Euskonews Gaztea
Gaiak: Ei Gazte! logotipo berria estreinatzen
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Argazkiak: Ainara Iraeta
Ekainaren 26an Donostiako Kafe Antzokian, Dokan, Eusko Ikaskuntzaren Ei Gazte!ko (Gazteria Saila) logotipoa aurkeztu zuten. Izaskun Saez Velasco egilea ere bertan egon zen eta bere esanetan, lehiaketan parte hartzeko arrazoiak bat baino gehiago izan ziren. “Deigarriak egin zitzaizkidan bai eskaintzen zuten saria (1.500 euro) eta baita jorratu beharreko gaia ere.”
Arrazoi berberek eta beste batzuek motibatuta, Gazteria Sailaren deialdiari hogei bat pertsonek erantzun zioten. Kontuan hartzeko baldintzak ziren, besteak beste, Eusko Ikaskuntzako bazkide eta 16–30 urte bitarteko gazteak izatea.
Lanak maiatzaren 15era arte aurkeztu ahal izan ziren eta epearen barruan aurkeztutako lanak aztertu zituen epaimahaiak. Maider Lopez artista izan zen epaileetako bat eta bere hitzetan, “bazeuden zenbait lan beraien artean elementu asko komunean zeuzkatenak.” Hala ere, aukeraketa bat egin zuten, “eta azkenean finalistak elementu horietatik aldentzen zirenak izan ziren.” Epaimahaia aurkeztutako lanen artean erabakitzen.
Baina zer zeukan Izaskunek lanak aukeratua izateko? “Batez ere freskotasun handia daukan logoa dela. Bai formalki eta baita kontzeptualki ere; formak eta esanahiak bat egiten dute. Epaimahaikideok berehala jarri ginen ados berak irabazi behar zuela.”
Hala, hogeita sei urteko gazte bizkaitarraren lana izango da aurrerantzean Eusko Ikaskuntzako Gazteria sailaren irudia. “Esan bezala formalki oso ondo eramanda dago. Ikustean zerbait esaten du eta aldi berean eta esanahiri dagokionez, hitz egiteko aukera aipatzen du, ahots anitz daudela”, esan digu Maider Lopezek. Hori baita, azken batean, Eusko Ikaskuntzaren oinarrietako bat.