Euskonews Gaztea
Gaiak: Lau mila gazte inguru Donosti Cupen
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Gipuzkoako hiriburuan eta inguruko herrietan futbola nagusitu da azken astean. Hamabi herrialde desberdinetako neska–mutikoak etorri dira Donosti Cup txapelketako edizio honetara; Europa, Asia, Afrika eta Ameriketatik bertaratu diren 241 talde, 4.400 pertsona inguru. Zazpi egunetan, seiehun bat partidu. Urtetik urtera zifrak gora doaz eta antolatzaileak biziki pozik daude ekimenak duen oihartzuna dela eta. Eguneroko ekimenak
Noski, horrelako zenbakiak edukita, zelai kopurua ere hazi egin da. Izan ere 12 toki ezberdinetan elkartu dira futbolean jokatzeko, iaz baino hiru gehiagotan, hain zuzen. Astean zehar gutxi gorabehera prozesu berdina jarraitu dute taldeek. Hau da, partidua hasi baino ordubete lehenago zelaira joaten dira. Iristean, antolatzaileek aldagelak banatzen dizkiete eta ondoren, alta hartu behar dute jokalariek. Nortasun agiriak edota pasaporteak erakutsi eta bakoitzak eramango duen kamiseta zenbakia eman behar dute bereziki horretarako atondutako mahaietan.
Martutenen horren ardura eduki duten lagunek Euskonews Gazteari jakitera eman diotenez, “toki batzuetan zelai bat baino gehiago egoten dira eta nahas–mahas gehiago izaten dute. Gu ordea, nahiko trankil aritu gara egunotan.” Hernani eta Gazteleku Antiguo partiduko une bat. Martutene eta Zarautzeko zelaietan...
Martutenen bi talde gipuzkoarren arteko lehiaren testigu izan zen Euskonews Gaztea. Asteartean CD Hernani eta Gazteleku Antiguoko nesken arteko norgehiagokan, aurreneko taldea gailendu zen. Zelaira partidua ikustera gerturatutako guraso batzuek aditzera eman zigutenez, “iaz ere parte hartu zuten, eta ederto igarotzen dute. Guretzat behintzat, hori da garrantzitsuena”. Eta halaxe erakusten zuten garaile irten ez ziren nesken aurpegiek; umorea galdu gabe, lagun artean jokatzea gustuko dutela aditzera eman baitziguten. Eta ez ziren txalorik jaso gabe geratu!
Asteazkenean, uztailak 9, Zarautzeko Asti futbol zelaira abiatu ginen. Hitzordu berezi bat zegoen bertan: Txelsi FC talde gipuzkoarra, eta Israeletik etorritako Abu Gosh–Mevaseret. Esan liteke Donosti Cup edizioko izarrak izan direla azken hauek; jokalari arabiar eta judutarrez osatutako taldeak begirada asko eta asko bereganatu baititu. Abu Gosh–Mevaseret taldea partiduaren aurretik.
Goizeko hamarretan hasitako hitzorduan bi taldeak egoera berdinean ikusi genituen: biek ala biek ordura arte garaipenik lortu gabe baitzeuden. Arbitroak hasiera eman eta 50 minutuz baloia zelaian gora eta behera ibili zen. Aurreneko minutuetan gipuzkoarren atean sartu zen baloia, eta kasu honetan ere, jokalariek “badakigu zertara etorri garen, ondo pasatzea zen gure helburua eta lortzen ari gara”, aipatu ziguten.
Ez ziren erlaxatu, baina ezin izan zuten saihestu bigarren zatian beste bi gol jasotzea. Azkenean, judu eta arabiarrez osatutako taldeak Donosti Cup lehiaketan lehen garaipena eskuratu zuen. Ospatzeko, arratsaldean Iparraldera joan ziren. Agur festak
Baina dena ez da futbola izan aste honetan zehar. Erlaxatzeko denbora izan dute neska–mutilek eta txangoez gain, antolatzaileek festak ere prestatu dituzte. Lagun berriak egin dituzte zazpi egunetan eta askori agur esateko unea iritsi zaie. Txuri Urdin palazioan Donosti Cup Disko antolatu zuten ostegunean, eta ostiralean uztailak 11 Kursaaleko terrazan izango dute bigarren hitzordua.
Askok, datorren urtera arte esango diote elkarri. Denek, betiko izango dute gogoan uda batez Donosti Cup txapelketan parte hartu eta kiroltasunez eman zutela astebete jende berria ezagutzen.