447 Zenbakia 2008-07-04 / 2008-07-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Baleki gazteak, baleza zaharrak arrakastatsua

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Zuriñe Velez de MendizabalBideoa: Andres Espinoza



Eusko Ikaskuntzaren Gazteria Sailak antolatuta, bertso-trama saio bat egin zuten Donostian. Ekainaren 26an kafe antzokian izan zen hitzordua, arratsaldeko zortzietan eta asmoa, sail horrek izango duen irudia jendaurrean aurkeztea.

Ordubete lehenago, baina, dagoeneko jende ugari zegoen bertan, bat baino gehiago ekitaldia bertatik bertara gozatzeko toki onenaren bila joanda. Gainera, bertaratzen ziren lehenengo ehun pertsonei edari bana emango zitzaiela iragarri zenez, pizgarri izan zen askorentzako.

Hitzartutako orduan hasi zen ekitaldia; Josu Goikoetxeak hartu zuen hitza aurrena eta aurkezpen txiki bat egin ostean Izaskun Saez Velasco irudiaren egileari saria eman zion. Txalo zaparraden artean bertaratutakoei eskerrak eman eta bertso saioari hasiera eman zioten.

Goikoetxea gai jartzaile edo tramagile zutela, Uxue Alberdi eta Sustrai Colina bertsotan aritu ziren, Unai Gaztelumendik bertsolarien istorioak paperean margotzen zituen bitartean. Hala ere, azken hau bertsolaria izanki, marrazki bakoitzaren bukaeran bere ekarpena egiten zuen kantuan. Hiruek lan txukuna egin zuten 45 iraun zuen ekitaldian zehar eta publikoa kontakizunean murgildu zen erabat; ez ziren lotsatu barre eta txalo egitean.

Tramagileak paperak banatu zituen aurrena. Uxue, Mari Eguren deitutako 90 urteko amona da, andere?oa gaztetan, bere memoria oso garrantzitsua izan da beti eta nabaritzen du huts egiten hasi ziola. Sustrai berriz, bere biloba da, eta lagunekin festa egitera irten beharrean etxean geratzea egokitzen zaio amona zaintzen. Hala, amonak bilobari bere bizitzaren historia kontatzen dio; hau izan zen tramaren ildo nagusia.

Bizitako pasadizoen artean daude, besteak beste, amonak aitona ezagutu eta faxistek hil zuteneko garaia, 50. hamarkadan Elbira Zipitriaren ikastolan lan egiten zuenekoa, Francoren heriotza, Joxe Miel Barandiaran bisitatzera joan zenekoa... Istorioaren amaieran, bilobak ahaztu du lagunekin ateratzeko zuen grina.

Hala, nagusien garrantzia eta hauen ezagutza azpimarratzea lortu zuten gure historiako pertsonaia esanguratsuak erabilita. Ostegun iluntzean amaitu zuten bezala, hitz berdinak erabilita amaituko dugu kronika:

Zaindu zuen amonak!