438 Zenbakia 2008-05-02 / 2008-05-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Abesti bat beharrean...20!

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Herri Urrats 2008ko berezitasunetariko bat mende laurdena betetzen duela da. Herri Urratsez Herri Urrats abestiak argitaratu dituzte, edizio bakoitzeko bana. Baina aurten ez. Aurten beste berezitasun bat edukiko du Iparraldeko ikastolen aldeko jaiak, izan ere oraingoan, CD bat kaleratu baitute.

Eta zer topatuko dugu, bada, CD horretan? Abesti berriren bat aurkituko duela uste duenak, oker dago. Izan ere, bilduma bat da, orain arteko kantu guztiekin osatutako bilduma. Alain Bosq komunikazio arduradunaren hitzetan, “gutxi iruditzen zitzaigun urtero bezala single bakarra kaleratzea horren data esanguratsurako”. Eta horrexek bultzatuta bildu dituzte Herri Urratserako espresuki sortutako melodiak. Gainera, bakoitzaren letrak ere jaso dituzte antolatzaileek, eta liburuxka bat sortu dute haiekin. Herri Urrats 2008ko logoa.

Hala, besteak beste, Mixel Etchecopar eta Kepa Junkeraren Urrats biziz, Euskaraz bizi, Hemendik At! Taldearen Gaurdanik beroa eta beste makina bat kantu egongo dira entzungai. Salmenta puntuak

Euskal Herriko Elkar dendetan jarri dute salgai CD berezi hau. Baina maiatzaren 11n Senpereko aintziraren inguruan egongo den ibilbidean hiru saltoki jarriko dituzte, eta bertan ere ipiniko dute salgai. Bost euroren truke eskuratu ahal izango dute interesatuek euren CDa.

Baina CDaz gain egongo da zer erosi saltoki haietan. Herri Urratsen logotipoa duen materiala eskuragarri izango baitu edonork. Aurten, bihurgunez betetako bidea atzean utzi duen barraskilo baten irudia da aukeratutakoa.

Lehiaketa bidez erabaki zuten logotipoa zein izango zen, eta Iñaki Martinez azpeitiarrarena izan irten zen garaile. Honek, emeki–emeki eta zaitasunak zailtasun, Iparraldeko ikastolek edozein eragozpenen gainetik aurrera egin dutela adierazi du irudi barregarri eta original honekin. Horrela, jertse, kamisetan, metxero eta fraketan ikusi ahalko dugu barraskilo irribarretsua.