Euskonews Gaztea
Gaiak: Zer eta noiz, Senperen!
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Ikastolen alde antolatzen diren festetan jende gutxik izaten du aspertzeko aukera. Beti edukitzen dugu gustuko dugun zerbait egiteko beta, eta hala, egun pasa interesgarria igarotzeko parada izan daiteke, beti ere euskara bultzatuz eta ikastolei lagunduz. Argazkia handitzeko, sakatu irudian.
Herri Urrats egiten hasi zirenetik gaur egunera arte, aldaketa asko eman dira. Esate baterako azpiegiturei dagokienez (errepideak, elektrizitatea...); baina batez ere, programazioari begira eman da. Garaiak aldatuz joan diren heinean, programazioa ere aldatzen joan da. Izan ere, hasiera–hasieran Herri Urratsen parte hartzen zuten talde guztiak musu–truk aritzen ziren giro paregabea jartzen. Hala ere, kariaren bat sumatuta edo, antolatzaileek erabaki zuten diru pixka bat jartzea, eta modu horretan, talde ezagunagoak kontratatu ahal izatea. Hamaika ekimen bost gunetan
Herri Urratsek mende laurdena ospatzen duen honetan, askotariko emanaldiez gozatzeko parada izango dute maiatzaren 11n Senperera abiatzea erabakitzen dutenek. Lau gune prestatu dituzte, bakoitzak euskal lurralde baten izena daramalarik: Araba, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa. Gainera, Haurren Xokoa izeneko bat ere atonduko dute.
Musika ikuskizunek protagonismoa izango dute ezbairik gabe. Esate baterako, Araba gunean The Uski’s, Esne Beltza eta Celtas Cortos taldeak arituko dira (15:00etatik aurrera). Lapurdin, ordea, Peio Serbielle, Sister Simone and the hoy balls, Experimental band eta Deabruak Teilatuetan taldeen txanda izango da, 12:30etatik aurrera. MAK taldearen hip–hopa eta Betagarriren erritmo dantzagarriak Nafarroa gunean egongo dira entzungai, 12:15etan hasita. Argazkia handitzeko, sakatu irudian.
Haurren Xokoari dagokionez, Kiki, Koko eta Moko pailazoak eta Txan Magoaren ikuskizunek aho bete hortz utziko dituzte ibilbideko txikienak.
Eta dantzek ere zeresana emango dute Herri Urrats jaian. Afrikako dantza eta perkusioa ikusgai egongo da Gipuzkoa gunean (11:00etan), eta Araba gunean, berriz, Mutxikoak eta Larrain Dantza izango dira protagonista eguerditik aurrera.
Eta nola ez, taloak, edariak eta bestelako janariak ere, aurkitu ahal izango dira ibilbidean zehar; mokadutxoa hartzeaz bat, atsedenerako momentua bilatzen duenarentzat eskura. Sagardo kupelak ere jarriko dira Herri Urratsen. Azken urteetan bezala, Zapiain sagardotegiak eramango ditu kupelak eta irabazien dirua ikastolentzako izango da. Bestalde, datu bitxi bezala, festak dirauen bitartean, 18.000 talo erreko dituzte, gutxi gorabehera.
Beraz, animatu eta eman ezazu osteratxo bat Senpereko lakutik, Iparraldeko ikastolek, eta oro har euskarak behar gaituzte eta!