452 Zenbakia 2008-09-08 / 2008-09-19

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ainhoa Urretabizkaia. (Irrati esataria eta telebista aurkezlea): Irratiko ia guztia atsegin dut, baina batez ere prozesu osoa zuk zeuk egiten duzula

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Euskonews Gaztea

Irratiari esker bere ahotsa askorentzat da ezagun; telebistari esker aldiz, nor den ezagutu dugu. Urretxuar gazte honek beti izan du argi ofizio honetan aritu nahi zuela. Hala ere, txikitan kirolean buru–belarri murgildu zen: hamar urtez gimnasia erritmikoa praktikatu zuen, eta ondoren, eskubaloia. Gaur egun, korrika egiten du, beti musikaz lagunduta. Gipuzkoar hau astebururo uhinetan aurki dezakegu, EITBko Gaztea irratiko Gaztea Formula programan hain zuzen ere, 10:00etatik 14:00etara. Nor dugu Ainhoa? Hogeita hiru urteko urretxuar bat naiz. Ikasketak bertan egin nituen eta Leioan Ikus–entzunezko Komunikazioa ikasi nuen lau urtez. Gaztea irratiko esataria zaitugu. Baina nola hasi zinen irratian? Karrera hasi eta hurrengo lau udak Segura irratian eman nituen. Aukera eman zidaten bertan aritzeko, eta oinarri bat edukitzeko balio izan zidan; pribilegio bat izan zen bertan lan egitea. Ondoren, Euskadi Irratiko informatiboetan egin nituen praktikak lau hilabetez eta segidan, oraingo postua betetzeko frogak egin eta hartu egin ninduten; urtebete bat daramat lan honetan. Lan egiteko modu desberdin batera ohitu behar izan zinen beraz? Bai. Albistegian ari nintzela prentsaurrekoetara joan, informazioa jaso eta segituan albistea idatzi beharra neukan. Orain hiruzpalau ordutako zuzenekoak egiten ditut, inprobisazioa lantzen da batez ere, formatu ezberdina erabat. Oroitzen al duzu aurreneko eguna? Bai, nola ez! Kontuan hartu behar da esatariak bakarrik egoten garela, alde teknikoa ere guk geuk eramaten dugu. Lehenengo egunean bakar–bakarrik nengoen eta gogoratzen dut galdetzen niola nire buruari, nola egongo naiz bada bakarrik? Urduri nengoen eta nahiz eta irtengo ez zela pentsatu, dena ondo joan zen, musikak salbatu egiten zaituela ohartu nintzen! Bigarren egunean gehiago exijitzen diozu zure buruari eta agian akats gehiago egoten dira. Jartzen duzun musikari dagokionez, gustuko al duzu? Egia esan esatariak ez du nahi duen musika jartzen. Lantalde batek aukeratzen du aste bakoitzean zein musika jarri eta sailkapen bat egiten da. Ordenagailuari ematen diozun aginduaren arabera abestiak jartzen hasten da. Irrati formula mugatua dugu, eta baita abestiak ere. Orduan, egokitu zaizu gogoko ez duzun musika jarri beharra... Noski, eta komunera joateko aprobetxatzen dut! (barre) Beti jakin al duzu irrati esataria izan nahi zenuela? Nire familian ez dago kazetaririk eta ez dakit nondik datorkidan afizio hau, baina beti izan dut esataria izateko gogoa. Txikitatik irratia eduki dut buruan eta horregatik joan nintzen Bilbora ikastera. Irratian bai, baina musika jartzen edo beste estilo batean ere ikusten duzu zeure burua? Nik uste dut probatzean dagoela gakoa. Informatiboetan aritu naiz, musika programan... Baina esaten badidate magazin bat edo kirol kontuak landu edo beste edozer egiteko, ezetzik ez nuke esango eta gero aukeratuko nuke gustukoen dudan saio mota. Hala ere, egia da momentu honetan gauzak ez daudela aukeratzeko moduan... Zer dauka irratiak berezia zuretzako? Irratiko ia guztia atsegin dut, baina batez ere prozesu osoa zuk zeuk egiten duzula. Berdin da hamar minutu edo lau ordu edukitzea, hasierako minututik azkenera arte zuk antolatzen baituzu denbora: zuk hitz egiten duzu, zuk ateratzen dituzu iragarki–tarteak, zuk jartzen duzu musika... Telebistan aldiz, soinu eta argi teknikariak, makillatzailea, dekoratzailea... behar dira. Jartzen al duzu beste esatariren baten estiloan arreta zure programa egiteko? Nik uste lan berri batetan nahi gabe ere kopiatzen dela. Gainera, Gaztean denok molde bera daukagu, aurretik zeudenen estiloa jarraitzen ahalegintzen gara, badirudi eta funtzionatzen zuela formulak. Nik uste esperientzia beharrezkoa dela estilo propioa sortzeko. Zure lantresna nagusia ahotsa da. Bai, eta ahotsa galtzeko erraztasuna dut gainera! Baina irratian dihardudanetik zaintzen ahalegintzen naiz, baina ezer berezirik egin gabe. Anekdotarik ba al duzu gure irakurleei kontatzeko? Ezer berezirik ez. Egunero pasatzen da zerbait, batzuetan garrantzia handiagoa ematen diozu eta bestetan ohartu ere ez zara egiten ia. Zerbait esatearren, zuzenekoetan inprobisatu egiten denez, nola hasten garen bai, baina nola amaitzen dugun ez dakigu, eta batzuetan astakeriak esaten dira. Baina hori entzule finek soilik nabaritzen dute!! (barre) Gazteako esatari izateaz gain, telebistan bideoklipak aurkezten dituzu. Zer moduz? Hasieran ez nuen telebistan aritu nahi baina karrera amaituta casting baterako deitu ninduten eta ezin nuen ezetzik esan! Larritu egin nintzen hasieran, beste hiru aurkezle baititu saioak, eta hauek esperientzia zuten telebistan; ez nintzen eroso sentitzen. Baina kamera aurrean geroz eta gusturago sentitzen hasi nintzen. Anonimatutik pantailan agertzera... Bai, eta anonimotasun hori ere irratiaren xarmetako bat da, ezta? Hala ere, telebistan agertzen naizenetik ez pentsa asko aldatu direnik gauzak! Nolakoa da telebistako lana? Lantalde batek aukeratzen du zein bideoklip jarri eta ondoren nik gidoia prestatzen dut. Hilean behin grabatzen ditugu saio guztiak eta beraiek arduratzen dira ekoizpenaz, segituan egiten da. Eta ikusten al dituzu zure programak? Den–denak ez, egia esan. Baina gustuko dut emaitza ikustea, ez dit trauma bat suposatzen. Gainera nire akatsetatik ikasteko balio dit. Irratia eta telebista lantoki. Esaguzu, lotsatia al zara? Egia esan apur bat bai. Milaka entzule daudela dakidan arren, ni bakarrik egoten naiz saioa egiten eta eroso sentitzen naiz. Baina beste norbait sartuz gero eta aurrean dagoela jakiteak urduri jartzen nau. Musikara buelta gaitezen. Zein motako musika entzuten duzu? Ez daukat talde faboritorik, ezta estilorik ere; momentu bakoitzaren araberakoa izaten da. Baina elkarrizketatuko al zenuke bereziki norbait? Berri Txarrak taldearen hastapenetan asko jarraitzen nituen, eta agian horrexegatik Gorka Urbizu taldeko abeslaria elkarrizketatuko nuke, ilusioa egingo lidake. Imajinatu gure irakurleren batek ere irratian egin nahi duela lan. Emaiozu gomendioren bat. Lanean hasteko aukera ikasketek eman zidaten zalantzarik gabe. Gogoa jarri eta lan egin behar da benetan nahi duzun hori lortzeko eta asteburutan egokitzen bada, aurrera jarraitu. Saiatzea funtsezkoa da eta zortea alde edukitzea ere ondo dator! Nire kasuan Suedian egon nintzen hamar hilabetez Erasmus bekarekin, eta EITBn lan egiteko frogak zeudela jakin nuenean, espresuki horiek egitera etorri nintzen, eta hartu egin ninduten! Muturra sartu behar da zalantzarik gabe, geldi egon barik. Nolabaiteko sakrifizio bat eskatzen du lanbide honek, egia da, baina benetan gustuko baduzu... Ainhoa Urretabizkaia (Urretxu, 1985) Gipuzkoar gazte honek Urretxun egin zituen ikasketak. Irratiarekiko grinak Leioara eraman zuen Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak egitera. Gaur egun EITBko Gaztea irrati katean dihardu asteburuetan lanean Gaztea Formula programa gidatzen eta baita ETB1ean bideoklipak aurkezten ditu astean zehar.