460 Zenbakia 2008-11-07 / 2008-11-14

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Alfredo Zaldibar. (Irakaslea): Bide normaletik ikasketekin jarraitzeko arazoak dituztenak hartzen ditu PIEEk

Duranako IKASBIDEA Ikastetxea

PIEE motibazioa galdu eta arazoak dituzten ikasleentzako gela da. Bertan dihardutenak 14–15 urteko ikasleak dira eta ikastearekiko galdutako interesa eta motibazioa berreskuratzea da haien helburua. Ikasteaz gain, landareei buruz ikasi eta horrekin lan egiten dute; tomateak, tipulak, letxuga, babarrunak eta abar landuz. Gaurkoan Alfredo Zaldibar Ikasbidea ikastetxeko irakaslearen erantzunak ditugu hementxe bilduak. Zertan datza PIEE proiektua? Zer dela eta sortu zen PIEE taldea ikastetxe honetan? Ikasketetan arazoak izaten dituzten ikasleei aukera bat emateko modu bat da. Proiektu hau ikasle batzuei laguntzeko sortu zen. Zein ikasturtean sortu zen ikastetxe honetan? Zenbat ikasleekin? Aurreneko ikasturtea 2006/07 izan zen eta bederatzi ikasle izan ziren lehendabiziko talde hartako ikasleak. Zein ikasle mota daude PIEE taldean? Jarrera ona, ikasteko gogoa baina ikasketetan arazoak dituztenak dira, besteak beste, PIEE taldekoak diren ikasleak. Normalean, hamabost urteko ikasleak dira nahiz eta baten batek hamalau izan. Bide normaletik ikasketekin jarraitzeko arazoak dituztenak pasarazten ditugu PIEE taldera. Ikasteko gogoa nabaritu behar zaie. Zergatik hasi zinen zu PIEE taldean lan egiten? Ikusten nuelako ikasle batzuk hainbeste aldiz errepikatu eta gero, arazo asko zituztela eta nire ustez titulua lortzeko gai ziren laguntza txiki bat emanez gero. PIEEn lan egiteak prestaketa berezirik eskatzen al du? Ez, ez da beharrezkoa prestaketa berezirik. Irakasleen nahia edo gogoa boluntarioki lan hau hartzeko, hori da behar den guzti–guztia. Aipa iezaguzu PIEEn lan egitearen alde on eta txar bana. Alde ona hauxe da: ikasle batzuei PIEE taldetik pasatu eta gero ikasteko gogoa sortzen zaie eta ikasle bezala errekuperatu egiten dira. Alde txarra, zera da, talde espeziala dela nahiz eta ikasle arruntak izan eta beste talde askok baztertu egiten dituzte talde hauetako ikasleak. Horren ondorioz, ikasle batzuk zapuztu egiten dira, hasieran pentsatzen zutena lortzen ez dutelako. Etorkizunari begiratuz, ba al daukazu PIEEn lanean jarraitzeko asmorik? Baldintza berberetan jarraituta lanean jarraituko nuke. Hurrengo urterako arauak aldatu nahi dituzte, PIEEn jarrera txarreko ikasleak sartu nahi dituzte eta baldintza horiekin ez dut uste jarraituko dudanik, baina orain dagoen bezala jarraituz gero, bai. Eta bide batez, ba al dakizu zer edo zer PIEEn aritutako ikasleei buruz? Hemendik pasatutako ikasleei buruz... Bederatzitik bi EPA gaztera joan ziren, beste sei ikasle dibertsifikaziora eta beste bat hirugarren mailara joan zen dibertsifikazioan sartzeko gazteegia zelako. Batzuek diotenez horrelako lanetan aritzeak badakar bere baitan irakaslearen maila trabatzea eta auto–estimua galtzea. Nabaritu al duzu horrelako sentsaziorik? Ez, taldeak aldatu ahala, pertsonak, jarrerak, tenperamentuak...aldatzen dira. Ez dute zer ikusirik PIEE sortu zen lehenengo urteko ikasleek aurten daudenekin. Guztiz desberdinak dira eta baita taldeak ere. Zein bide irekitzen zaizkie ikasleei PIEE ikasketak amaitutakoan? Dibertsifikazio taldeak dira lehengo aukera, bigarrena EPA gaztearena eta hirugarrenak, lanbide hastapenak edo lan mundura ateratzea. Zure ustez zergatik zaio komenigarria ikastetxe honi PIEE taldea izatea? Urtero arazoak dituzten ikasleak daudelako eta nire iritziz gure lana eta betebeharra delako ikasteko beste aukera bat ematea. Ikasle horiek ikasteko gogoa berreskuratzen dutela ikustea oso polita da. Alfredo Zaldibar Alfredo Duranako Ikasbidea ikastetxeko irakaslea da. Elkarrizketa unean, hau da, 2007/2008 ikasturtean zehar, PIEE gelako arduraduna zen. Arazoren bat edo beste duten gazteekin lan egin nahiak bultzatu zuen hortara eta pozik dago, laguntza txiki bat behar dutenei aukera ematen zaielako aurrera egiteko.