452 Zenbakia 2008-09-08 / 2008-09-19
Udazken eta negua baliatzen ditu sardako baleak aurreko urtean ernaldutako balekumeaz erditzeko, eta horiek dira arrak emea estaltzeko erabiltzen dituen urte sasoiak ere. Balea asko gune berera itzultzen da urtero. Identifikatutako balea eme helduei banakako segimendua egin ahal izan zaie, eta horri esker jakin ahal izan da hiru urtetik behin agertzen zirela, erditu izan ziren urteetan hain zuzen ere. Erditzeko, sakonera gutxiko urak aukeratzen zituzten (5 metro), hainbat arrazoirengatik: haietan errazago zaie balekumeak harraparien erasoez babestea, balekumea garatzeko nahikoa bareak dira, eta geroago elikatzeko guneetara joateko behar izango duten guztia erakusteko ere egokiak. Península Valdés–en aztertutako eremuetan baleen hiru bilgune bereiztera iritsi dira. Haietako batean balea emeak eta beren kumeak bakarrik biltzen ziren, beste batean arrak eta balekumerik gabeko eme helduak, eta hirugarrenean, berriz, denetarik, baita heldugabeak eta estalketarako taldeak ere.
Estalketa garaian gertatzen da sardako balearen jokabide interesgarrienetako bat. Talderako joera handiegirik izaten ez duen arren, emea estali ahal izateko ezinbestekoa izaten da arrek elkarri laguntzea.Emeak muzin egiten dio ukipenari, eta, beraz, arrak ez luke emerik estaltzerik izango beste arren laguntzarik gabe. Hori dela–eta, azpimarragarria da ernaldua ez izateko emearen jokaera horrek oso zeregin garrantzitsua duela naturalean, eta, horrenbestez, baita espeziearen kide berrien hobekuntza genetikoan ere. Behin emea ernaldu ondoren, arrek ez dute beren gain inolako ardurarik hartzen eme eta balekumeez; beraz, ulergarria dirudi nolabait, emeak ez estalketarik nahi izatea eta ukipenari aurre egitea. Baina garrantzitsuena, agian, arrek elkarren artean lehiatzeko eta aldi berean elkarri laguntzeko duten jokaera horretan datza, inoiz bortitza izaten ez den jokabide horretan.
Estalketarako taldeak normalean eme batek edo bik eta zenbait arrek osatzen dituzte. Lehenago ere esan dugu emea zaputz agertzen dela arren jokabidearen aurrean. Haiengandik itzurtzeko, beraz, hainbat taktika erabiltzen ditu: bat, sabelaldea ur azalera atera eta irekigune genitala agerian uztean datza, horrela ez baitituzte ur azpian estaliko. Sabelaldea uretatik at dutela geratzen direnean,hainbat arrek elkarlanean jarduten dute, emea iraultzen eta bere ernal zuloa berriz ere uretara sartzen saiatzeko. Ekintza hori behin eta berriro errepikatzen da; azkenean, ar bat baino gehiago eme bat edo birekin elkartzea lor daiteke, eta ar guztiek emea estali arte ere iraun dezake. Emeak bereganatzeko etengabeko jarduera horretan, emearen alde banatan jartzen dira arrak, eta, hura irauli nahian, harengan bermatu eta bultza egiten diote; emeak, handiagoa izan arren, oso gutxitan lortzen du arren oldarrari ihes egitea, irrikatzen baitaude emea noiz irauliko orduantxe estali ahal izateko. Hori guztia gertatzen ari den unean, ur azpian beste ar bat bere sabelaz emearen bizkarrari lotzen zaio, gainerako arrek bultzatuta edo arnasa hartu beharraz emeak bira emango duelako itxaropenean.
Estalketa oso segundo gutxian gertatzen denez, haietako batek baino gehiagok lor dezake emearekin parekatzea. Arren arteko lankidetza horri esker, beraz, emea iraultzen den bakoitzean gutxienez arretako batek estal dezan bermatzen da; guztiek laguntzen badute, gainera, aukera gehiago izango dituzte ar guztiek taldeko emeak behin bederen estaltzea lortzeko. Ar batek eme bat estaltzen duen bakoitzean, aurreko estalaldiko espermatozoideak kanporatzen ditu emearengandik, eta, beraz, zenbat eta espermatozoide gehiago sortu, orduan eta aukera handiagoa izango du obulua berak ernaltzeko.
Hona hemen ar grinatsuak zapuzteko emeek erabiltzen duten beste metodo bat: uretan bertikalean ipintzen dira, isats–hegala kanpoan dutela, jarrera horretan arrek ez baitute beren sabela emearenera hurbiltzerik, eta, gainera, arrengandik izurtzeko nahikoa dute ardatz bertikal baten inguruan emeki–emeki biraka ibiltzea. Halakoetan ere arrak elkarri lagunduz ibiltzen dira, emea arnasa hartzera noiz aterako zain, une horretan gertuen dagoenak edo lekurik aproposenean dagoenak estal dezan.
Ar batek espermatozoide kopuru handia sortzen badu, aukera handiagoa izango du emea berak ernaltzeko; izan ere, emea hainbat arrek estaltzen dute, eta estalaldi bakoitzean arrak aurreko estalaldiko espermatozoideak kanporatzen ditu barrura bereak isurtzean. Espermatozoide ugari sortu eta besterenak kanporatu ahal izateko, mila kilotara ere iristen diren barrabilez dohatu ditu naturak, eta, gainera, estalketak oso segundo gutxi irauten duenez, zakilaren forma dela–eta ahalik eta esperma gehien kanpora dezakete oso denbora gutxian. Zakila hiru metro luze ere izaten da, eta atzeragarria izatea du ezaugarri nagusia, une labur eta egoera aldakor horietan estalketa errazagoa gertatzeko.
Arrek emea estaltzeko duten gaitasun eta erresistentzia ere erabakigarria da hautespen naturalerako. Indar eta erresistentziarik handienekoek izango dute emea ernaltzeko aukerarik handiena. Estalketarako taldeetan ar guztiak elkarri laguntzen ibiltzeak erraztu egiten du kopulatzea denek lortzea, baina indartsu eta dohatuenek edukiko dute arrakasta izateko aukerarik handiena. Baliteke inork pentsatzea balea bat emea noiz nekatuko zain geratzea gerta daitekeela, hura estaltzen azkena izanik aurreko guztiak baino eraginkorragoa gertatuko delakoan, hartara bere esperma ez baitu beste inork kanporatuko. Baina beste bide mikroskopiko batzuen bidez egiten da hautespen naturala. Kalitate oneneko espermatozoideak, hau da, genetikoki dohain onenak dituztenek ernaltzen dute obulua; beraz, emearen barruan beste lehia bat gertatzen da, oraingoan maila mikroskopikoan, eta, horrenbestez, dohain handieneko espermatozoideak ernaltzen du obulua.
Ugalketa garaiko jarduera horiek guztiak gertatzeko baldintza klimatiko egokiak behar dira nahitaez. Horrexegatik izaten dira udazken eta negu partean, hain zuzen ere baleak itsaso bareago, batera eta tenperatura epelagoetara iristen diren garaian. Beren baitan gordetako energia guztia, ur bareen bila milaka kilometro ibiltzeko baliatu duten energia, ez dute hurrengo udaberrira arte berrituko, plankton– sarden bila ur hotzagoetara itzultzen diren arte alegia. Tamaina
Arrak:15m. Emeak: 16 m. Jaiotzean: 4,6–5 m. Elikadura
Zooplanktona, kopepodoak. Udaberri eta udan Ipar Atlantikoan eta Artikoan planktona azaleratzen den eremuak dituzte elikatzeko leku. Sardako baleak ur kopuru handiak iragaziz lortzen du elikadura. Animalia iragazleak dira beraz, eta horretarako, balea–bizarrak dituzte. Bizar horiek xafla zurrun triangeluarrak dira, keratinaz estalitako ile motz eta gogor ugariz osaturik daude, eta goi masailezurraren alde banatan bata bestearen ondoan ilaratan dituzte kokaturik, 2,5 metro luze ere izan daitezke, eta, kopuruz, 225 eta 250 bizar edo xafla bitarte izaten dituzte gutxi gorabehera, masailezurraren alde banatatik zintzilik.
Geldirik daudenean, beheko ezpainak estalita geratzen dira, ahoaren bi aldeetara igotzen baita ezpain hori. Urtean hiruzpalau hilabetetan zehar elikatzeaz bakarrik arduratzen dira baleak; egunean 1.000 kilo elikagai jatera irits daitezke, itsasoak zurrunbilotsu eta urak oso hotz dauden lekuetan. Une horretan metatu behar dute gantza, gero itsas bare eta ur epeletako latitudeetarako bidaia egin eta han negua igaro ahal izateko. Lehenago aipatu dugu sardako balea animalia iragazlea dela; elikatu ahal izateko, beraz, elikagaidun ahalik eta ur kopururik handiena iragazi behar du balea–bizarren bidez. Horretarako, krill–sardan zehar ur azalean igerian mugitzen da poliki–poliki (orduko 3–4 km), ahoa erdi irekita duela, hartara elikagaidun ura ahoan bi bizar ilaretan zehar sartzen baitzaio, eta aldeetako xaflen arteko zirrikitu estuetatik atera. Elikagaia balea–bizarren barruko ile finen artean atxikirik geratzen da.
Elikatze eremua behin eta berriz zeharkatu eta bizarrak alde batetik besterako mugimenduen bidez garbitu ondoren, puztutako mihiaren laguntzaz elikagaia bola bat egin eta irentsi egiten du. Sardako baleak normalean bere espezie bereko beste baleengandik bereiz ibiltzeko duen arren, elikatze eremuetan daudenean, hurbil dauden eta komunitate berekoak diruditen beste baleekiko talde jardueraren batean ere ikus daitezke. Elikatze eremu horiek milioika kilo krillek osaturik egon daitezke, eta, beraz, logikoa dirudi elikagai kopuru eta lekuari buruzko informazioa elkarri jakinaraztea eta leku haietatik hurbil dauden guztiengana iristea. Taldeko jokabide hori krill–sarda handietan elikatzen diren animalia taldeetan ere ikusi izan da: bata bestearen ondoan ilaratan jarrita sartzen dira krill–sardan barrena.
Jokabide horrek elkarren artean nolabaiteko loturaren bat dagoela pentsarazten digu; izan ere, itsasoaren handitasuna dela–eta ez da erraza izango elikagaiak ugari diren eremuak aurkitzea. Beraz, dirudienez, balea batek plankton ugariko eremu bat aurkitzean besteei oturuntza bikain horren berri ematen badie, elkarrekin nolabait komunikatzeko moduren bat izango dute. Nola lortzen dute, ordea, elkarri informazio horren berri ematea? Egia da elikatze eremu horiek latitude zehatz batzuetan izaten direla, baina milaka kilometro koadroko guneak dira; beraz, nola aurkitzen dituzte krill–sarda handi horiek? Baleen inguruan dauden misterioetako bat baino ez da hori. Xibarta balea, adibidez, hogeita hamar minutuz ere iraun dezakeen bere doinu eztia dela–eta da ezaguna, eta badirudi komunikatzeko modua dutela doinu hori. Sardako balea, ordea, ez da balea kantaria. Xibarta baleak ez bezala, eztarriko hotsak sortzen ditu, astoaren arrantza edo arnasestu itxurakoak, eta izango dute, noski, zereginen bat, baina, oraingoz behintzat, baleen inguruko misterioetako bat dugu hori ere. Kokalekua
Kostaldetik gertu eta urrun. Ur epel eta subpolarretan.