456 Zenbakia 2008-10-10 / 2008-10-17

Euskonews Gaztea

Gaiak: Jaso Ikastola, ikasle ohi baten ikuspegitik

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Jaso Ikastolaren ataria.

Iruñeko Jaso Ikastola 1981.urtean ireki zuten Etxebakoitz auzoan. Gutxika–gutxika handitzen joan zen, jende berriak izena eman zuen ikastola hartan eta azkenean, eraikin zaharra txiki geratu zitzaiela ohartu ziren. Hala leku berri batetara mugitzea erabaki zen; aurreko tokitik ez oso urruti, egia esan. Mendebaldea auzoan jaso zuten eraikin berria; 2000. urtea zen.

Euskonews Gazteak Eneko Huarte Jaso Ikastolako ikasle ohiarekin hitz egin du. Hogeita zortzi urte ditu iruindar honek eta gustu handiz hitz egiten digu ikastolan bizitakoei buruz. “Orokorrean uste dut Haur eta Lehen Hezkuntzari buruz denok ditugula oroitzapen onak; nire kasuan behintzat halaxe da,” aipatu digu.

“Familia handi bat bezala ginen: ikasle, guraso eta irakasleek osatzen genuen familia. Ni neu oso gustura joaten nintzen egunero ikastolara. Besteak beste, jolas–orduak gogoratzen ditut, ederto ibiltzen ginen eta!”. Baina ez da bere oroitzapenean grabatuta geratu den gauza bakarra. “Bazegoen bideo gela bat non VHS formatuan ikusten genituen bideoak. Orain guztia informatizatuta dago.”

Eneko Jaso Ikastolako ikasle ohia izateaz gain, bi urtez irakasle lanetan ibili da bertan, Mendebaldea auzoko eraikin berrian gainera. “Bigarren hezkuntza jarri zutenean, ikastola izugarri handitu zen. Ni ikasle nintzenean eta gaur egun ematen diren harremanen artean gauzak asko aldatu dira. Lehen naturalki irteten ziren neska–mutilen arteko loturak; orain ere egon badaude, baina bilatu egin behar dira.”

“Beste desberdintasun bat ikastolako jantokia da. Ni Jason ikasten ari nintzenean bertan egiten zuten bazkaria; orain berriz, kanpotik ekartzen dute.” Hala ere, desberdintasun handiak egon arren iraganeko eta gaur egungo Jaso Ikastolaren artean, Enekoren arabera ba omen daukate komunean gauzak. “Lehengo irakasle askok lanean jarraitzen dute, eta funtsean, ikastetxearen espiritua ere berdina da”.

Ikastolak eta hauek betetzen dituzten funtzioak nola ikusten dituen ere jakin nahi izan dugu. “Zalantzarik gabe, euskararen garapenean paper garrantzitsua jokatu dute ikastolek. Gainera guraso eta irakasleek izugarrizko lana egin zuten Jaso aurrera eramateko. Gaur egun traba politiko eta ekonomikoak aurkitzen ditugu, baina guzti horren gainetik fruituak ematen jarraitzen du ikastolak. Egia da orain ez dela ikastola sortzea helburua; beste urrats bat eman behar da, ikastolari sostengua eman behar zaio, alegia”.

Horregatik, Unaik euskaltzale guztiak deitzen ditu urriaren 19ko “Nafarroa Oinezko leloarekin bat egin eta Iruñean mingaina ateratzera.”