446 Zenbakia 2008-06-27 / 2008-07-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Argentinatik Lazkaoko Maizpide barnetegira

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Urtarrilean Argentinako lagun talde bat Lazkaoko Maizpide barnetegira iritsi zen, horien artean hiru neska: Natalia, Rocio eta Maria Belen. Familia ezberdinetan egon dira bizitzen eta laster itzuliko dira beraien sorterrira. Baina Euskonews Gaztearentzat tartetxo bat eduki dute. Rocio, Natalia eta Belen.

Hasieran apur bat lotsatuta, laster hartu diote baina hizketaldiari gustua. Euskaraz zein ongi moldatzen diren ikusteko aukera izan dugu. Ikasgela batean sartu eta mahi baten bueltan eseri gara. Hasteko, gai erraz bat planteatu diegu; aurkeztu zeuen buruak:

“Kaixo. Ni Natalia Hormazabal naiz, 26 urte ditut, eta San Nicolasen bizi naiz. Hango euskal etxean orain dela hiru urtetatik euskara eskolak ematen ditut.”

“Kaixo. Rocio Basterra del Vall Iturria daukat izena eta, Patagoniakoa naiz. Nik ere hiru urte daramatzat euskara irakasten. Hiru euskal etxetatik bueltaka ibiltzen naiz.”

“Maria Belen Girasole da nire izena eta Buenos Airesekoa naiz. Hogeita hiru urte ditut eta eskola batean lan egiten dut; euskal kultura irakasten diet gaztetxoei.” Argentinatik Lazkaora

Badirudi askatzen hasi direla eta derrigorrezko galdera luzatu diegu, nolatan etorri dira Argentinatik Lazkaora? Bai Nataliak eta baita Rocio eta Belenek ere, internet bidez ikasi dute euskara, eta prozesu hori amaituta, “Lazkaora etorri eta euskara hobetzeko aukera izan dugu,” eman digute aditzera.

Nataliaren aitonaren aitona euskalduna zen eta bere esanetan, horregatik dago euskal etxean. “Aitonak ez zekien euskaraz, baina hala ere, ahalegindu zen ikasten; ezin izan zuen, ordea”. Horrek motibatuta hasi zen Natalia hizkuntza hau ikasten.

Rocioren kasua antzerakoa da. Aitona euskalduna zuen, baina berak ez zuen ezagutu: “amonak kontatzen zidan aitona euskaldun sentitzen zela eta horregatik hasi nintzen euskal etxeko bizitzan parte hartzen”. Lazkaoko euskaltegi / barnetegia.

Belenen kasua bestelakoa da. Ez dauka euskal jatorririk, bere familia Italiakoa baita. Baina bere mutil–lagunak euskal arbasoak zituela jakin eta euskara ikasten hasi zen. Eta etxeratzen zen bakoitzean ikasitakoa partekatzen zuen Belenekin, eta azkenean, bera ere euskal kulturan guztiz murgildu da. Euskara ikastearen alderik zailena

Galdera entzun bezain pronto, “hitz egitea”, erantzun dute hirurek batera. Teoria erraza egiten zaie, baina hemengo batekin hitz egitea ez zitzaien horren erraza egiten hasieran, ulermen aldetik hainbat arazo izaten baitzituzten. “Baina zaila izan arren, asko gustatzen zaigu euskalki ezberdinak entzutea”, gaineratu dute. Nola moldatu dira Lazkaora?

Lazkao herri txikia izanki eta Argentinan tamaina izugarriko hirietan bizi direla kontuan hartuz, ezinbestean galdetu beharreko kontua da hau. Nola moldatu dira Lazkaoko lasaitasunera? Hasieran zail ikusten zuten arren, ederto egokitu dira hiru neskak Gipuzkoako herri honetara. Natalia, adibidez, Rosariotik dator eta milioi bat biztanle ditu hiriak. Lazkao oso txikia iruditu zitzaion eta zaila egingo zitzaiola pentsatzen zuen. “Baina ez da horrela izan!”. Hirurek ala hirurek, nahiago dute hemengo lasaitasuna beraien hirietako mugimendua baino. Maizpide barnetegia.

Egun arrunt bat kontatzeko eskatu eta Maizpiden egun denak oso antzerakoak direla aipatu digute. Bederatzietan hasten dira eskolak eta hamaiketan aurreneko atsedenaldia izaten dute; ondoren, berriro ere ikasgelara. “Ordu batetan bazkaldu eta ostean idazlanen txanda izaten da; asko idazten dugu, asko!”, gaineratu dute. Eta barnetegitik kanpo?

“Oso ondo pasatzen dugu hemendik kanpo”, aipatzen du Rociok. Aspertzeko denbora gutxi daukate gure argentinarrek. Eta adibide garbiena Natalia eta Belen dira. Biak familia berean daude, (nahiz eta etxe ezberdinetan bizi) eta baserri bat daukate. “Ia igandero elkartzen gara, kasu batzuetan 50 pertsona! Kide batek trikitia jotzen du, jatordu ederrak egiten ditugu...” Nor asper daiteke, bada, horrelako anfitrioiekin? Hiru neskak Maizpide Barnetegiaren atarian. Ikasitakoa, praktikan

Argentinan aurrena, Lazkaoko barnetegian ondoren. Euskararen munduan sakontzeko nahiak ekarri ditu hiru lagun hauek Euskal Herrira. Baina benetako unea, kalera irten eta euskaraz mintzatzean iristen da. Nolako esperientzia izan ote dute? Jakin badakigu eta, kasu askotan ezin erabili ahal dugula euskara.

“Hala da. Goierri aldean ez, baina beste toki batera joanez gero (Bilbo edo Donostia kasu), ez da horren erraza euskaraz hitz egitea”, esaten digute zalantza izpirik gabe. Pasadizoen txanda

Sei hilabete euskara hobetzen. Denbora horretan, ziur gaude euskararekin lotutako istorio bitxiren bat edo beste pasatu zaiela; eta antza, ez gabiltza oker!

“Hiztegiarekin, batez ere. Esaterako, lagunekin hitz egiterakoan esaten digute gure euskara oso formala dela eta ez dugula horrela hitz egin behar, hizkuntza kaletarrago bat erabili behar dugula! Gainera, Argentinan euskara hitz egiten da –batez ere nagusiek– eta beraien euskara ez da gurea bezalakoa, desberdina da. Hona etorri eta gurea oso formala dela entzun behar. Bestalde, harrigarria egiten zaigu hemengoek euskara eta gaztelania nola nahasten duten. Esaterako, egon al zara estudiatzen? galdetzen digute, eta noski, guretzako hori ez da batua...Eta nahastu izan gara sarritan!”Euskal Herriaren ikuspegia

Gure herriaz hitz egiteko eskatu diegu, gauza on eta txarrak aipatzeko. Alde positiboekin hasi dira. “Gauza asko daude hemen gustatzen zaizkigunak. Ohiturak eta tokiak esaterako, baita ume eta helduen euskararen erabilera ere”. Bestalde, ez dituzte euskara gorrotatzen duten pertsonak ulertzen, baina horiek ere errespetatu behar direla diote. “Guk esfortzu handia egiten dugu euskara ikasteko, eta hizkuntza hau zergatik ikasten dugun galdetzen digute askotan. Bestalde, maiz ikusi dugu lagun koadrila batean hamar pertsona egonda eta batek ezik gainerakoek euskaraz jakinda, gaztelaniara jotzen dutela, moldatu behar dena euskaraz ez dakiena denean! Hori aldatu egin behar dela deritzogu. Errespetua izan behar zaio euskal hiztunari eta momentuz hori ez dela horrela iruditzen zaigu.” Lazkao Txikiren omenezko eskulturaren aurrean. Argentina eta euskara

Beraien herrialdean euskararen egoera pixka bat gehiago ezagutu nahian, galdera sinple bat egin diegu: Argentinan euskara ikasi nahi duen jende asko al dago? Nataliak hartu du hitza aurrena. “Badago jendea, zonaldearen arabera gehiago edo gutxiago dira. San Nikolasen 15–16 bat daude eta Rosarion 10 bat. Hala ere, maila oso baxuko eskolak dira, astean behin edo hilabetean birritan elkartzen baikara. Gehienak arbasoengatik joaten dira, momentu on bat igarotzera...”

Eta segidan hirurak batera hasi dira hizketan. Hala ere, ondorio berdinera iritsi dira: klaseak emateko arazo komun bat daukatela, alegia. “Argentina oso handia da eta eskolak toki ezberdinetan ematen ditugunez, esate baterako sei orduko bidaia egin behar izaten dugu irakasle lanetan ibiltzeko. Horregatik, joaten garen bakoitzean eskola intentsiboak ematen ditugu, kasu batzuetan bederatzi ordu igaro ditzakegularik. Ondorioz, zaila izaten da aurrera egitea, hurrengo hilabetera arte itxaron behar baitute beste eskola bat hartzeko. Baina ikasleek ikasten jarraitu nahi dutenez, aurrera egiten dugu”. Folklore pixka bat

Ia ordubeteko hizketaldiaren ondoren, ohiko galdera batekin amaitu gura dugu. Izan ere, jende askok Euskal Herria kanpotik begiratzen dutenean, euskaldunak folklorearekin lotu ohi dute. Belen, Rocio eta Nataliaren iritzia jakin nahi dugu gai honen inguruan. “Egia da jende askok hemengo ikuspegi tradizionala daukala, eta hona etortzen direnean errealitatea ikusi eta ez zaiela batere gustatzen. Baina, gu ahalegintzen gara bestelako errealitatea gerturatzen argentinarrei. Haientzako Euskal Herri ideala Iparraldea da, naturagatik, euskaldunengatik... Baina hau ere badela ikusarazi behar zaie!” Hala ere, aitortu digute beraiek orokorrean euskal folklorea atsegin dutela, “gustuko ditugu euskal dantzak, pilota, musika...”

Euskal Herrian igarotako sei hilabeteak benetan probetxuzkoak izan zaizkie Rocio, Belen eta Nataliari. Beraien hitz jarioa arina da eta ederki moldatu dira gure bazterretan barrena. (Rocio eta Nataliak ETBko Mihiluze saioan parte hartu zuten, esaterako!)

Plazer bat izan da haiekin denbora igarotzea, luze izan ez arren, momentu oro aprobetxatzeko duten alaitasuna transmititzen baitigute. Esan liteke kutsakorra dela, Maizpide barnetegitik irteterakoan egunak argitsuagoa baitzirudien.