439 Zenbakia 2008-05-09 / 2008-05-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Juan de Landa. Mutrikutik Hollywoodera

ANDONEGI, Ekaitz ARREITUNANDIA, Asier ETXEARTE, Asier

Mutrikuko Institutuko Prentsa tailerreko ikasleak (DBH 4. maila)



Orain dela gutxira arte bakar batzuek ezagutzen zuten Juan de Landa aktore mutrikuarra, XX. mende hasieran Amerikako Estatu Batuetan aktore lanetan ibili zena. Azken urtean Mutrikuko udalak argitaratutako liburuari esker denok dugu gizon hau ezagutzeko aukera. Hemen dituzue bere bizitzari buruzko zertzelada batzuk.

Bere benetako izena Juan Crisostomo Pison Pagoaga y Landa zen eta 1894ko urtarrilaren 27an jaio zen Mutrikun. Bertan ez ezik, Argentina eta Paraguayn ere bizi izan zen bere familiarekin. Operako tenore izaten saiatu zen, baina ez zuen arrakastarik lortu. Horrela, aktore lanetan hasi zen lagun batekin, Baraibar abizenekoa. Diru gabe Amerikako Estatu Batuak zeharkatu zituzten, New Yorketik Hollywooderaino; baina bere laguna bidean nekazari bezala utzi zuen. Berak ostera, Hollywoodera heltzea lortu eta lan bila hasi zen estudioetan. Horretan denbora luzez aritu ondoren –ez zion inork lanik eskaintzen eta– zinea lagatzekotan egon zen, baina bere esperantzak agortzear zeudela Metro estudioetatik gutun bat jaso eta bere zortea aldatu zen. Salvador Alberichek froga bat egin ostean De frente, marchen pelikulan paper bat lortu zuen eta horrela hasi zen bere kamera aurreko abentura.

Egiten zituen paperak espainierazko pelikuletarako ziren. Aurreneko pelikula hartan Conchita Montenegro eta Buster Keatonekin lan egin zuen. Bere bigarren pelikula El valiente izan zen, eta haren atzetik Los vargas egin zuen David Howarden gidaritzapean. Filmatzerako orduan beti zuen botila erdi bat whisky sabelean.

Bere lan garrantzitsuena Ward Wingen El presidio izan zen, espainiar bertsioan Wallace Beery aktorea ordezkatu zuen. Hasieran zaindariaren papera egin behar izan zuen, baina protagonistaren papera eskatu eta asko tematu ondoren papera lortu zuen. Juanek Backen papera interpretatu, eta horri esker izugarrizko arrakasta lortu zuen Hegoamerikako herrialdeetan. Baina bere zoritxarrerako bertsio espainiarrak bertan behera gelditu ziren eta Espainiara bueltatu zen. Arrakastaren ondorioz azkar asko integratzea lortu zuen. Espainiako zinean ere lan batzuk egin zituen; Benito Perojoren Se ha fugado un preso, Raymond Chevalierren Dale de betún, Salvador Albericheren El secreto de Ana María eta azkenik Ignacio F. Iquinoren Al margen de la ley.

Bizitza gorabeheratsua izan ondoren, Mutrikun hil zen 1968an.