459 Zenbakia 2008-10-31 / 2008-11-07
Askorentzat tristeak dira egun gris, ilun eta bustiak. Sarri, hodeiak deskargatzen hastearekin batera pertsonen irribarreak desagertzen joaten direla iruditzen zait; baina jakin badakit, begi goibelen atzean nonbait ezkutaturik jarraitzen dutela. Egia da hala ere, jendea ez dela lasai ibiltzen euripean eta momentua iristean badirudi kalean guztiak duela presarekin zerikusia. Bustitzeak kalte egingo balie bezala, ohiko patxada galdu eta ziztu bizian igarotzen da jendea.
Eta aterkiekin joaten direnei buruz... zer esanik ez! Mota ezberdinetakoak aurki ditzakegu. Amorru gehien diodan espeziea, aterkia mugitu ezin dutenak dira; bai, gainerako herritar eta lurtarrek beti–beti tokia egin beha izaten dieten horiexek. Harrizkoak balira bezala... Baina ez! Nire harridurarako, mugitu egiten dira! Ikerketa soziologiko bat egiteko gai aproposa litzateke, ezta?
Bestalde, euria egiten duen egunean kaleko ibiltariei apur bat erreparatuz gero, gure gizarteak karriketan beste fenomeno berezi bat daukala ohartuko gara, bitxia suertatzen den gertakaria gainera. Nork ez du ikusi amonatxoa plastikozko poltsa buruan duela? Ez al da komikoa?
Egia da bestalde, inoiz euritakorik erabiltzen ez duen jende asko eta asko dugula inguruan, zira bat soinean jarri eta kalera irteten direnak. Euria atsegin edo ez, ziurra den gauza bakarra dago: normalean gorroto dituzte aterkiak. Azkarrago edo motelago, baina ur tantak soinean igartzen dituzte. Nire kasua da hori. Izugarri atsegin ditut horrelako egunak. Ura biziki gustatzen zait eta ahal dudan guztietan aterkirik gabe abenturatzen naiz kaleetan zehar, alderik alde paseatzera.
Garen modukoak gara eta gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu euria. Garbi daukadan gauza bakarra, gure inguru ederrak berde ikustea atsegin dugula, eta hori zail gertatuko litzatekeela euririk egin ezean. Beraz, goza dezagun euriaz, eguraldi ona ere iritsiko baita eta ez dugulako zertan dena gris, ilun eta goibel ikusi behar.