Euskonews Gaztea
Gaiak: Abenturaren amaiera
Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes
Euskal Herria Hortik Harako lagunak Euskal Herrian dira jada. Ekainaren 10ean sartu ziren baina segidan irakurriko duzuena oraindik beraien abentura bizitzen zihardutela idatzitako lana da, beraien ikuspegia bertako euskaldunei eta euskal etxeei buruz. Mila esker hiruroi! Haitz, Marina eta Antton Uruguayn.
Uruguaitik idazten dugu bidaian egindako azken artikulu hau !
Venezuela utziz geroz, maiatzaren lehenetik Argentinako eta Uruguaiko euskal etxeak zeharkatzen ditugu herri batetik bestera. Hala ere, gure lana errazteko eta denboraren banatzeko, ibilbide zehatz bati lotu gara, distantzia handien eta genuen epe laburraren araberakoa. Erran behar da, Argentinari lotzen bagira adibidez, 50 euskal etxe baino gehiago dituela eta 90 bat elkarte euskaldun daudela.
Hortarako gure ibilbidea halakoa izan da: Buenos Aires, Parana, Rosario eta La Plata Argentinan, lehen hiru asteetan; segituz Montevideo eta Carmelorekin Uruguayn 10 egunez ; Buenos Airesen bukatzeko azken astean, lana gehiago sakontzeko.
Argentinan egindako zentroen itzuliaz anitz gauza ikasi ditugu.
Lehenik, laster ohartu gara Euskal Herrian bezain konplexua direla euskaldunen eta zentro ezberdinen arteko harremanak. Euskal Herriko gatazka politikoak ere ongi islatzen dira Argentinan, kulturala balitz bezala gure artean kalapitan hartzea. Paranako batek errandako esaera batek ondo fenomenoa laburtzen du : “hiru lagun daudenean lau iritzi atzematen ditugula...” Baina dauden kalapitak desberdinak dira leku batetik bestera eta kasu batzuetan grabetasun baten adierazle. Paranako familia batekin.
Alde batetik, pertsonen arteko arazoek eta kudeantza desadostasunek bereizi dituzten kasuak dira, Paranan bezala, non Ibaiguren (krisi denboran momentukoz) eta Urrundik euskal etxeak dauden.
Bestalde, euskal etxeen politizazioak eragiten dituen zatiketak. Segitu aitzin, politizazioa aipatzen dugularik, hitzaren zentzu orokorrean dela zehaztu behar dugu, eta ez da baitezpada alderdi politikoen eskusartzearen zentzuan. Euskal etxe guziak ofizialki apolitikoak dira eta ez zaie erran behar kontrarioa : “politika” hitzak pisu handiegia du eta konprometigarria izan daitekeela ematen du. Alta, haien funtzionamenduaren arabera, politika kulturalek eta euskaltasunaren funtsak ere, zentzu desberdinak hartzen dituzte leku batetik bestera. Bi adibide har ditzagun azken kasu honena hobekiago ulertzeko.
Lehenik, Buenos Aireseko euskal etxeena. Han ohartzen gara euskal etxe anitz dagoela ; baina hori ez da auzo ezberdinek haien euskal etxea izateko, baizik eta euskal etxe bakoitzak postura ideologiko bati erantzuten diolako, garai ezberdinetan gertatutako zatiketen ondorioz, arrazoi ezberdinengatik. Horretarako daude Laurak Bat (euskal etxerik zaharrena munduan), Eusketxe, Gure etxea, Euskal Frantses zentroa baita nafar zentroa eta horien barnean ala inguruan dauden hainbat elkarte. Euskal etxeen politizazio horrek eragin handia du euskal etxeen bizian eta erran behar da Hego Amerikako euskal etxeak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen eta programa desberdinen erritmoan bizi direla, baldintzatuak izanez hein batean. Honek, batzuetan isildua den tentsio bat sortzen du...
Horrez gain, euskal etxe batzuek harreman sendoak atxikitzen dituzte, beste batzuen arteko kalapitak bortitzak izan ziren eta testuinguru latzean gertatuak. Hala nola, Eusketxeren sortzea, Laurak Batek egindako jende baten bazterketaren ondorioa izan da, duela zonbait urte bakarrik... Euzko Etxeko euskara klaseak.
Bigarren adibidea Rosariokoa da. Ofizialki Rosarion euskal etxe bat dago: Zazpirak bat. Honen parean, ber kalean ere nafar zentroa dago, baina hango jendeak esplikatu digun bezala haiengana itzuli garenean, “Euskal kulturaz hitz egin nahi baduzue, parean dagon atera jo, gu nafarrak gara, espainiakoak”.
Erabat harritu gintuen, baina ez horrek bakarrik. Euskal etxean ere harritu ginen jakitea ezagututako gazte dantzari talde bat, dantza taldetik kanporatua izan zela (5 urtetarako) eta ez zutela euskal etxeko aktibitate ofizialetan parte hartzeko eskubiderik, haien iritzi politikoengatik, labur kontatzeko. Alta, euskal etxean egoten segi dezakete eta han topatu genituen; arazo honen ondorioz sortu dute “Akelarre” irrati programa, euskal etxetik kanpo.
Horrek erakutsi zigun zertara eraman dezakeen Euskal etxeen “politizazioak”, eta fenomeno hori konfirmatzen da Uruguayn. Pentsa dezakegu horren ondorioz euskal arbasoa duen jende anitz euskal etxeetara ez dela hurbiltzen... baina ez honek bakarrik noski.
Azpimarratu behar da ez dela denetan hala pasatzen eta La Platako euskal etxeak zentzu horretan ohorezko txapela dauka. La Platan ere iritzi anitzak daude euskal munduari buruz, baina ber etxean eztabaidatzen dira, edo guttienik, bakoitzaren iritziarentzat lekua badago. Honek segurki esplikatzen du zergatik han aurkitu ditugun gazte gehienak eta parte hartze handiena aktibitate ezberdinetan.
Politizazioa nabarmentzen da beraz Argentinan zein Uruguayn ; baina gauza guzientzat bezala, badira beti alde onak, eta gauza onetariko bat da bi herrialde hauetan dagoen dinamika maila azkarra dela . Euskal kulturaz, Euskal Herriaz kezkatzen da jendea, eta euskaltasunaren adierazpenean aberastasun handia nabaritzen da.
Rosarioko irrati programa aipatu dugu gorago, baina aipa ditzazkegu ere Parana, La Plata eta Montevideokoak.
Dantza taldeek ere kide anitz dituzte eta euskal mitologia, zinea, kantuen ikastea, sukaldaritza baita beste aktibitate anitz praktikatzen dira ere. Pilotari dagokionez, euskal munduaz gaindi hedatua da aspalditik eta Euskal Herriarekin ere ikustekorik ez duen jende anitzek praktikatzen dute.
Preseski, euskal arbasorik ez dutenak aipatzen ditugula, erran behar da ateen zabaltzea kanpoko jendeari euskal etxe anitzek ezagutu duten garapenetariko bat izan dela. Fenomeno honek geroari begira kezka anitz sortzen badu ere, badirudi bere alde baikorrak sentitzen hasten direla.
Lehenik, euskal kulturaren interesaren eta aberastasunaren froga bat da eta gure kultura beti urrunago zabaltzen du. Horrez gain, Haize Hegoa, Montevideoko euskal etxean ezagututako bi euskara erakasleen kasuek esperantza ematen dute geroari begira. Hala nola, bi gazte emakumeek (25 urte inguru), dantzan ibiliz geroz ttikitan, euskara ikasi dute 15 urterekin barnategian eta interneten bidez, erakasle bilakatzeko azkenean; eta hori, Euskal Herriarekin lotura zehatzik izan gabe. Gaur egun, euskaldun anitz baino askoz hobeto hitz egiten dute euskaraz...
Goizegi da bidai osoaren bi lan baten egiteko hainbeste gauza aberasgarri ikusirik diasporako mundu zabalean, baina segur dena buruan oroitzapen eta momentu azkar anitzekin sartuko garela Euskal Herrira ekainaren 10an.
Laster arte eta milesker lagundu eta segitu gaituzuen guztiori!
Antton, Marina eta Haitz Euskal Herria Hortik Hara ko kideak
www.myspace.com/ehortikhara