451 Zenbakia 2008-08-29 / 2008-09-08

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Udane Zugaza-artaza Uriondo. (Gazte egonaldietako zuzendaria): Sortu dutena emititu egin da, edo interneten dagoela ikusi eta gauzak egiteko gai direla sentitzen dute

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Hogeita bi urteko bizkaitarra da Udane eta Kazetaritza ikasketak egiten dihardu Leioako campusean. Uztailean Ikastolen Elkarteak antolatutako Gazte Egonaldietan parte hartu du zuzendari eta begirale gisa. Aurten, Espejoko (Araba) aterpetxean izan da hitzordua eta bertan egin dugu elkarrizketa zuhaitz baten itzaletan berotik ihesi. Noiztik diharduzu begirale gisa lanean?

Gaztetan hasi nintzen udalekuetan parte hartzen eta aukera eman zidaten begirale titulua ateratzeko. Hori batxilergoko bigarren mailan izan zen, duela sei urte gutxi gorabehera. Ikastolen Elkartearen bitartez euskal udalekuetan aritu nintzen praktikak egiten eta Durangoko Berbaro elkartean ondoren, udaleku ireki zein itxietan. Baina hemen aukera neukala ikusi eta animatu egin nintzen etortzera. Udane laburmetraiaren grabaketan argibideak ematen.

Gainera, egonaldi hauetako zuzendaria ere bazara begiralea izateaz gain.

Bai, baina egia esan niri ez zait gustatzen neska–mutilek mailaketa hori dagoela nabaritzea. Izan ere, gainerako begiraleen maila berean nagoela sentitzen dut eta errieta egiterako orduan adibidez, denon ardura izaten da! (barre)

Zer desberdintasun daude Gazte Egonaldien eta gainerako udalekuen artean?

Batez ere hiru gauzatan ezberdintzen direla esango nuke. Normalean udalekuak ez dira astebetekoak izaten, eta ikusgarria da horrelako denbora laburrean zer–nolako harremanak sortzen diren neska–mutilen artean. Bestetik, begiraleok programa oso zorrotza daukagu eta ez dugu beste ezertarako astirik izaten; akaso motz geratzen zaigu astebete hori. Eta azkenik, hemen laburmetraiak, irratsaioak eta web–orriak lantzen ditugu eta horiek beste udaleku askotan “debekatutako” gauzak izaten dira. Non ikusi da bideo kamara bat edota ordenagailu bat udalekuetan? Aterpetxearen ikuspegi bat.

Espejoko aterpetxea izan duzue aurten elkargune.

Hala da eta primerako lekua dela iruditzen zait. Espejo oso toki lasaia da eta bitxikeria bat esatearren, errekan bainua har daiteke. Bestalde, hona iritsi ginenean ohartu ginen tokiaren egoeraz, hau da, aterpetxea guk estreinatu genuen. Guztia berreraiki dute eta gauza batzuk falta dira amaitzeko. Logelak eta sukaldea, esaterako, ondo daude, baina kanpokoa bukatzear aurkitu genuen eta faltan nabaritu ditugu gauza batzuk; kanpoko komun bat, besteak beste.

Zenbat talde eduki dituzue aurtengo edizioan?

Aurten hiru txanda egon dira: DBH 1 eta 2. mailak lehenengo bi txandatan eta azkenekoan berriz, DBH 3 eta 4. mailako ikasleak. Azken talde horretan, Tolosa, Gasteiz, Legazpi, Bastida, Bergara eta Leioatik etorritako gazteak aritu dira, besteak beste.

Eta zer moduz beraiekin?

Nagusien txandakoek 16 urte dituzte eta batzuk oso helduak dira, nahiz eta egoeraren arabera ume puntu bat ere eduki. Gainera, lotsa kentzea falta zaiela iruditzen zait eta talde txikietan hobeto moldatzen dira handian baino. Baina hala ere, nik uste dut lortu dugula denok talde bakarra osatzea eta egindakoarekiko konpromiso bat edukitzea.

Txanda guztiek gauza berdinak egin al dituzte?

Talde bakoitza desberdina da, mundu bat, baina egia da ekintzak oso antzerakoak izaten direla.

Laburmetraiak, irratsaioak eta webgunea dira egonaldi hauetako erronkak. Zuek esaten al diezue zer egin?

Ez, guk grabaketa egunak–eta zehaztu arren, beraiek izan dira gainerakoa erabaki dutenak; hau da, zeren gaineko lanak egin gura dituzten, irratsaioan zertaz hitz egin... Esate baterako egun bat igaro dute laburmetraiako gidoia egiten eta hurrengo egun osoa, berriz, grabaketa lanak egiten; eta berdin irratsaioekin.

Zer egin duzue sortutako lanekin?

Irratsaioak Hala Bedi irratian eman dituzte eta laburmetraiak eta argazkiak gure webgunean daude ikusgai. Bestalde, txanda guztiek zuzenean entzun dituzte irratsaioak eta batzuk lotsatu egin dira beraien ahotsak entzutean... Baina orokorrean oso pozik geratzen dira egindakoarekin.

Beraien lanaren fruitua dastatu dute beraz.

Bai! Eta niretzako horixe da udaleku hauetako garrantzitsuena, probetxua ateratzen diotela egindako guztiari. Sortu dutena emititu egin da, edo interneten dagoela ikusi eta gauzak egiteko gai direla sentitzen dute. Udane Zugaza–artaza (Iurreta) Iurretakoa da Udane eta aurten Ikastolen Elkartak antolatutako udalekuetako zuzendaria izan da. Begirale gisa duela sei urte hasi zen, aurretik baina, izenematen zuen udalekuetan. Kazetaritza amaitzeko urtebete geratzen zaio. Topagunean aritu zen praktikak egiten eta egun, Anboto irratian kolaboratzen du.