460 Zenbakia 2008-11-07 / 2008-11-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Suhiltzaile jaio ala bihurtu?

MAULEÓN, Aitor PÉREZ, Aitor

Duranako Ikasbidea Ikastetxea (DIB 4 taldeko ikasleak)



Gutxitan izaten dugu beraien beharra eta batzuek ez dituzte behar izaten euren bizitza osoan –eta hobe halaxe bada. Halere, behar baldin baditugu, besteei baino profesionaltasun handiagoa eskatzen diegu kolokan dagoena geure bizia delako; eta hori ez da txantxetako kontua. Argazkia: A. Salgado.

Dagoeneko suhiltzaile ezagutu zaitugu, baina jakin nahi dugu noiz sortu zitzaizun lanbide hori hautatzeko gogoa?

Nire aitaren laguna suhiltzailea zen, eta esan zidan lan ona zela. Probatu nuen eta esan beharra daukat oso gustura nagoela. Nire asmoak soberan bete ditut.

Suhiltzaile izateko proba oso gogorrak pasatu behar izaten dira, ez bakarrik fisikoak, baita psikologikoak ere. Nola prestatu zenituen proba horiek?

Kirola egiten nuen egunero, beno oraindik ere kirol asko egiten dut. Gainera, proba guztiak lehenengo aldian gainditu nituen, gogor saiatu nintzelako.

Suhiltzaileek (Gasteizkoek, gutxienez) ez daukate lan ordutegi finkorik. Batzuetan goizez lan egiten duzue, baina bestetan arratsaldez edo gauez. Zaila da bizitza normala aurrera eramatea ordutegi horrekin?

Gogorra da bai, batez ere lana familiarekin bateratu behar dudanean, baina opor dezente dauzkat. Familiak ondo ikusten du ni suhiltzailea izatea, baina asko arduratzen da nitaz.

Badakigu suhiltzaile izatea ez dela telebistan ikusten den bezalakoa. Zein motatako lanak egiten dituzu?

Egia esan, denetik egin izan dugu: suteak itzali, pertsonak erreskatatu, pantanoetan itotzen diren pertsonak atera...

Eta lan arriskutsuak egingo zenituen. Zein izan da egin duzun arriskutsuena?

Egiten ditugun lan guztiek beren arriskua daukate. Orain ez dut gogoratzen, baina oso larri ikusi dut neure burua sute arriskutsuetan, eta beldurra pasatu dut.

Askotan suhiltzaileek bere lana ondo egin arren ezin izan dituzue pertsona guztiak salbatu. Bizi izan duzu horrelako egoerarik? Nola sentitzen zara?

Ez, momentuz ez dut bizi izan horrelako egoerarik eta espero dut inoiz ez bizitzea. Norbaitek asko maite duen pertsona bat galtzen duenean, oso zaila da laguntzea, esaten diozun guztiarekin ezingo baituzu lortu pertsona hori berriro bizitzara bueltatzea.

Betidanik esan da suhiltzaileek soldata ona daukatela, baina lanaren arriskua kontuan izanik, zein da zure iritzia horren gainean?

Gaizki ordainduta dagoela esaten badizut, gezurretan ibiliko nintzateke, baina zuek ez dakizuena da edozein segundutan galdu dezakedala bizitza. Adibidez, beste edozeinek bere lana gaizki egitean nagusiak gehienez kaleratu egingo du.

Badago Mugarik Gabeko Suhiltzaileak deituriko taldea. Zein iritzi daukazu horri buruz?

Nire ustez oso lan ona egiten dute eta nire gustukoa da, baina nik neure familia daukat eta etxera dirurik eramango ez banu, ezingo ginateke bizi. Gainera, oso gustura nago suhiltzaile talde honetan ezagunak baikara denok.

Noiz arte izan zaitezke suhiltzaile forma onean?

Oso zaila da jakitea, baina zuk zure gorputza gaizki ikusten duzunean, momento horretan bertan pentsatu beharko zenuke ia oraindik jendea lagundu dezakezun. Hala ere, medikuak ere badaude zure lana betetzeko txarto noiz zauden esateko.