461 Zenbakia 2008-11-14 / 2008-11-21
Hendaiako euskal kulturan barneratuta dagoen elkartea da Akelarre. Orain hogeita hamar urte sortu zen eta bere baitan dantza taldea eta txaranga bat edukitzeaz gain, urtean zehar ekimen askoren sustatzailea dugu. Horietariko bat da txotxongilo festibala eta aurten, 19. ediziora iritsi dira.
Hitzordua Variétés Antzokian izango da, azaroaren hirugarren astean betiko legez; hala, hilaren 15etik 22ra burutuko dute ekimena Txotxongilo Egunak izenburupean. Egun horietan eskainiko diren obrek komunean hainbat gauza izango dituzte; hain zuzen, Akelarre elkarteak urtero ardatz hartzen ditu zenbait aspektu egitaraua osatzerako orduan.
Eta festibalaren oinarrietariko bat da, emanaldi denak euskara hutsean izango direla. Gainera, adin guztiei zuzendutako ikuskizunekin gozatzeko parada edukiko dute festibalak irauten duen astean zehar Hendaiara bertaratzen direnek. Baina ekintzaren asmo nagusiena gazteengana iristea da; euskara eta kultura iritsi araztea dute Akelarreko lagunek xedea. Antzezkizuna Ginol taldeak emanaldia eskainiko du beste askoren artean. Gazteengana, ikastetxeetatik
Lapurdiko elkarteak modu egoki bat aurkitu du gazteengana iristeko. Hala, Txotxongilo Egunak jaialdiaren asmoak betetzeko modu hoberena ikastetxeekin elkarlana bultzatzea dela iritzi diote. Ondorioz, ikasleentzako espresuki emanaldiak antolatzeko ideia izan dute.
Hiru ikuskizun taularatuko dituzte, eta gutxi gorabehera mila ikasle ikusle bihurtuko dira. Toni La Sal: Birusak erasoan!, Lagunekin baratzean edota Edabe Majikoa ikuskizunak 3 eta 10 urte bitarteko gaztetxoentzako prestatuta daude; Antzezkizuna Ginol eta Bihar taldeen lanak dira, hurrenez hurren.
Baina helduagoek ere jar dezakete beren irudimena martxan jaialdian zehar. Ino, Ino, Ino... Badator Bonbardino, Zergatik bizi da basoan Txanogorritxoren amona edota Ikustezinak izango dituzte aukeran. Kalean ere emanaldiak
Xarmaz betetako ikuskizunekin gozatzeko, bost euro ordaindu beharko dute Hendaiako Variétés Antzokiraino doazenek. Antolatzaileek, baina, aurten Antzokitik zenbait lan aterako dituzte eta Gazteluzahar frontoian edota Kaneta Portuan funtzio ezberdinekin gozatzeko aukera egongo da.
Azaroaren 15etik 22ra antzezpena modu berezian bizitzeko gogoz daudenen elkargune bihurtuko da Hendaia. Gazte zein horren gazte ez direnentzako hitzordua, abentura, zirrara zein misterioekin gozatzeko unea.
Txotxongilo Egunak jaialdiko egitaraua ikusteko, sakatu hemen.