437 Zenbakia 2008-04-25 / 2008-05-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Barre egitea

ARIZTI, Ander MARTINEZ DE AGIRRE, Iñigo

Gasteizko Olabide Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)



Behin, DBH garaian, klasea ematen geundela, biologiako irakasleak esan zigun “Ez barrerik egin, gizendu egiten du eta”. Zur eta lur geratu ginen guztiok hori entzundakoan. Noiztik da txarra barre egitea? Nor ez litzateke gustura egongo egun guztia barre egiten eman ondoren? Gauza guztiak ondo doazen seinalea da, zeren eta bizitza honetan barre egitea ezinbestekoa da eta, gainera, ona osasunerako; orokorrean, gorputzeko organo guztientzat da onuragarri.

Barreak eta barreak daude: faltsua, ironikoa, benetakoa, lau txirri erre ondorengoa, negar ez egitearren barre egiten denekoa... Milaka barre mota egon daitezke. Egoera bera ere desberdina izanik, algara mota desberdina izango da edo ez da algararik izango; adibidez, deprimituta dagoen pertsona batek kostata egingo luke barre, egingo balu, noski! Disgustu handi bat hartzen denean ere ezinezkoa izaten da aurpegi alaia erakustea...

Hala ere, eta goian esan dugun bezala, ezin da ukatu barre egitea ona dela; izan ere, barre egiten, momentuan bertan nola sentitzen zaren adierazten da, gustura zaudela momentu horretan, gustura zaudela zauden pertsonekin... zoriontasuna adierazten da, azken batez. Gainera, gustua ematen du jendea barrezka ikusteak. Honen adierazgarri haurrak izaten dira: beti egoten dira pozez, alai. Dena den, adinak ere zerikusia du honetan, umetan dena izaten baita polita, dena jolasa, ez da egoten inolako buruhausterik.

Adinean aurrera joan ahala, gure etorkizuna bideratzeko momentuan, adibidez, gaztaroan eta adoleszentzian, ikasketak direla eta, buruhausteak ugaritu egiten dira. Heldutasunean ere, lana dela edo familia dela, ia ez da egoten lagunartean ibiltzeko eta barre algara batzuk egiteko denborarik. Egia esan, garaiak ere asko aldatu dira, orain ez baita lehen bezain beste barre egiten. Bizimodua beste era batera hartzen dela esango genuke.

Gure kasura etorrita, gazteak gara oraindik, ikasketak burutzen ari gara. Gure buruhausteak ditugu, baina badakigu barrerik egin gabe ezin izango ginatekeela bizi. Pertsona umoretsuak garela esango genuke, ez barre eragiten duten horietakoak, baina ia beti umore onez egoten diren horietakoak bai. Egun petralak ere izaten ditugu, noski! Dena den, gustura hartuko genuke barre–eragile horietariko bat geure ondoan, aspertzeko denborarik ez genuke izango behintzat!