxean euki gura dabez pena handia emoten deutselako eurengandik urrun egotea. Beste alde batetik, guztiz kontrako jarrera daben gurasoak dagoz, seme–alabak etxetik joatea nahi dabenak, baina ez maite ez dabezelako, baizik eta horretarako momentua heldu dala ikusten dabelako.

Gurasoek ez ezik, gazteek ere jarrera ezberdinak aurkezten dabez emantzipazioaren aurrean; batzuk etxetik joatearen guztiz alde dagoz arrazoi desbardinengaitik: etxean arazoak dabezelako, independenteak dirala sentitu nahi dabelako, edo euren etxea izateko gogoa daukielako, beste barik. Beste batzuek, ostera, gurasoenean gelditu gura dabe 35 urte izan arte, honen arrazoiak ere era askotakoak dira, baina gehien bat, bertan oso eroso bizi diralako izaten da.

Kasu hau hainbat gurasorentzat jasanezina da, euren seme–alabek etxetik joateko adin eta egoera ekonomiko aproposa daukielako, baina hala ere ez diralako joaten.

Gazteen jarrera, moduren batean gurasoen errua dala esan daikegu, txikitatik euki daben heziketaren araberakoa dalako. Ume bati txikitatik autonomia eta erantzukizuna bultzatu badeutsazu, nagusia danean esne–mamitan hazi daben ume batek baino independentzia maila handiagoa izango dau.

Emantzipatzea ere ikasi beharreko prosezua da. Umeen sormena eta autonomia bultzatu beharreko gauza da, ahal dauanaz arduratzen ikasi behar dau, beti ere egin beharrekoa bere adinari egokituz.

Esaterako, umeek lokarriak euren kaxa lotzea, bakarrik janztea, janariak prestatzea eta bakarrik jaten jakitea, euren gela jasotzea edo beste gauza asko, oso garrantzitsuak dira umeen heziketa egokirako.

Horrela, bere nortasuna eta etxeko bizitza–erritmoa errespetatzen ikastearekin batera, arauak (bere etxekoak) jarraitzen eta bere arazoak konpontzen ikasiko dau. Hau da, bere autonomia garatzen dau. Hau ondo egiteko, hainbat puntu aintzat hartzekoak izango litzatekez; seme–alaba gugandik oso desberdina dan beste pertsona bat dala izan behar dogu kontuan, arreta eskaini behar jake seme–alabei, baina lar babestu barik.

Gaur egun etxetik joateko batez besteko adina 28 urtekoa da nesken kasuan, eta 30 urtekoa barriz, mutilen kasuan. Beste herrialde batzuetan, ohikoa da oso gazte joatea etxetik. Amerikako Estatu Batuetan esaterako, unibertsitatera joateko etxetik joaten dira, beraz, oso bizitza ezbardina daukie, gurasoengandik banatu eta guztiz independente baitira.

Ondorio moduan zera esan daikegu, gaur egun etxetik joatea ez dala gauza batere erraza, gazteriaren zati batek ez daualako nahi, eta nahi dabenek, ez dabelako egoera ekonomiko aproposa izaten. Etxeak lar garestiak dira, eta lanetan soldata oso baxuak ordaintzen dabez. Lortuko ete dogu zeozer orain dala gutxi onartu daben diru laguntzei esker? Nahikoa izango dabe 210? jasotzea 22 eta 30 urte bitarteko gazteek etxe bat alokatzera animatzeko?