Euskonews Gaztea
Gaiak: Sei gune, hamaika ekimen
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Urriaren 19a, goizean goiz Euskal Herriko edozein herritan. Zerura begiratu eta jantziko duguna erabaki ondoren Iruñera joateko prestatzen gara. Izan ere, Nafarroa Oinezekin bat egiteko prest ekin dugu egun berria. Egitaraua handitzeko, klikatu irudian.
Milaka eta milaka euskaltzale batuko gara Nafarroako ikastolen aldeko jaian, eta familia edota lagunartean egun paregabea igarotzeko aukera daukagu. Aurten Jaso Ikastolaren ardura izan da antolaketa eta Iruñerria bisitatzeko aitzakia hoberik gutxitan edukitzen dugu; San Fermin festak salbu, pentsatuko dute askok.
Hala, ahal delarik garraio publikoa erabilita Nafarroako hiribururantz abiatuko gara eta alaitasun giroan murgildu. Antolatzaileek sei gune atondu dituzte hitzordu berezirako eta ilusio handiz makina bat ekimen jarri dizkigute eskura. Aspertu? Hitz hori ezezaguna da Iruñean.
Mendebaldea, Miluze, Sanduzelai, Arga, Biurdana eta Donibane deituriko guneek parte hartzaile uholdeari aurre egingo diote. Esate baterako, belatzekiko ehiza erakustaldia egingo dute aurreneko gunean; artzain txakurren erakustaldia eta zirko tailerra bosgarren gunean edota erritmo desberdinetako musika gune guztietan izango dira ekimenetariko batzuk. Zein talderekin mugituko dut gorputza? Betagarri, mariachiak, Esne Beltza, Kerobia edota Gozategi beste musikari askoren artean taula gainera igoko dira sei guneetan zehar.
Eta gose banaiz? Bada aukerak ere ugariak dira. Ibilbidean zehar topatuko ditugun ogitartekoez gain, Jaso Ikastolaren patioan paella erraldoia dastatu ahalko dugu 14:00etatik aurrera. Edota sagardotegi bazkaria nahiago dugula? Horretarako bosgarren guneraino joan beharko gara, 13:00etatik aurrera. Txahalki eta txerriki jatea ere egingo dute lehenengo eta bigarren gunearen artean... Ez da erabaki erraza, gero!
Baina aurtengo Nafarroa Oinez jai erraldoi honetan egongo da berrikuntzarik. Izan ere, hirugarren gunean beste txoko berezi bat atonduko dute: Jazz txokoa. Bertan, goizetik hasita Iruñerriko musikari ezberdinek dantzan jarriko gaituzte. Edo nahiago al dut Hip Hop txokora gerturatu? Horretarako Arga guneraino joan beharko naiz, laugarren gunera hain zuzen ere. Hala, breakdance, rap edota graffitiekin gozatuko dut. Eta ondo pentsatuta, zergatik ez bietan murgildu eta estilo berriekin gozatu?
Egun osoa daukagu zer egin erabakitzeko. Ziur primeran pasatuko dugula, baina pasatu gabe. Eta baita ingurugiroarekin errespetuz jokatuz ere; edalontzi berrerabilgarriekin zabor gutxiago sortuko baitugu. Goazen denok Iruñera urriaren 19an!