Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Izaskun Saez Velasco. (Ei Gazte! logoaren irabazlea): Komikietako bunbuilo desberdinekin iritzi aniztasuna eta horiek espresatzeko modu ezberdinak adierazi nahi nituen
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Eskerrik asko! Beno, Arte Ederretan lizentziatutako 26 urteko neska bizkaitarra naiz eta Arte Grafikoko modulu bat amaitzen dihardut. Ikusten duzuen bezala, diseinu grafikoaren zale amorratua naiz; horrexegatik eman nuen izena lehiaketan. Josu Goikoetxearen eskutik saria jasotzen.
Eta parte hartu duzun lehenengo sariketa al da hau?
Ez, aurretik ere beste batzuetarako diseinatu dut zer edo zer... eta irabazi gainera!
Nola animatu zinen Ei Gazte!rako logotipoa egitera?
Horrelako deialdi bat dagoela dakidanean motibatuta egon behar dut, bai gaiari dagokionez, baita sariari dagokionez ere. Lan handia eskatzen duen prozesua da logotipo bat sortzearena eta kasu honetan sari bikaina ematen zutenez eta gazteei zuzendutako zerbait zenez, oso interesgarria iruditu zitzaidan.
Eta zertan inspiratu zara irudi hau sortzeko?
Deialdiaren oinarrietan logotipoan, besteak beste iritzi desberdineko elkarrizketak nabarmentzea eskatzen zen eta buruari buelta batzuk eman ondoren, gazte sinbolo gisa komikietako bunbuiloa jar nezakeela iruditu zitzaidan. Eta noski, bunbuilo desberdinekin iritzi aniztasuna eta horiek espresatzeko modu ezberdinak adierazi nahi nituen; denak bakar batean biltzen dira azkenean.
Zure lana aukeratzeak harritu al zintuen?
Lan bat aurkezten dudan bakoitzean nolabaiteko segurtasun batekin egiten dut, bestela ez baita logikoa parte hartzea. Gainera, esan behar dut oso gustura geratu nintzela emaitzarekin eta deitu nindutenean harritu nintzen, beti gertatzen zaidalako; baina irabazi nezakeela pentsatzen nuen eta konfiantza osoa nuen nire lanean.
Eusko Ikaskuntza aurretik ezagutzen zenuen, bazkide zara eta. Zer iruditzen zaizu Ei Gazte!ren sorkuntza?
Ideia oso ona dela uste dut. Eusko Ikaskuntza aipatzean zahar irudia etortzen zaio jendeari burura. Nik uste egin beharreko zerbait zela. Izan ere, gazteok ez ditugu toki asko beka, formazio, berbaldi eta abarrei buruz informatzeko. Oso ongi dago.
Diseinuaz gain, zeintzuk dira zure zaletasunak?
Zinea, musika, asko irakurtzea...
Bada, gomenda iezaguzu toki bat.
Bretainia eta Normandia. Esan behar dut oraindik ez naizela egon, oporretan hara joateko asmoa dudala. Baina oso ondo hitz egin didate toki hartaz!
Zein liburu eramango zenuke bidaiarako?
Komikiren bat ziurrenik eta zehatzago esanda, Watch Man izenekoa. Mardula da eta daukan istorio grafikoa ederra. Hala ere, hasieran aurrera egitea kostatu arren, asko gustatu zitzaidan.
Amaitzeko, zein musikarekin egingo zenuke bidaia?
Rockarekin, hori baita gehien gustuko dudan estiloa.
Eskerrik asko Izaskun! Milesker zuei! Izaskun Saez Velasco (Barakaldo) Arte Ederrak ikasi ditu hogeita sei urteko neska honek eta modulu bat amaitzear dago. Ez da bere txikitako afizioa, dioenez, hogei urte zituela karreran hasi eta guztiz engantxatuta dagoela aitortzen du. Sariketa askotan hartu du parte, azkena Ei Gazte!rentazako logoa egiten eta irabazi egin du.