Koldo Amestoy Arruntan sortu zen (Donapaule ondoan) 1952ko agorrilean. Bere ama etxean aritzen zen lanean eta bere aitak bideak egiten zituen. Angeluko Cantau lizeoan ikasketak amaituta plano marrazkilaria bilakatu zen. Lan hori utzi zuen eta antzerkigintzan, irratian eta telebistan lanean hasi zen. 1983an bakarrik hasi zen istorioak sortzen heldu eta haurrentzat. Sorkuntza aunitz egin zituen musikari eta kantari ezberdinekin eta disko batzuk grabatu ditu. Bestalde, Baionako orkestrarekin lan egin zuen eta istorio festibalak antolatu zituen. Bere azken sorkuntza Pantxix Bidart musikariarekin Aneta Bokaleko ikusgarria da. Zendako utzi zenuen plano marrazkilaritza? Utzi nuen lege batek erraiten baitzuen bakarrik etxe ttipiak egin behar zirela, ondorioz lan gutti banuen eta entzun nuen AEKk animatzaile bat xerkatzen zuela, beraz 1980an AEKn sartu nintzen. Argazkia: Gilbert Glère Nola hasi zinen kondalaritzan? Lizeoan antzerkia egiten nuen eta gero antzerki ikastaldiak hartu nituen. Ostean, txotxongiloekin hasi nintzen eta hor topatu nuen ipuina. Irratian lanean hasi nintzen eta AEKren euskarazko emankizun batean, zuzenean kondatzen hasi nintzen. Zer da kondalari profesionala izatea? Bakarrik horretatik bizitzea da, ikuskizun berriak asmatzea, lantzea, deitzen gaituzten alde guzietara joaitea. Gainera nik euskaraz eta frantsesez landu behar dut ikusgai bakoitza. Zertaz inspiratzen zira zure ipuinentzat? Ipuin herrikoietan inspiratzen naiz, gauza misteriotsuetan eta baita ere eguneroko biziak ekartzen daukagunaz: anekdotak, gertakariak, gaurko arazo eta kezkak. Bestalde gauza sinbolikoetan inspiratzen naiz: ura, burdina, sua, natura, ... Zer kondatzen duzu zure ipuinetan? Gezurra iduri duten ipuinekin, egia bat, errealitate bat kondatzen dut. Kondatzen ditut euskal kondaira moldatuak, gaurko hitz eta pentsatzeko manerekin; bestalde, gauza batzu salatzen ditut ere bainan nere istorioak osoki nik ditut asmatuak. Non lan egiten duzu? Lan egiten dut Frantzian, Belgikan, Suitzan, Boli Kostan eta Québecen. Norekin lan egiten duzu? Lan egin dut Beñat Achiarri kantariarekin, Pascal Gaigne musikariarekin, Juan Antonio Urbeltz koreografoarekin, Gonzalo Etxeberria eta Bruno Aguerre margolariekin, Maddi Oihenart kantariarekin, Xavier Leibar arkitektoarekin, Pantxix Bidart kantari eta musikariarekin eta nere seme Anize Amestoyekin. Zer maite duzu zure lanean ? Maite dut idaztea, prestaketa lana, gauzak nola lortzen diren. Sukaldaritza bezala da, gauza ezberdinak nahasiz zerbait sortzea. Maite dut ere taula gainean kondatzea eta ikustea publikoak nola erreakzionatzen duen. Publikoa, kondalaria eta ipuinaren arteko harremana biziki inportantea da eta hori martxan delarik, plazera dut aritzea. Eta bukatuta plazerra dut ere joaitea ( irri ). Zein proiektu handitan parte hartu duzu ? Parisen aritu nintzen Atahualpa Yupanki poeta argentinarraren omenaldian Olympian, hamar bat kantarirekin. Paris – Bercy salan “indar jokoak” euskal kantu eta musika proiektuan aritu nintzen ere. Bestalde Harrilka ikuskizuna sortu nuen Baionako antzokian egiteko. Baionako orkestrarekin aritu nintzen ere, bainan nere lehen urratsa profesionalki “Ane Atoll” ikusgarria izan zen. Zein dira zure aisialdiak ? Baratzean lan egitea, ibiltzea, irakurtzea eta sukaldaritza. Zer pentsatzen duzu Euskal literaturaz ? Ez dut untsa ezagutzen eta aitortzen dut ez dudala aunitz irakurtzen euskaraz. Iparraldean euskal literatura ahula denez, literatura “sinpleagoarekin” lan egin beharko litzateke Maiatzek egiten duen bezala. Irratietan liburu aurkezpenak egiten dira eta ikastoletan idazleekin topaketak eta gauza horiek baitezpadakoak dira euskal literaturarentzat. Zer pentsatzen duzu euskaraz gaur egun ? Eskolan eta etxean mintzatzen bada ere, karrikan ez da aski erabiltzen. Bestalde ez da aski erabilia administrazioetan, herriko etxeetan... Orokorki erran dezakegu entzuteko eta irakurtzeko euskara badela bainan mintzatzekoa ez dela aski. Prentsako kritikak Express magazine: Tradizioa egungo argira bideratzen du. Haien lotik tiratuak, euskaldun miresgarriak aintzinatzen den kulturaren bidexkan ibiltzen dira. La Voix du Nord: Koldo Amestoy begi dirdiratsuko eta irudimen erneko miragile horietako bat da... Catherine Gendrin: Koldok hitza goxoa du baina fermua. Tunelak, autopista inutilak, bere herria desitxuratzen duten finenetzazaileak trufagarriak dira bere istorioetan. Koldo Amestoy (Arrunta, 1952) Zuberotarra da Koldo eta nahiz eta planoak marrazten hasi zen dirua irabazten, lanbidea utzi eta gutxika joan zen ipuinen mundura gerturatzen. Euskara eta frantsesez lantzen ditu eta nazioartean ere ibilia da haur zein helduentzako kontakizunak ahotan hartuta.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.