450 Zenbakia 2008-07-25 / 2008-08-29
Bakion surf udalekuak antolatu dituzte uztailean zehar aisialdi kudeaketaz arduratzen den Sopelako Pinpoil enpresaren bitartez. Eskolak ematearen ardura, aldi berean denda eta eskola den Bakio Surfek eduki du.
Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteak bildu eta hamar egunez lagun berriak egin eta taula gaineko oreka bilatuz aritu dira. Adin guztietakoek eman dute izena aurten, 8tik 18ra bitartekoak animatu dira kirol udaleku honetara etortzen. Euskonews Gaztea Bizkaiko herri honetara gerturatu zen uztailaren 14an, eta 11 eta 16 urte arteko neska–mutilak izan ziren protagonistak. Taula gainera aurrenekoz
Bakio Surf Julen Arroiz eta Gaizka Egigurenen arteko elkarlanari esker jaio zen. Biak aritzen dira interesa dutenei eskolak ematen. “Normalean adin guztietako jendea igarotzen da hemendik; 50 urteko gizon bat ere eduki dugu”, komentatu digu Julenek. “Pinpoileko udalekuei dagokienez, txanda honetan 45 neska–mutiko dabiltza eta lau taldetan banatzen ditugu, gehiegi izango zirelako bestela.”
Taula gainera igotzeko oreka eta koordinazioa funtsezkoak direla azaldu digu bizkaitarrak. “Nik uste dut 12 dela adin hoberena gutxi gorabehera. Zergatik? Bada aipatutako oinarrizko bi elementu horiek bikain menperatzen dituztelako oraindik”.
Lehenengo egunean klase teorikoak ematen dizkiete irakasleek parte hartzaileei. Asmoa, surfean arituko diren hondartza eta bertako ur korronteak ezagututa, segurtasun gehiago edukitzea. Ondoren, arropa egokia jantzita –neoprenozkoak– hondartzara joan, itsasbazterrera gerturatu eta hondar gainean praktikan jartzen dituzte, bai taula gainera igotzeko urratsak eta baita zutik mantentzeko teknikak ere.
Eta azkenean bai, azkenean iristen da uretara sartzeko unea. Aurreneko saiakeran ia inork ez du lortzen helburua, “baina behin eta berriro saiatuta, segituan ikusten dira emaitzak,” aipatu digu Julenek. Talde bakoitzak ordubeteko saioa egiteko aukera dauka eta udalekuek irauten duten hamar egunetan abilezia lortzen dutela ere gaineratu dute irakasleek. “Hemendik aurrera ea surfean jarraitzen duten ikusi behar!”
Ikasleekin hitz egin eta nahiz eta udalekuetan beste gauza batzuk ere egiten dituztela aipatu duten (irteerak, gynkanak edota eskulanak, besteak beste), “gehien–gehien, atsegin duguna uretan surf egiten ibiltzea da.” Inork ez digu kontrakorik esan; bat etorri dira guztiak horretan. Igor olatu gainera igo zen lehenengo egunean. Gazteenak ere, uretan
Pinpoileko udalekuez gain, surf egiten ikastera animatu den mutiko batekin topo egin dugu. Igor Gonzalez da bere izena, zazpi urteko gazte bizkaitarra. Beste bi etorri behar ziren ikastarora, baina ezin izan dute eta zortea izan du Igorrek, Gaizka irakaslea oso–osorik izango baitu berarentzat. Ordubete aurrera eta atzera, taulara igo eta uretara erori aritu ondoren, “oso ondo pasatu dut, ez zait zaila denik iruditu,” aipatu digu Igorrek. “Gainera, ura oso ona dago!”. “Aurreneko eguna, eta behin baino gehiagotan igo da taula gainera,” esan digu harro Jose Antonio Igorren aitonak. “Portatu da”.
Olatuen bila joanda toki berriak ezagutzeko aukera ematen duen kirola da surfa. Ikastaroetan ibili direnek ederki asko dakite hori. Egunero abentura eta erronka berri bati aurre egitea dakar surfak. Kontzentratu eta itsasoaz gozatu. Irakasleen nahia, ikasle izandakoek aurrera egin eta etorkizunean, beraientzako garrantzitsua den mundu honen parte izatea. Lortuko ote dute? Denborak esango du hori.