448 Zenbakia 2008-07-11 / 2008-07-18
Lapurdiko udalerria da Ezpeleta eta nahiz eta bere piper gorriengatik eta urtero antolatzen duten pottoka azokarengatik ezagunagoa izan, ezin ahantzi daiteke udako hitzordu berezi bat: Gauargi. Dantza jaialdi bat da eta aurten uztailaren 18tik 21era bitartean Euskal Herriko eta munduko toki ezberdinetako dantza taldeek emanaldiak eskainiko dituzte bertan. Ez da ekimen berria; izan ere, aurtengoarekin 12. ediziora iritsiko dira.
Urte guztian zehar hamalau lagunez osatutako kontseilu administratibo bat lanean aritzen da udako hilabete honetarako guztia prest edukitzeko. Helburu nagusia euskal kultura eta dantzak bultzatzea den arren, folklore eta kultura trukaketa bat ematea ere beraien asmoen artean sartzen da.
Eta esan liteke jendearen arreta eskuratu duela nazioarteko jaialdi honek. Izan ere festibala sortu zen urtetik hona ikuslego kopuruak gora egin du; 1996an 1.200 pertsonek hartu zuten parte eta 2006ko datuen arabera, 4.891 izan ziren urte hartan Ezpeletara dantzez gozatzera gerturatutako lagunak. Askotariko parte hartzaileak
Dantzari gazteak izaten dira protagonista Ezpeletan; 9 eta 15 urte bitarteko neska–mutilak etortzen dira normalean Lapurdiko herrixka honetara dantzak maite dituztenen gozamenerako. Ukraniako dantzariak aurreko edizio batean. Argazkia: Gaurgi
Aurtengoan Euskal Herriko taldeez gain, Lapurdiraino gerturatuko dira Argentina, Nepal, Iparraldeko Ossetie (Kaukaso Iparraldea) eta Irlandako dantza taldeak. Gorputz mugimendu eta musika erakustaldi bikainak eskainiko dituzte; hala, beste tokietan nola dantzatzen den ikusi eta ondo pasatzeaz gain, zerbait ikasteko aukera izango dute gazteek. Gainera, eta zergatik ez, lagun berriak ere egingo dituzte neska mutilek.
Ekimenak iraungo duen egun horietan zehar, Ezpeleta eta inguruko herrietan hartuko dituzte familia askok eta askok gonbidatu berezi hauek; herritarrak festibalean nahasten dira eta parte–hartze estuagoa lortzen dute modu horretan. Kanbo, Hazparren, Itxasu eta Ainhoa dira harrera toki batzuk.
Beraz, Ezpeleta ikuskizunaren topagune bihurtuko da uztailaren 18tik 21era bitartean. Beste kultura batzuk ezagutzeko parada edukiko dute bertaratzen direnek, tradizioan oinarritutako emanaldi bizietan barneratzeko aukera bikaina.