Euskonews Gaztea
Gaiak: Laura Mintegi
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Euskal idazlea eta irakaslea da Laura Mintegi Lakarra. Lizarran jaio zen 1955. urtean, baina bizitza gehiena Bizkaia aldean eman du nafar honek; Bilbo zein Algorta izan ditu bizileku.
Bestalde, Atlantikoa gurutzatutakoa da Mintegi, eta oso gazte zela egin zuen joan–etorriko bidaia gainera. Izan ere, berak hilabete eskas zuela gurasoak Venezuelara mugitu ziren bizitzera. Ostera Lizarrara bueltan etorri ziren bi urteren buruan. Hala ere, ez zen hor amaitu emakume honen bizitoki aldaketa, lau urte zituela Bilbora joan baitziren. Jarraian, Bizkaiko hiriburutik Algortara aldatu ziren (1973. urtean) eta nahiz eta bertan bizi, Laurak asteburu gehienak Lizarran igarotzen zituen gaztaroan.
Ikasketei dagokionez, Mintegiren asmoa kazetaritza ikastea zen. Nolanahi ere garai hartan ez zegoen EAEn ikasketa horiek burutzeko aukerarik; Iru?era joatea zen aukera, baina ez zuen gogoko ideia hura. Azkenean, Deustuko Unibertsitatean eman zuen izena, Historian. Handik, Portugaleteko Astileku ikastolara joan zen lanera.
Baina bere bizitzan beste migrazio bat suertatu zen: urtebetez Afrikan, Biafran ibili baitzen. Biafra, gerra baten ondorioz Nigeriarengandik banandu zen herrialdea da. Laura Mintegik gerla amaitu eta hamar urtetara bidaiatu zuen bertara, eta pedagogia–aholkulari bezala aritu zen bertako agintariekin; 1980. urtea zen.
Euskal Herrira itzuli zenean ekin zion idazteari. Satorzuloa ipuinarengatik Donostia Hiria sariketa irabazi zuen 1983.urtean. Urte berdinean ipuin–bilduma bat argitaratu zuen, Ilusioaren ordaina izenekoa. Hiru urtetara, 1986an, eleberrirako saltoa eman eta Bai...baina ez liburuak argia ikusi zuen; Azkue sariaren jabe egin zen nobela honi esker. Legez kanpo (1991), Nerea eta biok (1994), Sisifo maiteminez (2001) eta Ecce Homo (2006) dira bere beste lanetariko batzuk. Gehienetan –guztietan ez bada– maitasun eta desioaren gainean idatzi du emakume honek.
Liburuez gain aldizkari zein egunkarietan kolaboratu du Mintegik; horien artean besteak beste, Anaitasuna, Argia, Egin edota Euskaldunon Egunkaria aurkitzen dira. Baina nagusiki Laura Mintegi irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean 1981. urtetik. Euskara eta literatura irakasten dihardu Irakasle Eskolan eta eginkizun hori bere afizioarekin uztartzen du, euskal literaturari lan ederrak oparituz.