434 Zenbakia 2008-04-04 / 2008-04-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Boteloia gazteen artean

BEGOÑAZPI IKASTOLAko lantaldea



Aspaldion danon ahotan dabilen gaia da boteiloia eta gazteon artean nahiko hedatuta dagoan fenomenoa danez, gaiaren inguruan hausnarketa txiki bat egitea interesgarria iruditu jaku.

Debekatuta egon arren, asteburu guztietan gazte kopuru handia leku zehatz batzuetan biltzen gara boteiloia praktikatzeko. Guretzat joera bihurtu da, batetik diru gutxiago gastatzen dogulako eta bestetik, ondo pasatzeko beharrezkoa dala pentsatzen dogulako.

Joera hau asko aldatu egin da urteetan zehar, gure gurasoek adibidez, gure adina ebenean ez eben alkoholaren beharrik ondo pasatzeko. Gure adinagaz, harrapaketan, futbolean, eta holakoetan ibiltzen ziran, eta ez ostera, lurrean jesarrita botila baten inguruan.

Bilbon, adibidez, gazteen % 73k boteiloia egiten dauala aitortzen dau. Horrek ondorio larriak dakarz, gazte kopuru handia da, eta gazte horreetako askok edaten ez dakiela kontuan hartuz, asko dira ospitaleratu behar izaten dabezanak edota komisarian gurasoen zain egoten diranak. Gaur egungo gazteak edan ondoren ez daki kontrolatzen eta nahasmen horren ondorioak paperontzietan, bankuetan... ikusi geinkez biharamunean.

Hortaz, gazte asko dira astebururo ondo pasatzeko alkoholaren beharra dabenak, eta horrek gerora ekarri leikezan kalteetan ez dau inork pentsatzen, ez baita gauza bera 12 urtegaz edota 18 urtegaz edaten hastea.

Gazte askok pentsatzen dabe alkohola edan ezkero, lotsa galduko dabela eta nesketan edo mutiletan ibiltzeko ere lagungarria izango dabela, ausardia lortzeko modu aproposa ei da. Hori pentsatzen dabenak ostera, oker dabiltza. Egia da, alkoholak lotsa kentzen laguntzen dauala, baina gogoa lausotu eta moteldu egingo deutsuz aldi berean, eta kontrola galdu ezkero, estutasuna amets gaizto bihur daiteke. Piztu astelehen goiz baten irratia eta konturatuko zara zapatuan koma etilikoak dirala eta ospitaleratu behar izaten dabezan gazteen zerrenda ikaragarria dala.

Beste alde batetik, kontuan izan behar dogu, alkoholaren menpean zagozanean ez zarela zu zeu izaten eta mutil edo neska laguna lortu ezkero, ez dozu zeure benetako izaera agertuko eta horrek gerora ondorio larriak ekarri leikez.

Ez dirudi debekatuta dagoan gai bati buruz hitz egiten gagozanik. Gure ustez, gazteok ez gara konturatzen debekatuta dagoala edo konturatu arren erakargarria iruditzen jaku; gazteoi beti gustatu izan jaku debekatuta dagozan gauzak egitea, ez dakigu zehatz–mehatz zergaitik, baina horrela da . Ez gara konturatzen boteiloia egiteak ondorio larriak dakarzala: komisarian amaitu zeinkela, edota lehen esan dogun bezala, ospitalean, ohe baten etzanda.

Hau guztia kontuan izanda, konponbide eta aholku batzuk prestatu doguz eta espero dogu lagungarriak suertatzea: Aholkuak

– Neurriz edan eta erreparatu edalontziei, lar izan ez daitezan. – Ez edan besteek edaten dabelako. – Zu zeu izan beste guztiaren gainetik. – Edango badozu, lehenago zerbait jan. – Edateak dakarzan ondorioak kontuan izan. – Ez ahaztu inoiz debekatuta dagoan jokabidea dala. Konponbideak

Atal hau Bilboko Udalari zuzendu gurako geunskio. Horra hor gure konponbideak: – Gazteok aisialdiaz gozatzeko aukera gehiago behar doguz, besteak beste: – Musika entzuteko tokiak. – Dantza ikastaroak. – Surf ikastaroak. – Kayak ikastaroak... – Zinemaren edota bolatokien prezioak jaisten saiatu, batez ere asteburuetan oso garestiak diralako.