442 Zenbakia 2008-05-30 / 2008-06-06
Gorlako igoera urtero Bergaran egiten den auto–lasterketa bat da. Euskal Herriko Mendi Txapelketarako puntuagarria da eta punta–puntako pilotuek hartzen dute parte.
Bergara eta Azkoitia arteko GI–3750 errepidean burutzen da proba, eta igoeraren luzera 4.900 metrokoa da. Errepidearen desnibela 390 metrokoa da, eta aldapari dagokionez, % 7,8koa da batez beste, eta puntu gorenean %9koa. Parte hartzearen kostua autoaren eta propagandaren araberakoa izan ohi da eta antolatzaileek emandako publizitatea jarri edo beste bat jartzeak ere kostu desberdina suposatzen du. Zabaleta bergararra.
Esate baterako, antolatzaileek proposaturiko propaganda eramanez gero, turismoek 230 euro ordaindu behar dituzte, eta gainerakoek (formulek, MCek eta barketek) berriz, 253 euro. Bestelako propaganda eramaten badute berriz, turismoek 460 euro eta gainerakoek 506 euro ordaindu beharko dute izenemateko orduan.
Proba Bergara Racing taldeak antolatzen du. Sariak hiru multzotan sailkatzen dira: probako lehenengo bost lekuetan sailkatu direnak, auto klase desberdinetako lehenengo hiru sailkatuak eta lehenengo hiru gidari gazteenak. Euskal Herriko Mendi Txapelketako egutegian sartuta dagoen proba da Gorlakoa. Prestigio handiko gidariek parte hartzen dute eta estilo guztietako autoak ikus daitezke bertan. Bergaran parte hartu duten gidari garrantzitsuenetakoak hauek izan dira: Santi Artetxe (Peugeot 307 WRC), Ramon Apalantza (Mitsubishi EVO 6), Gorka Apalantza (Subaru Impreza WRC) eta Txus Jaio (BMW 325). Hauekin batera, bada beste gidari bat, Gorlako igoera primeran ezagutzen duena, Aitor Zabaleta. Gidari bergararra da, probako errekorra du eta bera da igoera gehienetan irabazi duen gidaria, bere Lola BMW autoarekin.
Proba ospatzen den egunean, izugarrizko jendetza biltzen da Gorlako errepidean eta giroa primerakoa izaten da. Derrigorrezkoa da segurtasun neurriak errespetatzea eta probako zuzendariei kasu egitea, orain dela bi urte gertatutakoa ekiditeko. Orduan, 52 urteko bizkaitar batek bizia galdu zuen Bergarako proban; errepidera atera eta Ford Cosword batek aurretik eraman zuen. Medikuek ezin izan zuten ezer egin bere bizia salbatzeko eta han bertan hil zen.
Gainera, lasterketa bertan behera geratu zen eta proba ez zen mendi txapelketarako puntuetan sartu. Segurtasun neurriak ezinbestekoak dira Gorlako igoeraz eta beste edozein rally edo igoeraz gozatzeko.