445 Zenbakia 2008-06-20 / 2008-06-27
Okupazio alemaniarraren garaian muga pasatzeko Euskal Herria izan zen –pasarte errazenak baitzituen bere mendietan– milaka eta milaka iheslarik hartu zuten pasagune erabiliena: Lan Bortxatuen Zerbitzuari (LBZ) ihes egiten zioten gazteak, errepresio naziari ihes egiten zioten juduak, Erresistentziako partaideak... Baigorriko ikuspegi bat.
Ugariak izan ziren erresistentzia horretan lagundu zuten euskaldunak. Laguntzaile, gordetzaile... Hauen eguneroko bizia eta gertakariak ulertzeko, Pierre Inda erresistentzia kide ohiak 1939tik 1945ra ohiak bizi izan zuen istorioa kondatu digu.
Bigarren Mundu Gerla 1939an hasi zen eta mobilizazio agindua ukan zuen Pierre Indak gerlara joaiteko; 1940ko ekainean preso eramana izan zen Alemaniara. Bi urte berantago askatua izan zen eta bere herrira eramana, Euskal Herrira, Baigorrira hain zuzen; baina alemanen presoa izanki, Baigorriko ikatz lantegian lan egitera bortxatzen zuten azken hauek. Beti hor zela segurtatzeko, hiru hilero Donibane Lohitzuneko komandantzian aurkeztu behar zuen bere burua dokumentu aleman baten erakusteko eta beti preso zela jakinarazteko. Handik denbora guttira, zurgindegi batean sartu zen lanean.
Lan horri esker, errazkiago ibiltzen ahal zen herri batetik bestera; garai hartan lanean ibiltzeko baimena zutenek bakarrik pasatzen ahal ziren herrien artean. Bere nagusiak zion eman, nahiz eta ez deretxo izan. Orduz geroztik hasi zen LBZtik ihes egiten zuten gazteen laguntzen, Baionan galdurik egoiten zirenak mugaren beste aldera pasaraziz. Proposatzen zien, beraz, haien laguntzea, eta menditik pasatzen zen Urepeleko bidea hartuz, Burgetera heltzeko. Gisèle Lougarot–ren Dans l’ombre des passeur.
Eta denbora pasa arau, paper faltsuak egiten hasi zen, hau da, nortasun agiri eta beste, ezinbestekoak baitziren herri batetik bestera pasatzeko. Ezagutua bilakatzen baitzen, ez zituen gazteak pasarazten bakarrik, baita Erresistentziaren jende garrantzitsu batzuk ere. Jendeak gorde eta pasatzeaz gain, Erresistentziaren dokumentu garrantzitsuak ekartzen zituen Madriletik Paris arte (harremanak aliatuekin, etsaien aurkako prestakuntzen planoak...). Garai batez, hiru aldiz joaiten zen astean Parisera.
Eta egun batez alemanek atzeman zuten eta hiru hilabetez Biarritzen kartzelaratu, non torturatua izan zen. Ez du sekulan jakin nolaz harrapatua izan zen, baina bere ustez salatua izan zen. Bere emaztegaiari esker zen askatua izan, jakin gabe nola. Ezkontzea erabaki zuten eta mugaren beste aldean bizitzera joan ziren, Pierre Indak Erresistentzian “ofizialki” lan egitea erabaki baitzuen.Gerla bukatu eta, Pierre Inda behar den bezala eskertu zuen Estatuak.
Gaur egun, Inda jauna Itsasun bizi da eta beti ber gizon bizia da. Oraindik anitzetan gertatzen zaio bere istorioaren kondatzea, Gisèle Lougarot–ren Dans l’ombre des passeur liburuarentzat egin duen bezala.