443 Zenbakia 2008-06-06 / 2008-06-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bastida Ikastolaren historia

BASTIDA IKASTOLAko IRAKASLEAK



Bastidak hirugarrenez ospatuko du aurten Araba Euskaraz festa. Lehenengoa, 1989. urtean izan zen eta orduan amets eder bati hasiera eman zioten, ikastola sortzeari hain zuzen ere. Bigarrenez, 2004. urtean hartu zuen jaia Arabako Errioxako herriak, eta bildutako diruarekin, ikastolak eraikin berria estreinatu ahal izan zuen 2006–2007 ikasturtean. Hirugarren honekin, oraindik ordaintzeke daukaten maileguari egingo diote aurre. Bastida Ikastola. Argazkia: Araba Euskaraz.

Hastapenetik, zifrak goraka doaz. Apal hasi zen eta gaur egun, berrehun ikasle dira gutxi gorabehera Bastida Ikastolara egunero gerturatzen direnak. Ikasleak, hamahiru irakasleren gidaritzapean. Bi urtekoak dira gazteenak eta DBH ikasten dihardutenak berriz, nagusienak. Bastida eta inguruetako lagunak hurbiltzen dira, denak euskaraz mintzatzen, euskaraz jolasten; ikasketen munduan murgilduz.

Baina ba al da inor hoberik bertako langileak baino ikastolaren historia kontatzeko? Hona hemen abenturaren nondik norakoak, protagonisten lumetatik irtenda:

“2006ko irailaren hasieran Arabako Errioxako Bastida herrian hasiera eman genion ilusioz betetako bidaia honi. Bastida eta inguruko haurrak, itsasontziarekin liluraturik bitan pentsatu gabe sartu ziren barrura, nagusiei lekurik utzi gabe. Bakarrik hango sukaldari eta marinelok geratu ginelarik.

Hain ondo pasatzen zuten haurrek itsasontzian, handik ateratzerik ere ez zutela nahi, horregatik, udazkeneko larunbat goiz batean ontziratzea ospatu eta itsasontziak bere bidaiari hasiera eman zion haur guztiak barruan izanik.

Urte asko iraungo zuen bidaia hasi zen momentu hartan, bai haurrak eta baita marinelok ere, elkarrekin bizitzen ikasi behar izan genuen, nahiz eta noiz behinka tira–bira batzuk izan.

Gauza batez jabetu ginen, haurrak aspertzen hasi zirela, alegia, beti marinelen kontuak egiten eta entzuten. Eta beraien adinerako aproposak ziren ekintza eta jolasak pentsatzeari ekin genion. Haurrei atsegin handia hartu genienez, gogor aritu ginen lan honetan eta gauza txikietatik hasita pixkanaka haurrentzako ikastontzi bat prestatu genuen.

Hasteko kamaroteak: bakarrik lo egin beharrean taldeka lo egiten hasi ziren haurrak, ze ondo pasatzen zuten gaueko marmarretan!!. Libre geratu ziren kamaroteetan, ikasgelak antolatu eta tripulazioa martxan jarri zen. Blakandeker kapitaina buru genuelarik ikasgelarako materiala prestatzen hasi ginen, aulkiak, mahaiak, arbelak, armairuak, apalategiak...

Beti bezala ezusteak gertatzen direnez, gure bidaian ere hainbat izan genituen. Ekaitzak, euri jasak, itsasikarak, iceberg–ak eta abar.

Itsasontziak leku guztietatik bidaiatu behar zuenez ingelesa irakastea pentsatu zuten marinelek. Halako batean, drop–drop–drop tripulatzaileak abesten hasi ziren, itsasontzia urez betetzen ari da!! eta beste askotan bezala, denok babesera!! garrasi egin genuen marinelok. Eskerrak eguzkia azkar atera zen eta bere izpiek ur guztia lehortu zuten. Kaiaren inguruan olatu handiak hasi ziren mugitzen eta itsasoaren ingurua eta itsasontzi–ikastontzia putzuz beteta geratu zen. Oh!! Arazo larria, hura arazo larria!! eta konpontzera!! Egun argia iristean tripulatzaileak eta marinelak jo eta ke lanean geundela, burrunbada entzun zen. Itsasontzia mugitzen hasi zen alde batetik bestera, denok leihatiletara hurbildu eta han ikusi genuen itsas barne–barnetik apisonoustroa ateratzen.

Handik geroztik putzu gutxiago izan genituen baina jauregietan bezala, baten bat geratu zen. Halako putzu batean iratxoak bizi ziren eta etxe gabe geratu zirenez, gure ikastontzira etorri ziren bizitzera. Denok ezagutzen dituzue iratxoen bihurrikeriak, behin eta berriro gertatzen diren: gauzak lekuz kanpo, hankaz gora...

Iratxo guztiak harrapatu artean iraungo du bidaia luze honek. Tranpak prestatuta daude, marinelak bere postuetan eta haurrak laguntzen. Batek jakin nola bukatuko den, ziur bukaera, ona izango dela, abentura guztietan bezala”.