440 Zenbakia 2008-05-16 / 2008-05-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldia eta Andra Mari Ikastola

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Zornotza edo Amorebieta–Etxano. Maiatzaren 25ean Ibilaldia 2008 hartuko du herri honek. Bizkaiko ikastolen aldeko jaia aurrenekoz Uribe Kostan 1978an egin zenetik 30 ediziora iritsiko dira aurten. Lehendabizikoak hamahiru bat kilometro zituen; aurten, zazpi bat kilometro egokitu dituzte Bizkaiko Ikastolen aldeko festarako.

Ezinbestean onartu beharreko kontua da Ibilaldiak duen garrantzia. Orain arte ikusi den bezala, Bizkaiko herri desberdinetako ikastolei laguntzeko baliagarria izan da eta aurtengoan ere, jasotako diruak bultzadatxo bat emango dio Amorebieta–Etxanoko Andra Mari ikastolako proiektu bati. Ez da ikastola honek Ibilaldia antolatzen duen lehenengo aldia, 1987an ere bertakoen eskutik egin zen–eta festa. Xedea, bigarren lerroa

Aurten, helburu zehatz bat daukate antolatzaileek. Maiatzaren 25ean jasoko duten diruarekin, Andra Mari Ikastolan bigarren lerro bat ireki nahi dute. “Ezinbestekoa ikusten dugu bigarren lerro bat irekitzea ikastolan”, aipatu digu Aimara Arostegi Uriagerekak, ikastolako zuzendariak. Andra Mari Ikastolako logoa.

Baina zertan datza egitasmo hori? “Lerro bakarra daukagula esatean, maila bakoitzeko gela bat daukagula esan gura dugu”, azaldu digu Aimarak. Proiektu hau egikaritzean, aldiz, mailako bi izatera pasatuko dira Andra Mari ikastolako lagunak. “Hala, gure lan modua hobetu eta ikasleek ere erosoago ikasteko aukera izango dute”, gaineratu du.

Amorebieta–Etxanok 17.000 biztanle ditu gutxi gora behera. Bertako 270 familiak dituzte beraien seme–alabak matrikulatuta Andra Marin; ia 400 ikasle dira bertara ikastera joaten direnak. Eta zenbakiak gorantz doazela eman digu jakitera ikastolaren zuzendariak.

Argi dago Andra Mari ikastolak azken 40 urteetan herrian izan duen presentzia handia. Eta hazten doan heinean, ikastolak ere hedapena jasan du. Hala, maiatzaren 25ean euskaltzale oro bertaratzea animatzen gaituzte ikastolako lagunek, festa eginda proiektu hau aurrera eramaten lagunduko baitiegu. Eta gainera, prestatutako zazpi kilometroko ibilbidean zehar antolatutako ekimen ugaritan parte hartzeko okasio bikaina dugu. Ez huts egin!