457 Zenbakia 2008-10-17 / 2008-10-24

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Iñigo Martinez. (Filosofia irakaslea): Bizitza? Harrapaezina harrapatzeko saiakera poetiko ezinezko bat da

URREA, Ana

Gasteizko OLABIDE Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)

Iñigok gai filosofikoak eta erantzun gabeko galdera unibertsalak gogoko dituela, berarekin bizitzaz, filosofiaz, eta euskararen egoeraz hitz egiteko plazera izan dugu. Berak dioen moduan, garrantzitsuena esateko zerbait duen norbait aurkitzea delako, ospetsua izan edo ez. Filosofia ikasi duzu. Zerk bultzatu zintuen hori ikastera? Nola erabaki zenuen ikasketa horiek eta ez beste batzuk egitea? Egia esan, ez neukan batere argi zer ikasiko nuen. Ondorioz, zalantzak argitzeko urte beteko epea eman nion nire buruari eta 2.batxilergoa amaitu nuenean lagun batekin Londresera joan nintzen ingelesa ikastera eta zerbitzari moduko lanen bat topatzera: etxetik kanpo bizi, apur bat arriskatu eta egoera berrietan abenturak izan... Urte bete pasatzeko asmoa geneukan baina nik bi aste besterik ez nituen jasan! Hiri izugarri handi horrek bizitzeko oso inpresio txarra eman zidan. Eta beraz, bueltatu egin nintzen (porrota onartuz, lasaitasun handiz. Huts egiten jakitea ere inportantea da bizitzan, pentsatutako proiektuekin burugogorregia izan gabe). Eta orduan zer? Ba filosofia fakultatean matrikulatzea erabaki nuen, kurtsoa hasita bazegoen ere. Zergatik filosofia? Institutuan oso gustuko nituen gai filosofikoak: esentziaren bilaketa, bizitzaren zentzua... Benetako galdera handi, unibertsal eta indartsuei aurre egingo zien ikasketarik autentikoena zela pentsatu nuen, eta ez nintzen damutu. Filosofia ikasgaiak ikasleen artean aspergarrienetarikoa den ospe txarra du. Metodo berezirik ba al daukazu beraiek atentzioa mantentzeko? Ikasleak hasieran gure kontra daude: guk epaituko ditugu, “txapa” sartuko diegu...Hori da zuen aurreiritzia (ez ahaztu gu ere ikasleak izan garela eta badakigu zer den beste aldean egotea). Baina gure bide bakarra kuriositatea eta jakiteko grina piztea da (eta horretarako guk ere apur bat apasionatuak izan behar dugu). Nola kutsatu jarrera hori? Ez dago metodo zehatzik. Gauzak probatu eta funtzionatzen ez duenean aldatu... Azalpen teorikoak, eztabaidak, bideoak, ikasleen azalpenak klase aurrean, antzerkiren bat egin ematen dugun gaiaren inguruan... Dituzun errekurtso guztien konbinaketa bat, azken finean. Orain Bilboko Lauro Ikastolan ematen dituzu Filosofiako klaseak. Nola ikusten dituzu gaur eguneko nerabeak? Belaunaldi batetik bestera aldaketarik somatzen al duzu? Gauza batzuk errepikatzen dira: beti daude ikasle oso jatorrak eta beste batzuk zurekin horrenbeste konektatzen ez dutenak; baina hori irakaskuntzan eta bizitzaren edozein arlotan gertatuko zaigu. Agian gaur egungo desberdintasun bat da ikasleek internetetik ateratako gero eta informazio gehiago daukatela eta lan “corta–pega” egitera ohitzen direla. Nire helburua erabilitakoa informazioa ondo antolatzea eta ulertzea da, informazio gutxiago erabili behar bada ere. Azken finean hori da gero pertsona zentzuduna izateko lagungarriena. Gero eta informazio gehiago daukagula baina gero eta tontoagoak garela pentsatzen dut askotan. Informazio guzti horrek ?gehiegi dago, denetarik, nondik hasi?...– “anorexia mentala”, aspergarritasuna eta jakiteko gogoa kentzen duela ematen du eta hori da errekuperatu behar dena. Zazpi anai–arreba zarete, horien artean zu gazteena eta euskaraz ikasi duen bakarra. Nola oroitzen dituzu Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan emandako urteak? Islatuta ikusten duzu zure burua gaur egun zeure ikasleak diren horietan? Nire garaian, Franko hil ondoren, euskaraz ikasteko aukera zabaldu zen, eta umeak ikastolara bidaltzeko momentua izan zen. Ni ikastolara bidaltzea nire anai–arreba nagusien erabaki bat izan zen. Hasieran manifestazio askotara joaten ginen irakasleekin, diputaziora subentzio gehiago eskatzera, toki hobeagoak... Lonja txiki batean ematen genituen gure lehen klaseak. Gero Koldo Mitxelenara joan nintzen eta Gasteizko euskarazko lehen institutu publikoa izan zen: oso inportanteak sentitzen ginen. Ni sartzean bi ikastalde geunden bakarrik, eraikin handi bat ia osorik libre ikasle gutxirentzako... Gaur egun jada kurtso guztiak daude noski, baina uste dut gureak momentu bereziak izan zirela. Jaiotza momentuak, alegia. Horrekin lotuta, zelan ikusten duzu gaur eguneko euskararen egoera geure gizartean? Horretan ez naiz oso pesimista. Gasteizen adibidez gu ginen D ereduko (guztia euskaraz) bigarren promozioa, nire anai–arreba guztiek gazteleraz ikasi zuten, beste aukerarik ere ez zegoen...eta gaur egun berriz, nire ilobek euskara dakite! Hiri nahiko bitxia da gurea, biztanleria asko handitu da urte gutxitan, gure gurasoak ez ziren gasteiztarrak, egiten ari zen hiri honetan. Hazkunde demografikoaren ondoren zuek orokorrean zarete guraso gasteiztarrak daukazuen lehenengo belaunaldia...eta ikusi beharko da zuen partetik euskarari zelako erabilpena ematen diozuen, baina jakin behintzat, badakizue. Zer uste duzu dagoela gure esku hori hobetu ahal izateko? Hitz egitea dago, hori da benetan egin daitekeen gauzarik naturalena. Euskal Herria eta euskararen aldeko ideologia asko zegoen Koldo Mitxelenan eta patioan aldiz gazteleraz egiten genuen. “Vasquito” asko geunden eta euskaldun gutxi. Ideologiaz ahaztu eta euskaraz bizitzea dela uste dut euskaltzale batek duen egitekorik osasuntsuena. Irola irratian saio bat aurkezten du I?igok. Klaseak emateaz gain irratiarekin ere loturaren bat duzula entzun dut. Azaldu zeniezadake? Bai, Irola Bilboko Irrati librean lagun batekin elkarrizketa programa bat egiten dut: Hitzak Bilbatzen deitzen da (hitzak biltzen eta batzen, josten alegia). Elkarrizketa desberdin asko izan ditugu: aurrekoan adibidez martxoak 3ko istiluetan parte hartu zuten langileei, beste batean Abiadura Handiko Trenaren aurkako plataformakoei, kriminologo, bertsolari, musikari, poeta...gai desberdinak jorratzen ditugu elkarrizketatuaren arabera. Ez da jende oso famatua izaten, baina bai esateko gauzak dituena. Hori da inportanteena. Ah! eta bueno, propaganda egiteko aprobetxatuz... programa ostiraletan da 17:00etatik 18:00etara, 107.5 FMn. Internet bidez ere entzun daiteke. Ez zara, beraz, irakaskuntzara soilik mugatzen. Zein da zeure lanbidetik ateratzen duzun gauzarik positiboena? Ez naiz irakaskuntzara mugatzen klasetik kanpoko bizitza nahiko aktibo bat edukitzea gustatzen zaidalako eta gainera komenigarria dela uste dut. Konektatu eta deskonektatzeko aukera emateaz aparte, egindako ekintzak aberasten dituzu. Adibidez niri, askotan irratiko gauzak klaseen burutapenentzako balio izan zaizkit, edota klasekoak irratirako... Baina nire lanbidetik positiboena? Ba lagun asko atera ditut, bai irakasle zein ikasleen artean. Hori, dudarik gabe, altxor handi bat da, handiena. Gero gainera, pertsonekin lan egitea oso interesgarria da: urtero hainbat pertsona berri dituzu aurrean, bakoitza ibilbide propioekin, bere beldur, kezka eta ilusioekin...Horrek profesioa interesgarri bihurtzen du, ez da torlojuekin lan egitea bezala. Egia da problematikoagoa izan daitekeela...baina bueno, bizitza arazotsua da, ezta? Zure espezialitatera hurbilduz, Schopenhauerrek zera esaten zuen: “El destino es el que baraja las cartas, pero nosotros los que las jugamos”. Zuk zer uste duzu? Nahiko ados nago esaldi horrekin. Gure karta batzuk “fabrikatik” datoz, jaiotzetik: neska edo mutila izan, baxua, altua, begi urdin edo beltzak, ederragoa, itsusiagoa, tokatzen zaigun familia eta bere egoera ekonomikoa... baina hortik aurrera, ditugun zirkunstantzia horiekin gure ardurapean hainbat eta hainbat ekintza daude. Gainera bizitza jolas moduan irudikatzen du esaldi horrek, eta apur bat jolasten jakitea ondo bizitzen jakitea da... Zeure ikasleei gauza bakar bat erakusteko aukera izango bazenu, zer esango zenieke? Galdera oso zaila...Agian ez sinesteko esaten dieten guztia, ikertzaile espiritua eta galdera bizirik izanda, inkonformismo eta zalantza osasuntsu bat mantentzeko esango nieke. Azken finean, jarrera kurioso eta gogotsu bat bizitzaren aurrean. Zein izan da bizitzak gaur arte erakutsi dizun gauzarik garrantzitsuena? Urteekin pazientzia izaten jakitea irakaskuntzarik hoberena dela uste dut. Nerabea zarenean gau ilun bat datorkizu (maiteminak, tristurak, egonezinak, arazoak...) eta beti horrela egongo zarela uste duzu, ez zarela berriz ondo egongo. Baina gero, espero gabe askotan, eguzkia irteten da... Nagusitzen zoazenean esperientzia gehiago daukazu, eta zure bizitzaren hainbat kapituluetan gau ilunak egon badira ere, lehenago edo beranduago eguzkia irteten ikusi duzu berriz. Beraz, arazoak arazo, erlatibizatzen eta pazientzia edukitzen ikasten duzu. Seguruago sentitzen zara, nahiz eta txarto pasatzeak ez dizun inork kentzen. Baina pazientzia eta konfiantza ezinbestekoak dira, eta agian oraindik gehiago urgentziaren eta abiaduraren mundu honetan. Filosofian aditua, (eta) bizitzan... Bizitzan ez dago aditua izaterik, bizirik gauden bitartean egoera berri eta ustekabekoak agertzen dira, eta berriak direnez ezin dugu beti jakin zelan asmatu. Probatzea besterik ez zaigu gelditzen. Imajinatu antzerki bat non eszena batean aktoreak ez dakien zer esan/egin behar duen gidoia galdu duelako... Ba hori da gure bizitzaren antzerkian daukagun egoera. Kanpotik –publikotik– aholkuak bota daitezke: pazientzia, tentsio askorik gabe egoten ahalegindu... baina eszenatokian zaudenean ez da erreza, eta horretan aditurik eta unibertsitaterik ez dago. Zorionez ezta? Behintzat, bizitza filosofiaz hartuko duzu, ezta? Bueno, gehiago maite ditut galdera onak erantzun txarrak baino. Filosofiaren zeregina hori bada –arazoak ondo planteatzeri erantzunari baino garrantzi gehiago ematea– ba orduan bizitza filosofiarekin hartzen dut, galderek zabaltzen dizkidaten zerumugetan... Abenduan 33 urte. Pozik orain arte egindakoarekin? Iraganari begira jartzea eta orokorki epaitzea zaila da, lagun gazte. Zenbaitetan pozik, beste batzuetan ez horrenbeste, hanka sartu, errudun sentitu, hobeto egin nahi...denetarik. Baina bueno, gutxi gora behera gustura, gutxi gora behera horren gora beherak azpimarratuz. Demagun zuk egindako ikasketak “saldu” behar dituzula. Publizitate pixka bat: zer arrazoi emango zenituzke hori eta ez beste ezer ikasteko? Ez naiz oso propaganda zalea...gauza onek propaganda gutxi behar dute. Aldiz publizistak haien produktuak kontsumitzera deitzen gaituzte etengabe...eta filosofia merkatutik nahiko urrun dago. Baina tira, esan dezaket ez dela ikasketa masibo bat izango, eta horrekin, hara doanak giro herrikoiagoa topatuko duela klasean (gure kasuan zortzi ginen). Gero ere ba, pentsamendurako zaletasuna daukanari mendeetako tradizio zoragarri batean sartuko dela esango nioke, baina gai hauekiko zaletasuna behar du eduki, noski. Amaitzeko, esaldi batean, zer da bizitza? Ezin dut esan bizitza zer den esaldi batean: hain infinitua da, edozein esaldi beti ere pobreegia irudituko zaidala. Harrapaezina harrapatzeko saiakera poetiko ezinezko bat... Beraz guztiz azaldu ezina den bizitza misteriotsu honetan bizitzen goaz, bidea egiten, eta bitartean azalpen probisionalak topatzen ditugu... Baita bere kontraesan, komedia, drama eta tragediarekin bat ere: guztiak sartzen dira bere lotean. Iñigo Martinez (Gasteiz, 1975) Iñigo Martinez Martinez gasteiztarra da eta eta zazpi anai–arrebatik gazteena. Bilboko Lauro Ikastolan Filosofiako irakasle moduan lan egiteaz gain, bere denbora librean irratiaren munduarekin harremanetan diharduena.