460 Zenbakia 2008-11-07 / 2008-11-14
Jateko portaera trastornoak gero eta ohikoagoak dira gure gizartean hainbat faktorerengatik. Esate baterako, faktore biologiko, sozial edo psiko–sozialengatik. Gainera, nerabeengan eman ohi dira, esaterako, dituzten gatazkengatik eta beraien autonomia pertsonala ezartzeko dituzten eragozpenengatik.
Hasteko, trastorno horien artean ohikoena anorexia da. Gaixotasun hori gehienetan emakumeengan ematen da, azken aldi honetan egin diren ikerketen arabera (% 90–95). Hala ere, gizonezkoek gero eta gehiago jasaten dute eritasun hori.
Anorexia ez da gizentzeko beldurrez jateari uztea, baizik eta norberari bere burua ez gustatzea eta bere itxuraz gehiegi kezkatuta egotea, oro har, argaltzeko gogo gehiegi izatea. Izan ere, argaltasuna normalean, zoriontasunari eta perfekzioaren bilaketari lotu izan zaio. Gaixotasun hori jasaten duten pertsonek zenbait sintoma pairatzen dituzte, hala nola, beraien burua lodiegi ikustea, pisu galtze nabarmena, barnerakoi eta isolatuagoak azaltzea, hau da, sendi eta lagunengandik bereiztea, bizitzan edertasuna, arrakasta eta irudia bakarrik kontuan hartzea...
Horrez gain, bazkalorduak bakarrik egiten, diuretiko eta laxanteak kontsumitzen eta ariketa fisiko gehiegi egiten hasten dira. Horrek guztiak ilearen erorketa, azala lehortzea, azkazal hauskorrak izatea, eta mota askotako arazo hormonalak ekar ditzake. Horien artean ezagunenak amenorrea, hilekoaren galera, osteoporosia, insomnioa, hipotermia, etab. dira. Gainera, beste zenbait ondorio larriago jasateak heriotza ere ekar dezake.
Bulimia ere trastorno ezaguna da. Gaixotasun hori beraien buruarekin konforme ez dauden eta jakiaz eta pisuaz obsesioa duten gizabanakoengan ematen da, hori ere emakumeengan gehien bat. Bulimikoak elikagai piloak irensten ditu denbora tarte laburrean eta gero orekatzeko metodoak ezartzen ditu: okadak, egundoko jarduera neketsuak etab. Hori guztia, erruduntasun eta mespretxuzko sentimenduek lagunduta. Gaixoak kontrolik gabe jaten du eta pisuak kezkatuta, dieta latzak egiten ditu neurrigabe jandakoa konpentsatzeko.
Gainera, jan ostean komunera joan ohi da oka egitera; laxanteak eta diuretikoak erabiltzen ditu.Horrek guztiak ekartzen dituen ondorioak hauexek dira: okaden ondorioz, listu guruinen tamaina handitzea, hortzetako esmaltea hondatzea, aho sabaian kalteak izatea, gastritisa, odol–okadak, bihotzerrea, etab. Horrek ahulezia muskularra, dardarak, arritmia eta bihotza gelditzea ere ekar dezake eta betekada eta okada latzek, esofagoaren urraketa eta urdaiaren apurketa eragin dezake. Horrez gain, umore aldaketak eta depresioa sumatzea ere erraza da.
Gorputzarekin obsesionatuta dauden pertsonek bigorexia izeneko gaixotasuna jasaten dute. Horiek gorputzeko giharrak gutxi garatuta dituztela uste dute eta ondorioz, itxura fisikoa hobetu behar dutela. Horregatik, ariketa fisikoa gehiegizkoa bihurtzen da eta anabolikoak eta esteroideak hartzen hasten dira. Gaixotasun hori normalean, gazteengan ematen da telebistak, aldizkariek eta gizarteak orokorrean eragin handia baitute.
Bukatzeko, ortorexia izeneko gaitza osasunaren ardura obsesioaren ondorioz sortzen da. Gaixotasuna jasaten duten pertsonek janari garbia soilik jaten dute. Horren ondorioz, haragiari uko egiten diote, ez dute gantzik kontsumitzen eta substantzia artifizialak dituzten jakiak alde batera uzten dituzte. Horrek guztiak gizartetik isolatzera bultzatzen dituzte, ezin baitute etxetik kanpo jan.
Jateko portaera horiei aurre egiteko, garrantzitsua da gaixotasunaz garaiz jabetzea eta susmoren bat izanez gero, osasun zentrora joatea. Bertako diagnostikoa abiapuntutzat hartuta, beharrekoa bada, osasun mentaleko zentroko profesional batetara joatea ere komeni da. Prozesuan zehar, adituen laguntza eta familia eta inguruko pertsonen babes osoa beharrezkoak dira bere baloreetan oinarrituriko nortasuna gara dezan. Gainera, gaur egun gaixotasun horiek geroz eta nabarmenagoak izatearen ondorioz, gaixoen senideek eta boluntarioek ACABE elkartea osatu dute anorexia eta bulimia nerbiosoaren aurka egiteko.