442 Zenbakia 2008-05-30 / 2008-06-06

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Yon Gonzalez Luna. (Aktorea):Bizitzak bira asko ematen ditu eta goian zauden bezala jaitsi egin zaitezke eta lanik gabe geratu

OREGI, Aitor OTSOA, Aitor

Bergarako Aranzadi Ikastola (DBH 1.go maila)

Bergarako Ziripot tabernan elkartu gara Yon Gonzalezen lagun batekin; Ngeya da eta txikitako lagunak dira. Elkarrizketa hau mugikor bidez egin dugu, Yon Madrilen bizi eta Bergarara oso gutxitan etortzen baita, lan asko baitu azken aldian. Beraz, Ngeyak berarekin harremanetan jarriko gaitu. Goizeko 10:40 dira eta deitu egin diogu. Aurreko egunetik geratuta ginen ezustekorik ez egoteko. Mugikorra hartu eta bere ahotsean nekea sumatzen da. Esan digunez, azken egunetan lan asko egiten ari da eta denbora gutxi dauka gurekin hitz egiteko; beraz, galderak egiten hasteko ordua heldu da, 20 minutu barru berriz platoan filmatzen egon behar baita. Noiz eta hasi zinen telebistaren munduan?

Orain dela urte batzuk,18 urte nituenean, modelo bezala hasi nintzen agentzia batekin, eta orain dela bi urte agentziatik Madrilen telesail baterako frogak zeudela adierazi zidaten. Orduan batxilergoa egiten ari nintzen. Bertan behera utzi eta Madrilera abiatu nintzen. Frogak gainditu eta SMS saioan hasi nintzen, La Sexta katean.

Txikitatik zenuen gustuko telebistaren mundua edo orain dela urte gutxiko gauza da?

Egia esanda, txikitan beste amets batzuk nituen mutiko guztiek bezala, baina anaia telebistan ikusi nuenean, interes handia piztu zitzaidan.

Orain El Internado telesaioan ikusten zaitugu astero. Zer nolako esperientzia da?

Alde positiboak eta negatiboak dauzka, jende asko ezagutzen duzu eta gustuko dudan lanbidea da. Baina askotan estres handia jasaten dut.

Lanbide gogorra al da?

Dirudiena baino gogorragoa, egia esan. Lehen esan bezala, estres handia jasaten dugu aktoreok eta dirudiena baino zailagoa da. Egia esanda, batxilergoan nengoenean baino gehiago ikasten dut eta etxean denbora asko pasatzen dut pertsonaia diferenteak interpretatzen.

Zure eguneroko errutina nolakoa da?

Goizeko 07:00etan jaikitzen naiz, jantzi eta etxe azpian kotxe bat zain edukitzen dut estudioetara joateko. Han gosaldu eta filmatzen hasten gara. Egun osoa bertan pasatzen dugu, eta 19:00etan berriz ere kotxe berdinak etxera eramaten nau. Egun guztia platoetan egoten gara, grabaketetan, bertako gimnasioan, jaten, etab. Gero, etxean pixka bat erlaxatu eta hurrengo eguneko gidoiak ikasten hasten naiz. Asteburuetan denbora libre gehiago daukat, goizean argazki sesio bat eta etxera.

Inoiz pentsatu al duzu Hollywoodera iristea?

(Barre) Egia esanda, aktore guztien ametsa da, baina oso zaila da bertara heltzea; gainera, oso jende ona dago Espainian bertan, eta bestalde, nire ingeles maila ez da oso egokia, hobetu beharra daukat bertara heldu nahi badut.

Nola daramazu famatu izatea?

Alde onak eta txarrak dauzka. Jende guztiak ezagutzen zaitu eta denbora guztian jendea zuri begira dagoela dirudi. Askotan, jazarria sentitzen naiz, baina normala izango dela pentsatzen dut. Bestalde, jende asko ezagutzen duzu eta hori alde ona dela uste dut.

Jarraitzen al duzu txikitako lagunekin harremanetan?

Orain bezala, mugikor bidez hitz egiten jarraitzen dut. Egia da gero eta gutxiago ikusten ditudala eta gehiago gustatuko litzaidakeela beraiekin egotea, baina momentuz ezinezkoa da.

Telesail batean egiten duzu lan. Gustatuko litzaizuke zinean edo antzerkian lan egitea?

Argi dago ez naizela beti telesail honetan arituko eta beste gauza batzuetan aritu beharko dudala. Antzerkia polita izango litzateke eta zinean... Hor harrapatu egin nauzu! Bakarrik esaten dizut bi pelikuletan parte hartu behar dudala eta laster zinean ikusiko nauzuela. (Berriz ere barre algarak gure artean; pelikulen izenburua ere esan digu, baina gure artean geratuko dela zin egin diogu...) David Delfin diseinatzailearen desfilean.

Orain Madrilen bizi zara. Zer moduzkoa da bertako bizitza?

Oso gogorra, familia urrun dago eta egunero lan asko egin behar dut. Egia esanda, estres handia daukat, jende guztia presaka dabil, Bergarako bizimodura ohituta, hau bestelako mundu bat da, baina poliki–poliki moldatzen ari naiz.

Lankideekin nolakoa da harremana?

Oso ona, ikaragarria. Orain dela bi astera arte telesaileko Martiñorekin bizitzen egon naiz eta oso ondo. Orain etxe erosoago batean bizi naiz ni bakarrik, handiagoa da. Denok egoera berean gaude, kanpotarrak gara eta guztia berria da guretzat; asko laguntzen diogu elkarri.

Aktore izateko zer behar da?

Nire ustez, lotsa ez izatea da garrantzitsuena, eta aurpegi politak laguntzen du. Baina gazteleraz esaten den bezala bi potro edukitzea, hori oso garrantzitsua da.

Hamar urte barru, non ikusten duzu zure burua?

Galdera zaila! Espero dut mundu honetan murgilduta ibiltzea, bizitzak bira asko ematen baititu eta goian zauden bezala jaitsi egin zaitezke eta lanik gabe geratu. Yon Gonzalez Luna (Bergara, 1986) Arrasaten batxilergoa egiten ari zenean Madrilera abiatu zen bere ametsaren bila. Gustura bizi da, baina behin eta berriz azpimarratu du zaila eta gogorra dela. Interpretazioa hobetzeko ikastaro batzuk egin ditu aktore hobea izateko. Nekatuta egon arren, bere bizitzako hamar minutu eskaini dizkigu galdeketa egiteko. Denbora osoan barrezka aritu gara. Mutil hau telebistan agertzen denaren kontrakoa da eta nork bere ametsak jarraitu behar dituela erakutsi digu.