449 Zenbakia 2008-07-18 / 2008-07-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aubixako aterpetxean, bertsotan blai

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal

Inguruko zelai bateko behiak.

Uda sasoian gaudela eta, Euskal Herriko toki gehienetan udalekuak antolatzen dituzte gazteenei zuzenduta. Kirol, hizkuntza edota beste makina bat gai ardatz dituztenak izan daitezke. Horietariko bat da Bertsozale Elkarteak antolatuta, uztailean zehar ospatzen ari diren bertso udalekuak eta 11. ediziora iritsi dira aurten. Ligi–Atherei (Zuberoa), Eulate (Nafarroa), Zuhatza irla (Araba) eta Elgoibarren (Gipuzkoa) elkartu dira 9 eta 18 urte bitarteko neska–mutikoak. Euskonews Gaztea Elgoibarko Aubixa aterpetxeko esperientzian murgildu da egun batez. Aubixa, elkargune

Gazte ugari animatu da Bertsozale elkarteko deialdiari erantzun eta izena ematera; orotara, 260 haur eta gazte, eta horietatik 21 Aubixan egon dira uztailaren 10etik 19ra bitartean. Bost begiralek izan dute 15 eta 18 urte bitarteko lagunen ardura: Lierni Altuna, Jon Martin, Beñat Vidal, Oier Aizpurua eta Itxaso Payak, hain zuzen ere. Parte–hartzaileak Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak izan dira: Nafarroatik inor gerturatu ez den arren, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko jendea zarata ateratzen ibili da Elgoibar aldean. Yoga eskolak hartzen.

Hala ere, noiz edo noiz iskanbila sortu arren ?modu onean, beti ere– kexarik ez dute jaso udalekuetako lagunek, ingurune pribilegiatu batetan lan egitea egokitu baitzaie. Izan ere, Aubixa aterpetxea San Pedro auzoan dago, Elgoibarren; hau da, herritik urrunduta, eta erdi isolatuta; gainera, natura paregabeaz inguratuta egon dira egun hauetan zehar. Bertsotan bakarrik?

Pentsa liteke Bertso Udalekuak izanda, inprobisatzen pasa dutela egonaldia; baina ez da horrela izan. Askotariko ekintzak antolatu eta horietan esku hartzeko aukera eduki dute gazteek. Besteak beste, ezagutza jokoak, bat–bateko bertso–trama eta antzerkia edota ibilaldiez gozatzeko okasiorik ez dute galdu.

Euskonews Gazteak uztailaren 15ean eduki zuen beraiekin egoteko aukera, eta yoga, futbola eta barre–terapia egiten ziharduten hogeita bat lagunak, arduradunen gidaritzapean eta eguraldi ederra lagun zutela. Aubixako abantaila handienetariko bat aldeko zuten; beroa itogarri izatera iritsi aurretik, aterpetxea inguratzen duten zuhaitzen itzalpean babesteko toki ugari dago eta.

Udalekuek iraun bitartean, Jon Martinek jakitera eman digunez, Erronka eguna ere eduki zuten. “Talde ezberdinak sortu genituen eta froga anitz jarri genizkien: lokotx jokoa, brilet edota indar jokoak alde batetik. Baina denak ez ziren ariketa fisikoa eskatzen zutenak, enigmak ere argitu behar izan baitzituzten.” Eta dirudienez, taldeek apustuak egiten zituzten. “Hala, garbiketa nork egin erabakitzen zuten apustuen bitartez”, gaineratu digu begiraleak. Ez dira egun guztiak Aubixan egon, irteeraren bat edo beste ere egin dute eta. “Ingurunean ezagutu ditugu, eta gainera, hondartzara ere joan gara, Zumaiara”, gaineratu digute parte hartzaileek.

Bost monitoreak bat agertu dira talde bikaina egokitu zaiela aipatzerakoan, “oso zintzoak izan dira”. Eta udalekuetako benetako protagonistak ere oso pozik aritu direla azpimarratu dute. Aspertzeko astirik ez dute eduki eta gainera, lagun berriak egin eta talde gisa ekimen ugari aurrera eraman dituzte. Udalekuen helburuak bete dituztela esan genezake.