Euskonews Gaztea
Gaiak: Alfabetatzearen garrantzia
Egia da historian zehar ukatu egin izan zaiela hezkuntza andrazkoei eta afera horretan aurrerapausoak eman diren arren, asko dago egiteko oraindik. Hala ere, gauzak aldatzen joan dira eta gaur egun derrigorrezkoa bilakatu da heziketa gure artean (14 urtera artekoa behintzat). Eta aspaldi ikasi ezin izan zuten horiek ere animatzen dira eskolak hartzera.
Baina ez da toki guztietan egoera berbera ematen. UNESCOren datuen arabera, gaur egun oraindik 880 milioi heldu dago mundu zabalean alfabetatu gabe; haurrei dagokienez, gutxi gorabehera 110 milioi dira hezkuntzarik gabe geratzen direnak. Garapen bidean dauden herrialdeetakoak dira asko. Urteak igaro ahala bertako biztanle gehiagok dakite irakurtzen zein idazten, prozesua mantso baldin badoa ere; eta horrek neurri batean edo bestean, laguntzen dio herrialdearen hazkundeari. Beraz, esan genezake “inbertsio” garrantzitsua dela gobernuentzat populazioaren alfabetatzea.
Eskolatuta, pertsonek bizimaila hobea lortzen dutela argi eta garbi geratu da. Nahiz eta askok erreparatu ez, pertsona libreagoak bihurtzen dira eta aukera gehiago sortzen zaizkie, lanari dagokionez, esaterako. Alabaina, irakurtzen eta idazten jakiteak bere mailak ditu: aurkitu baitaitezke eguneroko bizitzari aurre egiteko esaldi errazak irakurri zein idazten dakizkitenak, baina aldi berean egunkari batetako paragrafo bat ere ezin irakur dezaketenak.
Etengabeko jarduna behar da arazo honekin amaitzeko –baldin eta akaberarik badu. Gizartearen kontzientzia pizteko ahaleginetan irailaren 8a Alfabetatzearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen UNESCOk. Hala ere, salagarria da erakunde honek alfabetatzeari buruz mintzatzean ez dituela kontuan hartzen hizkuntza gutxituak, ingeles, espainiera, frantsesa eta abar izaten baititu hizpide. Eta ezagun dugu arazoa edozein hizkuntza mintzatzen dutenen artean gertatzen dela.
Ahalegin eta borondatez, poliki bada ere, aurrera egiteko aukera egon behar litzateke.