Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldia, makina bat ekimenen eszenatoki
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Maiatzaren 25ean Amorebieta–Etxano inguruetan jai berezia biziko dute. Ibilaldiaren 30. edizioak zazpi kilometroko ibilbidea osatuko du eta jai giroak bazter guztiak bustiko ditu. Herria barrutik ezagutzeko aukera egongo da, nahiz eta gehien bat kanpoaldetik izango den. Ibilbidea ikusteko, sakatu irudian.
Goizeko 9:30etan, protokoloarekin hasiko dute Bizkaiko Ikastolen aldeko aurtengo festa. Andra Mari ikastola inguruan izango da, eta hortik aurrera, ibilbidea irekiko dute. Sei gune prestatu dituzte antolatzaileek: Landa, Villasante, Ametzarri, Aurtenengo, Olabarri eta Etxebarriburu; eta horietan, kale animazioak, bertsolariak, kontzertuak, antzerkia... Gazte zein helduak, gonbidatuta
Mundu guztia dago gonbidatuta Zornotzara. Ekimenak ere, adin oro kontuan hartuta moldatu dituzte. Helburua, inor ez aspertzea. Hala, gunez gune, makina bat ekimen daukate prestatuta gerturatzen direnen gozamenerako.
Etxaun Lekue, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeitia eta Xabi Paya arituko dira oholtza gainean inprobisatzen. Bertsolari hauek Villasante gunean egongo dira 13:00etatik aurrera. Baina ez dira bertsotan arituko diren bakarrak izango. Ametzarri gunean 13:00etan hasita, txalaparta topaketa eta tailerra eta bertsolari gazteen txanda izango baita.
Ordu berean, rock kontzertuak; laugarren gunera (Aurtenengo) gerturatzen direnek, Exum, Nuuk–At, Des–Kontrol eta Etsaiak taldeen musikarekin gorputza astintzeko parada edukiko dute.
Baina beste makina bat aukera ere egongo dira Andra Mari Ikastola laguntzeko festan... Egitaraua ikusteko, sakatu irudian. Bereziak
Ekimen bereziek ere, beraien tokia izango dute Ibilaldian. Esaterako, dastapen gune bat atonduko dute. Eta zer da hori? Bada, Arabar Errioxako ardoa, Bizkaiko txakolina, taloak, perlita pintxoak eta beste hamaika produktu probatzeko aukera egongo da bertan.
Animaliak gustuko dituenak, berriz, pottoken erakusketa batez gozatzeko aukera izango du. Egun guztian zehar, gure mendietako zaldi txikiak gertutik ikusteko parada egongo da. Erabili garraio publikoak!
Antolatzaileek hala eskatuta, garraio publikoen erabilera bultzatu nahi dute. Autobusez edo trenez joatea gomendatzen dute; goizeko 9etatik gaueko 9etara martxan egongo dira. Informazio gehiagorako, Euskotran eta Euskotrenera deitu (902 543 210) edota autobusen ordutegia jakiteko 902 222 265 telefonora.
Beraz, badakizu. Animatu eta bertaratu!