449 Zenbakia 2008-07-18 / 2008-07-25
Bertsozale Elkarteak antolatutako udalekuetan, 240 lagunek eman dute izena, eta Zuberoa, Nafarroa, Gipuzkoa eta Araban propio atondutako lekuetara joan dira. Gipuzkoari dagokionez, Elgoibarren dagoen Aubixa aterpetxean hogeita bat lagun aritu dira uztailaren 10etik 19ra bitartean. Euskal Herriko izkina desberdinetatik joandako neska-mutikoek hartu dute parte.
Horietariko bi dira Jone Uria eta Elyem Chej. Lehenengoa Algortakoa da eta 18 urte ditu. Bizkaiko Eskolarteko Txapelduna izan da 2008. urtean. Hori, lan gogorraren ondorioa izan da; 9 urte zituela hasi zen idatzian, eta 12rekin inprobisatzeari ekin zion. Ez da bertso udalekuetara datorren lehenengo aldia, eta batez ere giroa atsegin duela aipatu digu.
Elyem Chej aldiz, Legutiokoa da eta 14 urte ditu. Bertso eskolan 8 urterekin hasi zen eta 12rekin berriz, bat-batekora pasatu zen. Arabako Eskolarteko Txapeldunordea izan zen 2007an. Bera ere aurretik egon izan da horrelako udalekuetan, baina Zuhatza irlan izan zen.
Udaleku hauek elkar ezagutzeko balio izan die biei ala biei. Gustuko duten giroan bertsotan egin, toki berriak bisitatu eta makina bat abentura bizitzeko aukera. Beraien esperientzia kontatu diote Euskonews Gazteari bertso bana sortuz.