Euskonews Gaztea
Gaiak: Erabakitzearen zailtasuna
Gasteizko OLABIDE Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)
Bizitzan askotan, nahiz eta ez ditugun geure buruak murgilduta ikusi nahi, zerbaiten artean aukeratzeko beharra aurkezten zaigu halabeharrez, horrela aurrera jarraitu ahal izateko. Batzuk errazagoak, beste batzuk zailagoak izaten dira, baina azken finean guztiak, hartu beharreko erabakiak.
Txikiak ginenean, bazirudien dena ematen zigutela eginda, eta gurasoak ziren gehienetan gure ordez aukeratzen zutenak, ez baikenuen horretarako gaitasun handirik oraindik. Eta orain badugu erabakiak hartzeko ahalmenik? Ditugun aukerak alderatu ditzakegu, gauza bakoitzaren alde on eta txarrak zeintzuk izango ote diren aurreikusiz... Baina egoeraren arabera ?erabakitze? hori zeharo desberdina izan daitekeenez, maiz galduta ikusten gara horren aurrean, zer egin ez dakigula.
Behin DBH bukatuta, zein batxilergo mota egingo dugun hautatu behar izaten dugu, eta kasu horretan beti azaltzen da galdera bera: Zientziak ala letrak? Itaun zabal–zabala, alegia. Nagusitzen ari gara, eta horrekin batera erantzukizun handia datorkigu gainera, txikiak ginenean ez bezala, poliki–poliki baina aldi berean atsedenik gabe, geure bizitza propio eta bakarra hautatzen eta antolatzen hasi behar garelarik. Hala ere, erabakitzea beti zaila egiten da, ez baitakigu nola asmatu. Beltza edo zuria, beroa ala hotza, uda ala negua.... Ez zaigu inoiz erreza suertatu gauza biren artean bakar bat hautatzea, baina nahi edo ez, orain behintzat (eta aurrerantzean are gehiago) hori egitea beste erremediorik ez zaigu gelditzen.
Lehen aipatutako galderara bueltatuz, betidanik egon izan da nota onak ateratzen dutenak zientzietatik joan behar direnaren topikoa, eta, beraz, zailtasun gehiago dutenak edo alferragoak direnak letretatik. Argi utzi behar dut hasieratik hau topiko bat besterik ez dela, denetarik baitago leku guztietan. Zure kalifikazioek ez dute zugatik zure etorkizuna aukeratuko, eta, beraz, bakoitzak bere gaitasun intelektuala kontuan hartu behar badu ere, horren gainetik gustu edo zaletasunak daude, ezbairik gabe.
Bizitzan guztia da aukeraketak behin eta berriz egitea, horrek leku batera heltzea ahalbidetuko digularik, eta aldi berean beste zenbait gauza bizitzetik mugatuko gaitu. Inoiz ez dugu jakingo, gauza bat aukeratu ondoren, beste aukera hartuko izan bagenu geure bizitza nolakoa izan zitekeen, baina argi dago egoera horretan ez dagoela, dagoeneko, atzera itzultzerik. Guztiak baloratu behar ditugu, baina aukeratu behar duguna, gehien gustatzen zaigun hori izan beharko da, nahiz eta ondokoak beste edozer gauza hautatzeko esan. Pentsatu horretan lan egiten arituko garela geure bizitza osoa, beraz, gustuko duguna hautatzea oso–oso garrantzitsua da, ezinbestekoa dela ez esateagatik.
Gauza asko egongo dira beti jokoan, bai, baita gure zoriontasuna ere. Horregatik, hartu beharreko erabakia bihotzarekin egin behar da, horrek, hain zuzen ere, egingo baikaitu zoriontsu. Azken finean, guk geuk hartu behar izango dugu erabaki hori, ezin dugu inoren esku utzi, geure etorkizuna dagoelako kolokan. Gurea izango da ardura osoa, bai onerako eta baita txarrerako ere. Eta oraingo honetan eta gainerakoetan, gurea da azken hitza, gurea erabakia.