Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Alain Boscq. (Herri Urratseko komunikazio arduraduna): Irabazien zati handiena 2009an irekiko dugun ikastola berri bati bultzada emateko da
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Hala da, bai. Herri Urrats antolatzeko komisio bat lanean ari gara etengabe irailetik. Bederatzi lagun gaude bertan eta azken hiru hilabeteotan, hilero bilera bat egin dugu azken erabakiak elkarrekin hartzeko.
Baina egunean bertan jende gehiago ibiliko zarete, ezta?
Jakina! Guraso pila bat aritzen dira laguntzaile gisa, eta hegoaldetik ere, mila pertsona inguru etortzen dira urtero: muntaketa, garbiketa eta beste hainbat kontutan laguntzen digute.
Garrantzitsua da beraz...
Bai, izan ere Herri Urrats oso inportantea da Iparraldeko ikastolentzako... eta laguntza ezinbestekoa zaigu.
Zertarako erabiliko duzue maiatzaren 11n jasotako dirua?
Irabazien zati handiena 2009an Angelun irekiko den ikastola berri bati bultzada emateko da. Dakizuen bezala, Herri Urrats Seaskak antolatzen du; 20 ikastola, lizeo bat eta hiru kolegioz dago osatuta eta hala, 25 ikastola izatera pasatuko gara. Diruaren beste zati bat berriz, Baiona hegoaldeko ama ikastola bat eraberritzeko baliatuko dugu.
Nola ikusten duzu ikastolen egoera Iparralden?
Noski gauzak asko hobetu direla. Eraikuntzei dagokienez, esaterako. Lehen zenbait tokitan eraikin aurrefabrikatuetan ikasi behar izaten zuten ikasleek eta toki gehienetan eraikuntza berriak eginik izan dira dagoeneko. Argazkiaren oina eta egilea
Ikasleei dagokienez, geroz eta jende gehiago sartzen ari da Iparraldeko ikastoletan; gaur egun, 2.500 lagun inguru dabiltza gutxi gorabehera. Eta noski, ikastolen lana beharrezkoa da Iparraldean euskara salbatzeko.
Iaz eguraldia kontra izan zenuten...
Bai. Senperen uholdeak eman ziren 2007ko Herri Urrats baino lehenago, eta nahiz eta hasieran ospatuko zen ala ez zalantzan egon ginen, jaia baino bost egun lehenago Senpereko alkateak baietz erabaki zuen. Lakuak kalte asko zituen eta eremu asko guk geuk berreraiki behar izan genituen, Senpereko langileek bazeukaten eta zer egin beraien herrian...
Aurten zortea izango duzuelakoan nago...
Hori espero dut nik ere! Nahiz eta euria egin, horrelako uholderik ez emateko!
Mende laurdena beteko du aurten Herri Urratsek.
Berezia neurri handi batean, nahiz eta apartekotasun handirik ez duen izango edizio honek Esaterako, talde handi batzuk egongo dira: Celtas Cortos, Betagarri, Biarritzeko Baleta... Bestalde, aurtengo kantua ere ez da egongo. Zerbait desberdina egin nahi zen, eta pentsatu genuen orain arteko 20 kantuak hartu eta denak CD batetan biltzea.
Mende laurdena, bide erdia.
Bertsolari batek asmatu zuen leloa da. Espero dugu beste 25 urte behar ez izatea ikastolak eraikitzeko, botere publiko eta instituzioek lagunduko digutela. Orain ere ematen digute laguntza beren neurrian. Frantses estatuak irakasle postuak hartzen ditu bere gain, eta Eusko Jaurlaritzatik eraikuntzetarako dirua jasotzen dugu, kopuru xumean, hori bai.
Orduan oraindik badago zer egiteko...
Nola ez! Jakin badakigunez helburu guztiak ez ditugula beteko... aurrera jarraituko dugu. Gainera, oso estimatua da Herri Urrats festa Iparralden, eta jendeak faltan sumatuko luke kenduz gero...
Zer nolako parte hartzea aurreikusten duzue?
Azken urteetan aldaketa bat nabaritu dugu asistentziari dagokionez. Izan ere, lehen hegoaldetik etorritakoak %70a baziren, orain %30a edo direla esan daiteke. Badirudi oraingo gazteek ez dituztela lehen bezala antolatzen autobusak eta gutxiago etortzen dira. Eta zergatik ez aprobetxatu 25. urteurren hau, indar berezi bat egiteko?
Nola animatuko zenituzke Euskonews Gaztearen irakurleak maiatzaren 11n bertan egoteko?
Hasteko, bost jaietako lehenengoa denez, gogoz etortzeko esango nieke. Tokia zoragarria da; eguraldi ona eginez gero, hondartza dago eta bainua har daiteke. Gainera, denontzako ekitaldiak antolatu ditugu, eta ez da aspertzeko aukerarik egongo: Celtas Cortos, Betagarri, Zapian sagardotegiko kupelak... Beraz, zatozte Herri Urratsera! Alain Boscq (Zuberotarra) Zuberotarra da sortzez, Muskildikoa. Hendaian dihardu lanean orain dela 22 urtetatik eta ikastolako guraso gisa sartu zen Herri Urratseko antolaketa lanetan. Azken hiru urte hauetan komunikazio arduraduna da.