Ekainaren 15ean Araba Euskaraz jaia ospatuko da Bastidan, Arabako Errioxan. Beste urte batez, euskaltzaleak euskal lurralde honetako ikastola bati laguntzera gerturatuko dira eta antolatzaileak zeruari begira daude dagoeneko. Bastida Ikastolari laguntzeko batuko da dirua, eta bertako zuzendariarekin mintzatu gara xehetasun gehiagoren berri edukitzeko. Nor da Xabier Muñoz? Bastida Ikastolako zuzendaria; iritsi berria naiz zuzendaritzara. Baina denboratxo bat daramat pedagogia arloan lanean, heziketa fisikoko irakaslea bainaiz gainera. Eta zer moduz kargu berrian? Ederto. Hala ere, bagenekien urte gogorra izango zela Araba Euskaraz festa antolatzea tokatu baitzaigu. Saltsa askotan sartuta gaude, ez ni bakarrik, hemen gabiltzan guztiok baizik. Gauza batekin hasi eta ahal dugun guztian laguntzen amaitzen dugu! Zer egiten du sopelar batek Bastidan? Egia esan orain bost bat urte bertatik deitu ninduten ordezkapen txiki bat egiteko. Ondorengo ikasturte osoa ikastola honetan emateko aukera izan nuen eta ordutik hementxe nago. Kasualitatez izan zela esango nuke. Gustura? Oso! Astean zehar hemen geratzen naiz, baina asteburuetan herrira bueltatzeko ohitura daukat. Sopelatik Bastidara. Ikastola txiki batekin egin zenuen topo. Egia esateko asko handitzen ari den ikastola da, baina jakin behar da noski, izatez ikastola txikia dela. Matrikulazioak proportzionalki gorantz doaz, baina ikastola handiekin konparatuz gero, kopuru txikia da. Bere alde onak eta txarrak ditu. Esaterako? Jendearekin gertutasun gehiagoa ematen dizula, adibidez. Baina eskualde honetan euskarari dagokionez gauzak desberdinak dira beste toki batzuekiko alderatuta. Izan ere, euskaltegian eta ikastolan erabiltzen da gehien bat, baina hortik kanpo, zoritxarrez herrian apenas existitzen da euskara. Erronka bat da, beraz. Bai, baina gogorra den bezalaxe motibagarria ere bada. Hirugarrenez hartuko du Bastidak Araba Euskaraz ekainaren 15ean. Hala da. Aurrenekoz 1989an ospatu zenean, Bastida euskaldundu eta bizi apur bat emateko antolatu zen batez ere. Bestalde, matrikulazioen gorakadak ez zigunez eraikin zaharrean eroso lan egiten uzten, orain lau urte antolatutako festaren bidez (2006an) herriari bizia eman, euskara bultzatu eta bide batez eraikin berriari ekonomikoki aurre egin genion. Eta 2008a haren jarraipen bat izango da. Izan ere, leloak dioen bezala, Bastidan Ametsak dirau... Noski! Orduan ikastola berria eginez hasi genuen ametsa. Araba Euskaraz 2008aren bidez, geratzen zaigun mailegu luzeari aurre egingo diogu ahal den neurrian. Zer nabarmenduko zenuke zuk zeuk aurtengo jaitik? Belaunaldi guztientzako ekintzak antolatzen saiatu garela, ez bakarrik gazte edo haurrentzako ekimenak, eta espero dugu asmatu izatea. Bestalde, tokiari dagokionez ere azpimarragarria dela esango nuke. Eta zer berezitasun dauka bada tokiak? Ibilbidea San Gines parkean izango da batez ere; Toloño mendiaren magalean aurkitzen da. Arabako Errioxan, normalean zuhaitz gutxi eta lurra oso lehorra izan ohi da... Baina San Gines parkea belardi izugarria da, zuhaitzez betea eta ondorioz, itzal askorekin. Oso polita da eta herritik gertu dago, hogei bat minututara, gutxi gorabehera. Azkenik, aukera daukazu gure irakurleak Araba Euskarazera animatzeko. Bai ikastolak eta bai herriak ere euskaltzale guztion laguntza behar dute. Festan parte hartzeko eta euskarari bultzada emateko, etor zaitez Araba Euskarazera. Bide luzea daukagu aurretik eta! Xabier Muñoz (Sopela) Xabier Muñoz Bastida Ikastolako zuzendaria da; duela denbora gutxi hartu zuen kargu hori. Hala ere, ez da ikastolan berria, bost urte baitaramatza eskolak ematen. Araba Euskaraz jaia gainean dutela-eta, berarekin mintzatzeko aprobetxatu dugu.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.