446 Zenbakia 2008-06-27 / 2008-07-04

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Itziar Aguirre (Sukaldaria): Azkoitian nire lehengusuekin egon nintzen; ez nuen pentsatzen nik ikasitako euskara kalean eta tabernetan topatzea

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA

Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes

Rosariokoa da Itziar, eta bertako euskal etxean sukaldean ikusi ahal du bertaratzen den edonork; bazkariak–eta prestatzeko ardura berea baita. Euskaraz hitz egiten du, azkoitiarrez, eta Euskal Herria Hortik Hara taldeko lagunak berarekin mintzatu dira. Aurkeztu zaitez eta esaguzu, zer harreman duzu Euskal Herriarekin?

Ni Itziar Aguirre naiz, euskal etxeko sukaldaria naiz. Beti ukan dut harremana euskal etxearekin, txikitatik nire aita–amek ekartzen zidatelako dantzatzera eta kantatzera . Orain jatetxean arin naiz lanean, nire familiarekin, badira jada 13 urte hemen nagoela. Zazpiak Bat euskal etxea.

Zure gurasoak eta zu non sortu zarete ?

Nire amaren aldeko familia Azkoitikoak dira eta aitaren aldetik aldiz. bizkaitarrak, Berrizkoak. Nire aita orain dela hamabost urte hil zela, txikitan Rosariora etorri zen eta nire amarekin ezkondu. Bien artean beti euskaraz hitz egiten zuten.

Ni Rosarion jaio naiz, eta txikitatik nire amama, anai–arreba eta amarekin euskaraz hitz egiten dut; nire euskara hizkera azkoitiarra da.

Zazpiak Bat euskal etxean norekin hitz egiten duzu euskaraz?

Orain ez da hitz egiten, amona eta aitona ez daudelako. Baina denbora askoan gure amona eta aitonarekin euskaraz hitz egiten nuen. Zazpiak Bat euskal etxean ez dago jenderik euskaraz hitz egiteko, nire etxean bakarrik egiten dut.

Eta zure lagunekin ?

Ezta ere. Nire lagunak euskal etxekoak dira, eta beraiekin erdaraz hitz egiten dut.

Euskal Herrira joateko aukerarik ukan al duzu?

Bai. Lazkaora joan nintzen behin euskara ikastera. Eta pasa den urtean aukera ukan nuen ere sukaldaritza ikastera joateko. Orain arte bi alditan egon naiz.

Orduan egon al zinen Azkoitian? Nola pasa ziren egun horiek eta zeintzuk izan ziren inpresioak?

Azkoitian nire lehengusuekin egon nintzen. Nire etxean bezala sentitzen nintzen. Ez nuen pentsatzen nik ikasitako euskara han, kalean eta tabernetan topatzea. Oso harrituta gelditu nintzen. Gainera badut berriro joateko gogoa, dirua aurrezten ari naiz joan ahal izateko, garestia baita guretzat.

Gerora, haurrak baldin badituzu, zuk ikasitakoa zure seme–alabei transmititu nahi al zenieke ?

Seguru baietz, baina zaila da. Nire mutil lagunak ez dauka deus ikusteko euskal kulturarekin, baina oso zabala da maila horretan. Bai, seguru zerbait egingo dugula gure haurrentzat. Baina pentsatzen dut bi kulturak transmitituko dizkiegula, argentinarra eta euskalduna. Ez dut nire euskara galdu nahi eta ahaleginak egingo ditut nik eta gerora nire seme–alabek gal ez dezaten. Itziar Aguirre (Rosario) Hogeita hamar urte dituen gazte hau Argentinakoa da, Rosarikokoa hain zuzen ere. Bertako euskal etxean dihardu lanean, sukaldean lapiko artean ibiltzen baita. Arbaso euskaldunak ditu eta birritan izan da Euskal Herrian. Berriz itzultzeko asmoa ere badauka.